http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Neure zarrenda alua

Ruben Bladesen Gasteizko agurra betirako ariman grabatua geratuko zait./Javier Mingueza
Ruben Bladesen Gasteizko agurra betirako ariman grabatua geratuko zait. / Javier Mingueza
ROBERTO MOSO

Agur 2017. Auskalo zeintzuk izango diren etorkizunean historiarako utziko dituzun gertaerak. Gaurko egunetik ikusita, oroimenean geratu zaizkidanak ez dira, oro har, zure omenez topa egiteko modukoak.

Bi mila eta hamazazpigarrena, katalanak 'euskaldundu' eta euskaldunak 'katalandu' diren urtea izan omen da. Ikusitakoak ikusita, orain guk 'seny'renak ematen dugu, haiek kartzela, erbeste eta intsumisioarenak bihurtu diren neurrian. Joan den urtean, era berean, nolabait, antzinako blokeen itzulera ezagutu dugu. Errusia eta Estatu Batuak berriro mundua kontrolatzeko eta ustiatzeko lehian, baina orain aitzakia ideologikorik gabe eta txinatar konpetentzia jokoan sartuz. Bitartean Europa lausotu egin zaigu etengabe, gure batasun ahula mehatxaturik dago nonahi.

Ohikoa bihurtu denez, joan den urtea ziztu bizian pasatu zait, eta ohikoa bihurtu da baita ere, zerrenda, laburpen eta balorazio asko egitea azken aste hauetan.

Abenduko lehenengo asteetatik hasi dira egiten zerrendak oraingoan. Diskoak, pelikulak, liburuak... gehiegitan kutsu susmagarria darien zerrendak, Gabonetako opariei begira osatzen direnak.

Bakoitzak bere faboritoen zerrenda dauka eta argitaratu direnen arabera, argi dago, dastatu ez dudan mirari ugari ere badagoela, baina tira, estalgabetzen ditudan (edo ez) bitartean, hona hemen nire liluren lista alua. Ez du inolako ofizialtasunik, baina tira, gutxienez, aldez aurretik aitortzen dut.

Nire urteko soinu bandan, izan dira, besteak beste, Audience, El Reno Renardo, Izaro, Mateo Kingman, Bomba Estereo, La Yegros eta Eilen Jewell euren azkenengo produktuekin, nahiz antzinako harribitxiak ezagutzeko aukera izan dudan ere. Ariman betirako grabatua geratu zaizkidan kontzertuen artean hauexek aipatuko nituzke: Ruben Bladesen Gasteizko agurra -hunkigarria benetan- Argentinako La Yegros taldeak Bilbon eskaini zuen ikuskizun aparta eta Eilen Jewellek hiri bereko Kafe Antzokian eman zuena. Beharbada alabarekin batera disfrutatu nuelako edo, 'Bon Scott Tribute Band'arena aipatuko dut halaber, nahiz eta norbaiti amorrua eragin.

Zinemari dagokionez, ikusi ditudan azkeneko hirurak gomendatuko nituzke: Martin Hodararen 'Nieve Negra' -Ricardo Darínek egingo al du noizbait pelikula txarren bat?- Isabel Coixeten 'La Libreria', eta, Alex de La Iglesiaren 'Perfectos Desconocidos' aspaldiko partez harrapatu ninduena. Oasis taldeari egindako 'Supersonic' biopika eta Rolling Stonesi egindako 'Crossfire Hurricane' ere oso gustura ikusi ditut.

Nire urteko liburua, dudarik ez Viv Valentinen 'Ropa, Música, Chicos' izan da eta aipatzekoak era berean Euskadi saria merezi baino lehen irakurri nituen hauek: Arantxa Urretabizkaiaren 'Bidean Ikasia' eta Fernando Aranbururen 'Patria'. Joandako urtea Pedro Juan Gutierrez kubatarraren urtea izan da niretzat. Literatura gordina benetan. Aspaldian zor diot merezitako zutabe bat.

Telebistari so egotea galtzen ari naizen ohitura bada ere, teleberriez gain 'El Intermedio', 'Salvados' eta 'Ur Handitan' gogokoen artean jarriko nituzke eta telesailen artean Britainia Handiko 'Black Mirror' izenekoak arnasa izoztu dit sarritan bere distopia kezkagarriez. Gustura ikusi ditut 'Suburra' eta 'The Good Wife' ere.

Niretzat antzerki gutxiko urtea izan bada ere, Ernesto Caballeroren 'La Autora de las Meninas' lanarekin ez nuen arretarik galdu, minutu batean ere.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos