http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

18 nekazari gazte gehiago lehen sektorean,aldundiaren laguntzari esker

SERGIO EGUÍA

Arabako Foru Aldundiak ebatzi ditu dagoeneko nekazari gazteei enpresak sortzeko ematen zaizkien dirulaguntzak; laguntza lerro horrek 18 eta 41 urte arteko 18 pertsonari ekarriko die onura, zeinak foru erakundearen eskutik hasiko baitira lehen aldiz sektore horretan.

Dirulaguntzarekin, guztira, 660.000 euro banatuko dira, eta era bateko eta besteko inbertsioetarako baliatuko dira, gehienak makineria erosteko. 18 gazte sartu izana garrantzi handiko zifra da. Ez da iritsi iaz lehen sektorean txertatu ziren 43 lagunen zifrara, baina soberan gainditu da 2004an laguntza lerro hori sortu zenetik hona kanpaina bakoitzean lortu den 10 laguneko batez bestekoa.

Dirulaguntzen xedea da gazteei laguntzea lehen sektorean sartzera ausartu daitezen, eta, hala, belaunaldien arteko ordezkatzea gerta dadin, zaila izaten baita maiz. Baina, ez hori bakarrik: neurriaren xedea da, orobat, ordezkatze hori kualifikazio profesionala duten gazteek egin dezaten, lagunduz sortzen diren enpresa horien bidez etekin ekonomiko egokiak lortzen. Hala, bada, dirulaguntza horietarako deialdia ebatzi ondoren, Arabak hainbat gazte izango ditu lehen aldiz hasiko direnak mahastizaintza eta ardogintzaren sektorean, esnetarako behi eta ardi azienden sektorean edo haragitarako behi azienden sektorean. Gainera, lurraldearen zati handiak du ordezkaritza laguntza horretan: 2 espediente ditu Añanako Kuadrillak, 5 Arabako Errioxakoak, 3 Zuiakoak, 5 Arabako Lautadakoak eta 3 Gasteizko Kuadrillak.

18 nekazari gazteek batez beste 35.000 euroko zenbatekoa jasoko dute, ia milioi bat euroko inbertsioa egingo dutela ziurtatu ondoren. Gogorarazi beharra dago sektore horretako kostuak benetan handiak direla, baina badaude erak neurriz kanpoko inbertsioak saihesteko eta inbertsio horiek askotariko ekoizpen ereduetara bideratzeko. Gainera, puntuazio berezia ematen zaie ekoizpen ekologikoari, estentsiboari, integratuari, ustiategian eraldatzekoa den nekazaritza ekoizpenari eta xedetzat zirkuitu laburretan merkaturatzea duenari.

Fotos

Vídeos