Borrar

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Galizian aurten gertatua: bikote banandu baten aitak semearen eta alabaren mugikorren edukia aztertu nahi du; alabak (9 urte) aitaren eskaera onartzen du; handixeago den anaiak, ez. Gertatutakoaren berri duenean, amak senar ohia salatzen du: seme-alaben intimitatea plazaratu izana leporatzen dio.

Epaileek ez dute amaren salaketa onartu. Alderantziz, esan dute aitaren jarduna zilegi dela, adin txikikoen telefono mugikorrak arriskutsuak direla eta, beraz, gurasoen zaintza eskatzen dutela, seme-alaben segurtasunaren onetan. Ez dute esan seme-alabei mugikorra nola erabili irakatsi behar zaienik.

Aspaldian ikasi genuen edozerk balio duela besteari kontra egiteko bikote bat banatzen denean, sarritan eskutik gertuen dagoen harria jaurtikitzen zaiola aurkariari eta batzuetan harri itxura duen hori ikatz piztua dela eta agian ez diola aurkariari buruan joko, baina bitartean jaurtikitzailearen eskua erre egingo duela.

Galiziako horretan, ordea, gutxien axola duena bikote bananduaren arazoa da. Mamia mugikorren erabilera da. Gurasoak, bananduak edo elkartuak, txikitan ezagutu ez zuten tramankuluaren erabilera arautu behar dute, ikasi ez zuten zerbait egin behar dute.

Ez dago horren inguruan arau ezagunik eta horregatik jotzen du bakoitzak ezagun zaion eremura. Zorrotzak zorroztasunera, baketsuak lasaitasunera. Aipatu dugun kasuan, aitak kontrolaren alde egin zuen. Amaren kasuan ez dakigu zer egiten duen, ze garrantzi ematen dio seme-alabei mugikorraren arriskuen aurrean hezteari. Zer hobesten dion kontrolari.

Telefono mugikorrak esku guztietara heldu dira, baina ez dugu oraindik ikasi zein den tramankuluaren erabilerarik aproposena. Egin ahala ari gara ikasten baina ez dugu norberak erabakitakoa multzoak erabakitakora egokitzeko denborarik izan. Ez dakigu zer eskatzen duen adeitasunak, zerk jartzen gaituen arriskutan eta zerk egiten dion kalte aldamenean dugunari. Oraindik ere kaosa da nagusi.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios