http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Nazionalismoa eta abertzaletasuna

Aritz Gorrotxategi
ARITZ GORROTXATEGI

George Orwellek Nazionalismoari eta abertzaletasunari buruzko artikulu mamitsu bat idatzi zuen 'Psychology & Aesthetics' aldizkariko lehen alean, 1945ean. '1984' eleberriaren egileak bereizketa bat egiten zuen nazionalismoaren eta abertzaletasunaren artean, eta ia aurkaritzat jotzen zituen. Nazionalismoak zomorro gisa sailkatzen omen ditu gizakiak, etiketak jartzen dizkie, on-txar, egoki-desegoki eta antzekoak. Nazio eta entitate bakar batekin identifikatzen da, eta nazio edo entitate hori ongiaren eta gaizkiaren gainetik jartzen du, helburu bakar bat gogoan: haren interesak beste ezeren gainetik mesedetzea. Aitzitik, abertzaletasuna leku edo bizimodu jakin batekiko debozioa da, nork berea munduko onena duena, baina abertzaleak ez du hori beste inori ezartzeko asmorik. Maite du bere sorterria, bere jaioterriko bizimodua, baina hor amaitzen da dena. Abertzaletasuna defentsiboa da izaeraz, bai militarki bai kulturalki. Nazionalismoa, ordea, banaezina da botere irrikatik. Botere eta ospe gehiago lortzea da nazionalista ororen xede etengabea. Ez bere buruarentzat, bere banakotasuna diluitzeko aukeratu duen nazio edo entitate horrentzat baizik.

Orwellek nazionalismoaren barruan (zentzu zabalean) sartzen ditu komunismoa, katolizismo politikoa, sionismoa, antisemitismoa, troskismoa, bakezaletasuna eta beste zenbait korronte eta erakunde. Nazionalismoak, bestalde, ez dakar derrigorrez gobernu edo Estatu batekiko leialtasunik; halaber, ez da beharrezkoa entitate hori benetan existitzea (langileria, arraza zuria…). Hizpidea literaturara ekarriz, Orwellek atal berezi bat eskaintzen dio Chesterton idazleari, bere azken urteetan eliza katolikoaren nagusitasuna aldarrikatzeari buru eta bihotz eman baitzitzaion. Orwellen ustez, Chesterton talentu handiko idazlea zen, baina bere sentikortasuna eta zintzotasun intelektuala alde batera utzi zuen propaganda katolikoaren mesedean, eta horren emaitza literatur lan kaskar eta errepikakorrak izan ziren. Katolikoak protestanteen zein paganoen gainetik zeudela frogatu nahi zuen Chestertonek. Ildo horri jarraiki, Orwellek uste du epai politikoek usteldu egiten dituztela epai estetikoak, batez ere literarioak. Esate baterako, indiar nazionalista batek nekez gozatu ahalko du Kiplingekin. Eta kontserbadore batek ez dio inolako meriturik onartuko Maiakovskiri. Orduko adibideak dira, baina esfortzu handirik gabe irudika ditzakegu gaur egungoak.

Izan ere, «nazionalistak prestigio lehiakorra baino ez du buruan, eta haren pentsamenduan beti dabiltza biraka garaipenak eta porrotak, garaitzak eta umiliazioak». Britainiarraren ustez, nazionalismoa izan daiteke positiboa edo negatiboa, bere kemen guztia erabil dezake laudorioan edo laidoan. Bide batez, nazionalista guztiak gai dira antzeko egitateen parekotasunaren aurrean ezikusiarena egiteko. 'Tory' ingeles batek, diosku Orwellek, autodeterminazioa defendatuko du Europan, baina ukatu egingo du Indiaren kasuan. Nazionalistak ez ditu bere bandoak egindako ankerkeriak salatzen; are gehiago, gaitasun ikaragarria du haietaz ezer ez entzuteko. Hitlerrek Ingalaterran zituen miresleek Dachau eta Buchenwald-i buruz ezer ez jakiteko modua bilatu zuten. Horrelako makina bat adibide daukagu gaur egun ere.

Orwellek, ordea, erronka bat botatzen du artikuluaren amaieran: aska al gaitezke geure izaeran txertatuta dauden maitasun eta gorroto horiez? Aska al gaitezke barruan daramagun arrazakeriaz, nagusitasun sentsazioaz, xenofobiaz, matxismoaz, klasismoaz? Gogoeta hutsaren bidez zaila da sentimendu horiek kolpez ezabatzea, baina horrelakoak dauzkagula onartzea ez da pauso makala. Premia emozionalak saihetsezinak dira, baita beharrezkoak ere ekintza politikorako. Baina gai izan behar dugu errealitatea eta geure burua onartzeko. Horrek esfortzu moral handia eskatzen du, eta Orwellen ustez, bere garaiko Ingalaterrako literaturak garbi erakusten zuen gutxi zirela eginbehar horretarako prest zeudenak. Gaur egun gurera ekar daitekeen kezka ere bada.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos