http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Musika Bizian jaialdiaren IV. edizioak jatorrizko erritmoz beteko du Galdakao

Zamballarana taldeak kontzertu bat eskaini zuen iazko edizioan./Galdakaoko Udala
Zamballarana taldeak kontzertu bat eskaini zuen iazko edizioan. / Galdakaoko Udala

Kontzertuez gain, kale animazioa, luthier azoka txosnak eta adin guztientako publikoarentzat jarduerak egongo dira dohainik ostiral eta larunbatean

IZASKUN MOYANO

Galdakao soinu bitxiz beteko da datorren urriaren 27an eta 28an, Musika Bizian Jaialdiaren (Estaturik gabeko Herrialdeen arteko IV. Musika Jaialdia) laugarren edizioa izango dan honetan. Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak antolatu duen jaialdiak kontzertu bi jasoko ditu ostiralean, urriaren 27an, eta beste hiru larunbatean, 28an, gaueko 21:30etik aurrera, Iturrondo plazan instalatuko den 750 metro karratuko karpa handian. 

Lehenengo aldiz, jaialdiak Ameriketatik datorren talde bat jasoko du kartelean. Yves Lambert Trio Quebec-etik etorriko da, eta Galeseko Calan taldearekin, Sardiniako Fantafok bandagaz eta Euskal Herriko ordezkari garrantzitsu bigaz, Huntza eta Hesian taldeekin, batera joko du. Guztira, hainbat sustraiko folk musika garaikideko bost kontzertu eskainiko dira dohainik.

Yves Lambert Triok zabalduko du jaialdia ostiralean, urriaren 27an, gaueko 21:30ean. Yves Lambert, Quebec-eko musikaren ordezkari nagusi eta La Bottine Souriante kultuzko taldeko kide ohia, Tommy Gauthier eta Olivier Rondeaurekin batera igoko da agertokira, Galdakaoko Iturrondo plaza bere musika estilo paregabearekin betetzeko, birtuosismo eta pasio pertsonala uztartuz.

Ostean euskal folk-rockean errebelazioa izan den taldearen txanda izango da: Huntza. Taldea osatzen duten sei gazteek zuzenean eskainiko dituzte '“Ertzetatik' disko berriko kantak. 'Aldapan gora' abestiaren bideoklipak arrakasta itzela lortu du Interneten.

Larunbatean, urriaren 28an, hiru talde igoko dira agertokira: Fantafolk, Calan y Hesian. Andrea Pisuk eta Vanni Masalak osatzen dute Fantafolk talde musikala. Sardiniako antzinako musikaren ordezkari hoberenak musika-tresna berezi birekin igoko dira agertokira (launeddas eta organetto izenekoak). Inork baino hobeto joten dituzte musika-tresna horiek.

Gero Calan boskotearen Galeseko erritmoak helduko dira. Talde gazte hori Bethan Rhiannon, Patrick Rimes, Angharad Jenkins (bibolina), Alice French eta Sam Humphreysmusikariek osatzen dute. Jaialdiari, bere punk-rock eta hardcore nahasketarekin 11 urte Euskal Herriko musika eszena iraultzen daramatzan Hesian talde nafarrak emango dio amaiera. 

Kale animazioa ere egongo ostiral eta larunbatean. Fanfarrek kalejira egingo dute Galdakaoko kaleetan zehar, 19:30ean Iturrondo Plazan hasi eta toki berean amaituz 21:30etan. Ostiralean, Ardoa Barrura txaranga bilbotarraren musikak alaituko ditu Galdakaoko kaleak, eta zapatuan, 28an, Zapatuan, 28an, NKT (Nafarroa Kanta Taldea) izango da bere musikarekin eta abestiekin herriko kaleak alaituko dituena.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos