http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Mintzapraktika ikastaroa Arrigorriagako ikastetxeko gurasoentzat

Ekimenaren xedea gurasoek beldurrari eta lotsari aurre egitea da, eta seme-alabekin hobeto komunikatzeko gaitasuna lortzea

IZASKUN MOYANO

Ikasturte hau aproposa da euskara ikasten asteko. Uda amaitzear dago, eta irailera askotan asmo on ugarirekin heltzen gara. Horien artean, euskal hizkuntza lantzea egon daiteke. Maila mantentzeko, hiztegia handitzeko, jariakortasuna indartzeko... Arrazoiak askotarikoak dira. Izan ere, hasi berri den ikasturtean zehar, seme-alabak laguntzeko beharrezkoa izan daiteke. Hau guztia kontuan harturik, Arrigorriagak jarduera ikastaro interesgarriak prestatu ditu.

Arrigorriagako Udal Euskaltegiak, 2017-2018 ikasturtean, hitz egiteko eskolak eskainiko ditu ikastetxe publikoko gurasoentzat. Ekimen honen xedea da gurasoek beldurrari eta lotsari aurre egitea, eta seme-alabekin hobeto komunikatzeko gaitasun nahikoa erdiestea. Horrela, etxean hitz egin ahal izango dute, baita umeak lagundu etxerako lanekin arazoak dituztenean.

Asmoa da oztopoak gainditzea etxerako lanekin laguntzen dietenean, eta haurren lagunekin hitz egiten dutenean erosoago sentitzea, edo, beste barik, euskararen erabilera hobetzea. Izan ere, ikasteko modurik onena, erabiltzea da. Horiexek izan daitezke ikastaroan apuntatzeko motibazioetako batzuk. Ikastaroa urritik maiatzera egingo da, astean bi aldiz.

Mintzapraktika eskolak, bai astelehen eta asteazkenekoak, bai astearte eta ostegunekoak, 15.00etatik 16.30era izango dira, eta prezioa 104,40 euro izango da oro har, eta langabeentzat erdia (52,50). Parte hartu nahi dutenek irailaren 22ra arte eman ahal izango dute izena, eta informazio gehiago behar izanez gero, udal euskaltegira edo Gure Magalean gurasoen elkartera jo dezakete.

Fotos

Vídeos