http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Musika Eskolak eta Mugarik gabeko Musikariek Gasteizko instrumentuen bankua sortu dute

Abenduaren 1era arte eman ahalko dira musika-tresnak dohaintzan, Eskolaren egoitzan, Jesus Guridi kontserbatorioan eta Folklore Akademian

I.AGOTE

Duela urtebete, Udal Musika Eskolak hitzarmena sinatu zuen Mugarik gabeko Musikariak elkartearekin, eta eskola garapen-bidean dauden herrialdeetan proiektu humanitarioak egiten dituen lehen musika-eskola bihurtzea aurreikusten zen horretan. Besteak beste, Gasteizen instrumentuen bankua sortzea jasotzen zen hitzarmenean, eta gaur aurkeztu da.

Hain zuzen ere, Eskolako lehendakari Estíbaliz Canto zinegotziak eta Mugarik gabeko Musikariak elkartearen lehendakari Jesús María Alegríak aurkeztu dute.

Cantok azaldu duenez, “instrumentuen bakuaren bitartez, musika munduko txoko guztietara iritsi ahalko da, eta garatze bidean dauden herrialdeetako baliabide eskaseko umeak integratzeko tresna bihurtuko da“.

Azaroaren 2tik (osteguna) abenduaren 1era arte eman ahalko dira tresnak. Lehen edizio honetan biltzen den materiala musika ikasteko erabiliko da, Siriako musika eskoletan emandako irakaskuntzaren bidez. Baliabide gutxi duten pertsonak arteetan heztea da helburua, hartara gerraren izugarrikeriak ahaztu ditzaten.

Orkestra sinfonikoa osatzen duten tresnak edo horien osagaiak (arkuak, kokotsari eustekoak, hariak, etab.) eman ahalko dira dohaintzan. Beste tresna batzuk ere eman daitezke: teklatuak, pianoak, gitarrak eta akordeoiak.

ARGIBIDE GEHIAGO

Aurkezteko lekuak:

-Luis Aranburu Udal Musika Eskola

Hedegile kalea, 108-behea

-Jesus Guridi Musika Kontserbatorioa

Konstituzio plaza, 9

-Udalaren Folklore Akademia

San Antonio kalea, 14 (Musika Etxea)

Zer egin behar da instrumentua emateko?

Ikastegira joan aurretik, instrumentuari buruz ahalik eta informazio gehiena bildu behar da: datu tekniko eta historikoak, konponketak, etab.

– Ikastegian, dohaintza egiteko eta instrumentuaren historia azaltzeko formularioa bete beharko da.

– Posta elektronikoz ere bidali ahalko da formularioa (emmla.direccion@vitoria-gasteiz.org), edo posta arruntez (Luis Aranburu udal musika eskola, Hedegile kalea 108-behea, 01001 Gasteiz).

– Beste aukera bat 945161688 telefono zenbakira deitzea da (astelehenetik ostiralera, 9:30etik 21:15era), hitzordua adosteko.

Instrumentua eskolara bertara (Hedegile kalea, 108-behea) eramaterik ez bada, oso handia delako, nola eman hitzartu ahalko da, emmla.direccion@vitoria-gasteiz.org helbidera idatziz edo 945161688 telefono zenbakira deituz (astelehenetik ostiralera, 9:30etik 21:15era).

Fotos

Vídeos