http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Musika klasikoak didaktikoa izan behar du»

Donostiako Orfeoia./
Donostiako Orfeoia.

Bihar Donostiako Orfeoia eta Gerardo Rifon organista elkarrekin entzuteko aukera izango da Andra Mariaren basilikan Durangoko Musika Hamabostaldiaren baitan

VIRGINIA ENEBRAL

Bat baino gehiago aspertu egingo da musika klasikoa entzuterakoan. Beste askori latza egingo zaie. «Oso didaktikoa izan behar du», onartu du Alfredo Sanz, Durangoko Musika Hamabostaldiaren arduradunak. Errealitate hau aldatzeko asmoz, hain zuzen ere, sortu zen jaialdia orain dela ia hiru hamarkada. 28 edizioren ostean, hasierako filosofia mantentzen da. «Orduan ez zegoen goi mailako musika klasikoa entzuteko hainbeste aukerarik: kontserbatorio gutxi zeuden, Euskalduna oraindik ez zen existitzen... Udalak Donostian egiten den antzeko festibala ekartzea erabaki zuen».

Atzerriko artistak entzuteko ez ezik, «hemengo musikalariek etxean jo ahal izateko ere» asmatu zela azpimarratzen du Bartolome Ertzilla Kontserbatorio eta Musika Eskolako zuzendaria ere denak. «Hemengoak ezagunak ere badira. Bihar, esaterako, nazioartean ospetsua den Donostiako Orfeoia etorriko da, eta aurreko urteetan aintzinako musikan aditua den Enrike Solinis ere egon zen, baita Europan zehar opera abesten duen Vanesa Goikoetxea ere», gogorarazi du. «Lehen Atxukarro eta Félix Ayo baino ez zeuden, baina orain euskaldun asko ibiltzen dira munduan zehar».

Ana Maria Valderrama biolinista.
Ana Maria Valderrama biolinista.

Gazteak erakartzea zaila dela onartzen du Sanzek. «Bilboko Orkestrako emanaldi bat ikusten badugu gehienak adinekoak direla ohartuko gara, baina erakargarria izatea lortu behar dugu». Erronka horri eustea da helburu nagusienetariko bat. Ondorioz, edizio bakoitzeko egitaraua betetzerakoan «zein izango den pedagogikoena kontuan hartzen dugu». Iaz Ana Maria Valderrama biolinistak bisitatu zuen Durango. «Oso gaztea izan arren, Sarasate lehiaketa irabazi zuen. Gainera, abesti garaikideak jotzen ditu. Osagai hauekin ez da harritzekoa kontzertu arrakastatsua izatea». Hala eta guztiz ere, Hamabostaldiko arduradunak artisten aurkezpena eta testuingurua ezinbestekoa dela errepikatzen du behin eta berriz. «Ara Malikian —aurreko asteartean jaialdiari hasiera eman zion 'Biolinaren historia izugarria' azkenengo proiektuarekin— erabat ezaguna da, baina beste guztiak azaldu egin behar dira».

Eskaintza anitza

Donostiako Orfeoiarekin batera Gerardo Rifon organista egongo da bihar Andra Mariaren basilikan 19.00tik aurrera. Azkenik, hirugarren eta azken emanaldia azaroaren 12an izango da, ordu berean baina San Frantzisko elizan. 'Ecos de OIz' izenburuko saioak kontzertu-hitzaldi formatua izango du eta 'Erromantizismo eta Nazionalismo musikala Durangon' izango da gaia. Bertan Nerea Aizpurua biolontxelo jotzaile durangarrak bere ikerketa lana aurkeztuko du. Hizlaria bere herrikidea den Ander Berrojalbiz biolinista izango da.

Sanzek gonbidapena luzatzen die oraindik hurbiltzeko zalantzak dituztenei. «Musika klasikoa zabala da, proposamen, estilo eta formazio ugari daude. Emanaldi edo artista egokia aukeratzen bada, mundu guztiari gustatzen zaio. Ezin da lehenengo saioan Mahler sinfonia entzutera joan, baina Carmen opera ikusten baduzu harritu egingo zaitu. Halere, zale bihurtzeko prozesu bat behar da».

Temas

Durango

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos