http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Natxo Mendoza gasteiztarrak etxean defendatuko du Espainiako txapeldunaren titulua

Natxo Mendoza gasteiztarrak etxean defendatuko du Espainiako txapeldunaren titulua

Pisu superarinaren gerrikoa jokoan jarriko du larunbatean, Iradier Arenan ospatuko den borrokaldian

SERGIO EGUÍA

Datorren larunbatean Natxo Mendozak Espainiako Boxeo Federazioak izendatutako hautagai ofizialaren kontra jokatuko du titulua. Bere mintzaldiaren hasieran, txapeldunak eskerrak eman dizkie Udalari, zinegotzi andreari eta hiriko boxeozaleei. «Oso pozik nago tituluaren alde etxean borrokatu ahal izateagatik», esan du Mendozak. «Aztertu dugunaren arabera, Suárez boxealari ona da, erasokorra, eta kolpeak ongi jasaten ditu. Beti bezala, aurretik joaten saiatuko naiz, baina hautagaiak nola jokatzen duen ikusita, horretara moldatzeko alternatibak ditugula esan dezakegu», adierazi du kolonbiar jatorriko boxeolari gasteiztarrak.

Kirolen arduradun Estíbaliz Cantok azpimarratu du oso pozik dagoela Iradier Arena «boxeo ekitaldi handi baten agertokia izateaz, Natxok ez ezik, kirolari gasteiztar askok hartuko baitute parte. Eta, jakina, harro egoteko modukoa da Natxok Gasteizen defendatu ahal izatea bere titulua»·

José Luis Celayak, duela bi hamarkadatik gora Mendozaren entrenatzaile eta manager denak, esan duenez, «Natxok Gasteizen garatu du ia bere boxeolari karrera profesional osoa. Zalantzarik gabe, aktiboan daudenen artean, bere bitrinan titulu gehien duen Arabako eta Euskadiko boxeolaria da eta, beraz, aktiboan dauden kirolari arabarren arteko garrantzitsuetako bat».

«Nazioarteko zortzi titulutan lehiatu da. Lau antolakunde handien tituluak: WBC, WBA, WBO eta IBF. Eta bitan izan da munduko txapelketan lehiatzeko zorian. Munduko bi txapeldunekin borrokatu da, munduko txapeldun izateko bi hautagairekin, eta Europako txapeldun batekin. Eta lau pisu ezberdinetan ibili da: superluma, arina, superarina eta welterra», erantsi du Celayak. Natxok hainbat lekutan egindako ekitaldietan zabaldu du Gasteizen izena: Ingalaterra, Algeria, Frantzia, Italia, Errusia, Kanada eta Ukraina.

«Larunbatean bosgarrenez jokatuko du pisu superarinaren Espainiako Txapelketa, eta bigarrenez defendatuko du. Titulua etxean, Gasteizen, jokatzen duen lehen aldia izango da. Horrek poz eta motibazio handia ematen digu denoi”, adierazi du teknikariak.

Larunbateko ekitaldian 12 borrokaldi antolatu dira Iradier Arenan: boxeo profesionaleko bi, MMAko bat, Grapplingeko bat, K-1eko bat eta boxeo olinpikoko sei. Gasteizen bizi diren hamar kirolari igoko dira ringera, horien artean, emakume boxeolari bat, eta 75 kiloko junior kategoriako Espainiako txapeldun berria, Kevin Saavedra. Borrokaldi izarra Natxo Mendoza eta Fran Suárezen artekoa izango da, Espainiako txapela jokoan dutela. Bitxikeria gisa aipa daiteke boxeolari olinpikoen artean Natxoren anaia gaztea egongo dela, Fran Mendoza.

Sarrerak aldez aurretik eros daitezke, 18 eurotik hasita, leku hauetan: Gasteizen, Gasteiz Sport gimnasioan, Circular kafetegian eta Iris lore-dendan; Haron, La Vega gimnasioan, eta Mirandan, Boxing Clubean. Orobat eskura daitezke www.thebox3r.com web-orrian.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos