http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

50 musika-tresna inguruk bidaiatuko dute Gasteiztik Siriara

50 musika-tresna inguruk bidaiatuko dute Gasteiztik Siriara

Proiektua Gasteizen jaio zen, eta harekin bat egin dute Bilbo, Donostia eta Iruñeko eskolek zein Musika Eskolen Elkarteak

SERGIO EGUÍA

Aurkeztu dira Udal Musika Eskolak sortutako Instrumentuen Bankuaren emaitzak, zeina duela urtebete Mugarik gabeko Musikariak elkartearekin sinatutako hitzarmenaren ondorioa baita. Eskolako lehendakari Estíbaliz Canto zinegotzia, Mugarik gabeko Musikariak elkartearen lehendakari Jesús María Alegría, eta siriar jatorriko Gani Mirzo musikari kurdua izan dira prentsaurrekoan; azken hori arduratuko da materiala helmugan entregratzeaz eta erabileraren jarraipena egiteaz.

Udal Musika Eskolak orotara 45 instrumentu bildu ditu zuzenean, horietako asko tamaina handikoak, eta beste hiri batzuetatik bidalitakoak ere jaso ditu, Valentziatik esaterako. Horiei gehituko zaizkie ekimenaren berri izan ondoren harekin bat egin duten beste batzuek bildutakoak ere: Bilbo, Donostia eta Iruñeko eskolak, eta Musika Eskolen Elkartea (Bermeo, Erandio, Udaberria, Santurtzi, Ermua, Berriatua, Tobera, Zarautz, Galdakao, Lekeitio).

“Herritarrok askotan pentsatzen dugu arlo lokaletik ezin dela nazioarteko elkartasunerako tresnarik baliatu —hala ere, Lankidetzarako Zerbitzuak jartzen ditu—, baina arrakasta lortuko bazuen gasteiztarrak inplikatzea eskatzen zuen ekimen honen bidez argi erakutsi dugu arlo lokaletik ere zuzenean egin daitekeela lan elkartasunaren alde eta bizikidetza arazoak dituzten gizarteen garapenaren alde, horri esker musika munduko txoko guztietara iritsi ahalko baita”, nabarmendu du Estíbaliz Cantok; haren hitzetan, “arrakastak gure aurreikuspenak gainditu ditu”.

Dohaintzan emandako instrumentu guztiak Siriako musika eskoletara bidaliko dira zuzenean; herrialdea gatazka zibil betean bizi da, eta horiei esker ” musikak ordeztuko du balen soinua“, Jesús María Alegría azpimarratu duenez.

Gani Mirzo musikariak aipatu duenez, ideia “errefuxiatu-eremu batera eta ondoren Siriako kurduen herri bateko musika-eskola batera egindako bidaia batean sortu zen, bertan ikusi ahal izan baikenuen gerrak eragindako aurpegi tristeak aldatu egiten zirela eskolako atetik sartzean. Izan ere, ordu batzuez lehergailuen soinua, bizipenak eta irudiak ahantzaraztea lortzen du musikak, eta horren bidez umeek, gerraren faktura handiena ordaindu behar dutenek, barrena arindu dezakete nolabait.”

Canto harro agertu da Gasteiztik kanpora ere zabaldu den proiektua garatzeagatik: “45 musika-tresna baino askoz gehiago dira: musika arimaren adierazpena da, poza, tristezia eta sentipenak adierazten laguntzen baitigu, entzuten ari denaren arimarekin ere konektatzen duen aparteko lengoaia batean; orain, instrumentu horiek Siriako umeen bidaide bihurtuko dira, zeinek zailtasunak baitituzte musika hezkuntza jasotzeko, eta are handiagoak tresna bat erosteko. Poz horregatik merezi du emaileontzat instrumentuari uko egiteak izan dezakeen zailtasuna”. Amaitzeko iragarri du proiektuak “datorren urtean jarraipena izango” duela, “zalantzarik gabe”.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos