http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Mundu industrializatuari buruzko erritual erritmikoa, Arriagan

Black Marrow-ko dantzariak, Arriaga Antzokian. /
Black Marrow-ko dantzariak, Arriaga Antzokian.

Gaur eta bihar Erna Ómarsdóttir eta Damien Jalet koreografoen piezak sortzen duen zirrara sentituko dute ikusleek

IZASKUN MOYANO

Duela hamar bat urte Erna Ómarsdottir koreografo islandiarrak erakustaldi txikia eskaini zuen Guggenheim Museoaren zabalgune ondoan. Ikusleak aho bete hortz utzi zituen ikuskizunaren ondoren, eta asteburu honetan Arriaga Antzokira hurbilduko da artista, bere herrialdeko dantza konpainia onena den Iceland Dance Company-rekin batera. Eszenatoki gainean lan ikusgarria interpretatuko dute. Izan ere, Damien Jalet koreografo frantziar-belgikarrarekin batera sortutako lana da Black Marrow.

Jatorrizko mugimenduz betetako pieza honek eszenan jartze ederra du, Ben Frosten musika bikain eta erakargarriarekin. Aipatu beharra dago, Jatorrizko Musika Hoberenaren Saria lortu zuela 2015eko Islandiako Arte Eszenikoen Sarietan. Bestalde, dantzarien lana ikusgarria da. Guztiek indarrak agortu arte dantza erritmikoan aritu beharrak duen gorengo exigentzia mailari erantzungo diote.

Gorputzak batera mugitzen dira, fosil, makina edo jainko paganoen itxura hartuz. Era berean, instintuak industrializatu egin eta mundua erretratatzen duen dantza konposizioari forma ematen die. Ikuskizunak, klimaren aldaketarekin, hondamendi ekologikoekin edo gaur egungo bizitzeko modu hedonistarekin lotutako irudi bereziak ditu. Hala eta guztiz ere, edertasun handiko ikuspegi poetikoa eskainiko dute, emaitza bezala oso ikuskizun indartsua lor dezaten.

Sarrerak dagoeneko aise eskura daitezke, 12 eta 40 euroren artean. Hauek, Arriaga Antzokiko webgune ofizialean sartuta, telefonora deituta edota txarteldegian bertan erosteko aukera izango du ikuskizunaz gozatzeko grina duen herritar orok.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos