http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Murilloren urruntasuna Euskal Herriko barrokoan

Bere bi margolan daude Gasteizko alde zaharrean, Legardako markesen jauregian

Gasteizko San Migel elizaren erretaula nagusia./R.G.
Gasteizko San Migel elizaren erretaula nagusia. / R.G.
AINTZANE ERKIZIA MARTIKORENA

Edozein artelan baloratzeko, bere sorreraren testuingurua hartu behar da kontuan. Alegia, artelan bat non eta noiz egina dagoen jakiteak bere koloreen, konposizio edo gaiaren berri ematen digu. Zentzu honetan, Bartolomé Esteban Murilloren obra aintzat hartzeko, nahitaez Sevillara zuzendu behar dugu begirada, hangoa baitzen eta han egin baitzuen bere karrera. Eta esan behar dugu, euskal arteari dagokionez, garai berean Euskal Herrian lan egin zuten artistengandik urrun dagoela Murillo, gure testuingurua oso ezberdina zelako.

Barroko garaiko Euskal Herrian, arte plastikoek bestelako bidea egin zuten. Hemen, tradizioz, eskultura izan dugu gustukoago pintura baino. XV. eta XVIII. mende arteko ondare artistikoa ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko, erretaulez baitago batik bat osatuta. Garai hartan, Eliza zen artelanak finantzatzen zituen erakundea, beti ere fedea zabaltzeko helburuarekin. Horregatik ditugu hainbeste eliza, dorre eta erretaula.

Horrelako testuinguru batean, euskal pintoreek elizetako erretaula barroko handiak polikromatzeari ekin behar izan zioten, bertako fededunak urrez eta kolore anitzez txunditzeko. Urreztatzaile eta polikromatzaile hauek -horiek baitziren ofizioaren izenak- bigarren mailako pintoretzat zeuden kontsideratuta, baina zuzena da haiek egindako lanen balore artistikoa gaur goraipatzea. Ikusi, bestela, Gasteizko San Migel elizaren erretaula nagusiak dituen distiren eta koloreen ñabardura finak. Konparazio bat egiteko, Irungo Junkal elizaren erretaula handia, edo Hernaniko eta Aguraingo San Juan parrokiakoak egiten ari ziren bitartean, Sevillan Murillo ari zen oihal gaineko pintura gozo, argitsu eta intimista egiten. Guztia da barrokoa, guztia da XVII. mendekoa, baina oso ezberdinak dira.

Hala eta guztiz ere, honek ez du esan nahi Euskal Herrian Murilloren aztarnarik ez dugunik. Izan ere, egon badaude sevillarraren margolan batzuk, baina bilduma pribatuetan egon direnez, ez dute bertako artean ezta artistengan ere eraginik izan.

Barroko inportatua

Izen egoki hau hartzen dute kanpoan egin eta gure eliza edo jauregietara ekarritako artelanek. Barrokoaren garaian, nobleak izan ziren horren eragile. Haien botere eta kategoria soziala goraipatzeko eta bertako eliza, komentu edo jauregiak apaintzeko, zentro artistiko garrantzitsuetan sortutako artelanak erosten zituzten eta gure herrietara ekarri. Horrela iritsi ziren José de Ribera, Juan Carreño de Miranda edo Alonso Cano bezalako lehen mailako pintoreen obrak, eta baita Murillorenak ere. Sevilla, Madril edo Granada bezalako artegune nabarmenetan lan egiten zuten artistak dira, Barrokoaren abangoardia.

Batzuetan pintura edo eskultura horiek elizetan erakusgai zeuden eta bertako artistek ikusteko eta haiengandik ikasteko aukera izaten zuten, baina beste askotan -eta hori izan da Murilloren margolanen kasua-, nobleen jauregietako hormetan zintzilikatzeko ekartzen zituzten, eta familia bakar baten begi gozagarri. Lorenzo de Prestamero edo Jovellanos bezalako XVIII. mendeko bidaiari intelektualen inbentarioetan agertzen dira pintore hauen obrak, eta hor aurkitzen ditugu Murilloren margolanak Euskal Herrian. Zehazki, Gasteizko alde zaharrean, Legardako markesen jauregian dauden bi koadroak.

Bata da Antonio de Salcedo y Hurtado de Mendoza jauna irudikatzen duen pintura ezaguna. Obra honi ‘Ehiztaria’ edo ‘El cazador’ deitu izan zaio, nobleziaren ohiko jardun horretan erretratatua izan zelako. Bi metro baino gehiagoko pintura bat da, eta bertan ageri da Felipe IVaren idazkari eta Santiago Ordenako zalduna jarrera arranditsu harroan, hiru ehiza-txakur inguruan, eta bere aurrean makurtzen ari den zerbitzari bat duela. Murilloren erretraturik handienetariko bat da, eta Salcedo jaunak erakusten duen jokaera duinagatik, espezialistek diote barroko garaiko erretratu nabarmenetariko bat dela.

Aurrekoaren bikote artistiko eta tematikoa da bigarren pintura, María Francisca Coterillo y Ortega anderearen erretratua, Legardako markesa eta Antonio de Salcedoren emaztea. Bera ere ehizara joateko jantzita dago, baina inguru arkitektoniko batean irudikatua. Andre honen erretratua ez da senarrarena bezain ezaguna, baina ez du horregatik balio gutxiago, izan ere, biak baitira margolan esanguratsuak Murilloren produkzioaren barruan.

Bi obra hauek markesen oinordekoen eskuetan egon dira orain dela gutxi arte, eta, maila honetako pintura askorekin gertatzen den bezala, gaur egun bilduma pribatuetan jarraitzen dute, nahiz eta tarteka enkanteetara atera edo erakusketa publikoetan parte hartu. Ziur aski hau da Euskal Herriko barrokoan nabari den Murilloren urruntasunaren arrazoi nagusia.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos