http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Mugarri bi, emakume idazleen historian

Gure garaian garbi dago euskal emakume idazleek garrantzia nabarmen irabazi dutela

Emakume baten idazten erakusten duen marrazkia./Alfonso Berridi
Emakume baten idazten erakusten duen marrazkia. / Alfonso Berridi
JON KORTAZAR

Euskal Literaturaren historiaz dihardugunok ezinbestekoa izaten dugu aldien banaketa egitea, edozein historiagilek egiten duen moduan, bestalde. Ludmila Jordanova historiagileak adierazi duenez, aldi bat eta bestea marrazteko orduan, baldintza bi hartu behar ditu aintzat beti historiagileak: ikuspegi talaiak (vantage points) lehenetsi eta «markatzaile sinbolikoak» hautatu, gure kasuan, literaturaren historian «giza ekintzen lanen bidez iraganaren irakurketa osatzeko».

Gure garaian garbi dago euskal emakume idazleek garrantzia nabarmen irabazi dutela. Aspaldian da ezagun Elkar argitaletxeak erabili izan duen estrategia. Martxoa bihurtu du emakume idazleen hilabete-plataforma. Martxoan argitaratu ditu emakume idazleen lehen lanak, CAF Idazle berrientzako beka edo Joseba Jaka sorkuntza beka profitatuz. Estrategia hori jarraitu zuten Alberdania eta Erein argitaletxeek ere. Ondoren, Elkarrek ez du hutsik egin.

Nire ustez, baina, ez da lehen aldia azpimarra hau egiten dudana; badira ikuspegi talaia nagusi bi, emakume idazleen historia egiteko orduan. Bata 2014an gertatu zen, nahiz eta urte horri ez zaion aipamen handirik egin, egia baita urte luzeetan euskal literaturaren historia asko (edo nahi bada, batzuk) argitaratu ondoren, ez dagoela merkatuan euskal literaturaren beste historia asko plazaratzeko tokirik. Bestea orain gutxi amaitu dugun 2017koa dugu.

Zer gertatu zen 2014an? Bada kontagintzan, eta baita poesian ere, emakume idazleen lan ugari agertu zirela gure plazan. Uda aurretik (jakin bai baitakigu euskal sorkuntza, liburuen argitalpen urtean, aro bi direla: martxotik ekainera lehena, eta uda ostetik Durangoko Azokarainokoa, bestea) bost emakume idazlek eman zuten beren lana argitara. Martxo inguruan ezagutu genituen: Ana Malagonen (1978) 'Lasai, ez da ezer gertatzen', Danele Sarriugarteren (1989) 'Erraiak', Ana Jakaren (1973) 'Ez zen diruagatik', Garazi Kamioren (1979) 'Orube abandonatuak' eta Alaine Agirreren (1990) 'Odol mamituak'. Guztiak Elkarrek argitaratuak. Uda aurrean, Ereinek argitaratu zuen Irati Goikoetxearen (1984) 'Andraizea'. Sei idazle, eta haien artean, Irati Goikoetxea eta Kamio ziren ezagunak, beste laurak berriak, eta bik arrakasta handia izan zuten. Epe horretan hiru gizonezkok argitaratu zuten.

Uda ondoren, lau idazle ezagunen lanak agertu ziren. Ana Urkizaren (1969) 'Mamuak' (Elkar), Yolanda Arrietaren (1963) 'Argiaren alaba' (autoedizioa, Bizkaiko Diputazioaren laguntzarekin), Ixiar Rozasen (1972) 'Beltzuria' (Pamiela) eta Arantza Urretabizkaiaren (1947) 'Zuri-beltzeko argazkiak' (Pamiela), kronika autobiografikoa. Agian arrakasta ez zen guztiz erabatekoa, baina Yolanda Arrietak Euskadi Saria irabazi zuen (Haur eta Gazte Literatura alorrean). Aldi horretan, sei gizonezko izan ziren bere lan narratiboa argitaratu zutenak. Tartean Atxaga, Peruarena, Elorriaga edo Mendiguren.

2014a joria izan zen emakumezkoen lan narratiboen aldetik. Mugarri bat egiteko beste. Hamar idazlek eman zuten beren sorkuntza ezagutzera. Berriak asko, lan estimagarriak ugari. Eta hala eta guztiz ere, pasatu zen 2014 hura eta ez diogu kasurik egin. Zer gertatu zen Durango heldu zenean? Bada gizonezkoek egindakoa lehenetsi zela eta horiek bete zutela aipatuen eta salduenen tokia.

Bigarren mugarria, 2017 joan berrian jarriko nuke. Agian emakumezkoen lana ez da 2014koa bezain ugaria izan. Baina 2014 hartan ez bezala, zer gertatu da Durangoko Azoka heldu denean? Bada emakumezkoek hartu dutela salmenten eta aipamen kontuetan lehen postua. Hor dira Eider Rodriguezen (1977) 'Bihotz handiegia' ipuin bilduma, Arantxa Iturberen (1964) 'Honetara ezkero' mikronarrazioen antolamendu eskergarria eta Uxue Alberdiren (1984) Jenisjoplin nobela. Hirurak Susan argitaratuak. Horiei gehitu behar zaie Maixa Zugastiren lehen nobela argitara berria: ‘L.A.A.’ Zer gertatu da iaz? Bada haiek direla salduen zerrendetan aipatuenak. Eta horrek ikusgarri bihurtu du idazle hauen lana.

Mugarri bi euskal literaturaren historia: 2014, ugari agertzea; 2017, bermatzea.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos