http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Mikroantzerkiek bereganatuko dute Azokako oholtza

Iaz, Azokak antzerki maratoi bat hartu zuen./MAIKA SALGUERO
Iaz, Azokak antzerki maratoi bat hartu zuen. / MAIKA SALGUERO

Szenatokiak lau istorio labur elkartuko ditu bihar, goizean zein arratsaldean, etengabeko jardunaldi batean

VIRGINIA ENEBRAL

Sarrera, korapiloa eta amaiera. Dena hogei minutuan bilduta. Gehienez. Errezetaren osagaiak: gidoi pilulak, antzezpen dosiak eta eszenografia tanta batzuk, interpretazio kalitatea murriztu gabe, alegia. Sua igo eta listo. Boladan dauden mikroantzezlanak Azokan agertuko dira arte eszenikoen plazaren eskutik. «Energia handia behar da, hasi-hasieratik dena emanda aritu behar zara, apenas baitago denborarik. Konturatu nahi zarenerako helmugara iritsi zara. Izugarrizko indarra sortzen da». Olatz Beobidek badaki zertaz ari den, Szenatokiko taulara bi obra laburrekin igoko baita: ‘Ganba alaia’ eta ‘Sarean kateatuak’. Bi hauei ‘Takoidun zapata gorria’ eta ‘Minus ukkitua’ lanek lagunduko diete.

Lau istorio laburrak bihar ikusi ahalko dira, jarraian, goizean zein arratsaldean, etengabeko jardunaldi batean. «Dekoratua edo eszenografia muntatu eta desmuntatzen duten bitartean, protagonistak elkarrizketatuko ditugu», iragarri zuen Itziar Eliasek, guneko arduradunak. «Formatu hau indarra hartzen ari da, La Farandulak, Donostian, Pabellon 6k, Bilbon, eta beste hainbat espazio txikik frogatu egiten dute. Errealitate horri ikusgaitasuna eman nahi genion Durangoko Azokan mikroantzerkien maratoi bat antolatuz; batez ere, euskaraz egindakoei, beti bezala, ahulago jotzen dutelako aurrera». Eliasek formatuaren «malgutasuna» azpimarratzen du: «Azokarako formatu bikaina da. Hamabost edo hogei minutuko antzezlanak direnez, jendea nahi duenean sartu eta irten daiteke. Proposamena gustukoa badu, geratu egingo da; bestela, irteteko askatasuna egongo da».

‘Takoidun zapata gorria’ izan ezik, beste hirurak umorez jositako lanak dira. «Zinema beltzeko ukitua daukan istorioa da, non pertsonaiak oso erraz identifikatzen diren. Hilketa bat gertatzen da, odol asko agertu ere bai…», azalten du Mikel Ayllonek, Laudioko Piszifaktoria konpainiako kideak. Publikoaren hurbiltasuna da, bere ustez, eredu horren abantaila nagusia. «Gure obra ez da taula batean egiteko asmatu, baizik eta taberna batean. Leku guztietatik ikusi daiteke eta hori zen, batez ere, interesatzen zitzaiguna, ikusleak istorioaren pertsonaia bat dira».

«Formatu bikaina da. Hamabost edo hogei minutuko antzezlanak direnez, jendea nahi duenean sartu eta irten daiteke»

Teknologia berriek garrantzi handia dute Beobidek parte hartzen duen mikroantzezlanetan. ‘Ganba Alaia’ taberna berezi batean kokatzen da, non bezeroak ebaki bat eskatzeko mugikorrerako aplikazio bat erabili behar duen. «Egoera kafkiarra planteatzen duen gozamena da». ‘Sarean kateatuak’ ‘Nomofobikak’ proiektuaren bertsioa laburra da. «Umoreari helduz, mugikorraren mende dagoen mundua irudikatzen du. Ez gaude hain urrun, ezta?», galdetzen du irribarretsu aktoreak. Antzerki pilulek arrakasta izan dezaten erronka handiena gidoilariek dutela dio. «Pertsonaiak aurkeztu, testuingurua azaldu… Egoera oso on bat asmatu behar da eta horri heldu, ereduak ez baitu astirik ematen». Iritzi berekoa da Ayllon: «Nik neuk idatzi nuen testua eta tarte murritzean istorio oso bat burutzea, hau da, hasiera, garapena eta bukaera, ez zen helburu makala izan. Gainera, gure kasuan, lan dramatikoa da eta agertzen diren pertsonak ezagutu behar ditu publikoak. Hala eta guztiz ere, erronkari eustea polita izan zen».

‘Minus ukkitua’

Telmo Irureta da ‘Minus ukkitua’. Telmok garun-paralisia du, eta, bakarrizketa honetan, elbarria izatearen abantailak taula gaineratzen ditu. «Txundigarria balitz bezala», esaten du barre artean. «Umore beltzeko testua da, erabat ironikoa, baina jendeak eskertzen du zure buruaz zintzotasunez hitz egitea». Eroso sentitzen da Irureta horrelako lanetan. «Eskolan ere idazlanak motzegiak zirela esaten zidaten».

Hirurek bat egiten dute formatu honek duen arrakastaren arrazoia ematerakoan: iraupena. «Gaur egungo publikoari kostatu egiten zaio denbora luzean zehar eserita egotea eta arreta mantentzea. Obra laburrak, ostera, ondo jasotzen ditu. Gero eta azkarrago dabilen mundu honen ondorioa baino ez da», nabarmentzen du Ayllonek. Beobidek ildo beretik jarraitzen du: «Gaurko bizimodua hori da, apenas dugun astirik; halere, denbora arazoa baino, uste dut kontzentrazio arazoa dela. Gauza soil batez gozatzeko ahalmena galdu dugu».

Irudienean

Formatu anitzak ere izango ditu aurten ikus-entzunezko plazak. Haur eta gazteentzako zinema, film laburrak, web-dokumentalak, web-sailak, fikzioa eta mahai-inguruak ikusi ahalko dira Irudienean. Baina, zalantzarik gabe, interes handiena sortuko duten proposamenak film luzeak dira. Edo beste modu batera esanda, ‘Handia’k eta ‘Errementari’k. Ipuin batean oinarrituta dagoen filma Sitgeseko jaialdian estreinatu zen, eta ondoren, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean egon zen. Hurrengo urtera arte ez da zinema-aretoetara iritsiko, baina Durangoko Azokaren baitan aurrerapen bat ikusteko aukera izango da. Lehenengo irudiak ezagutu ez ezik, filmaren xehetasunak ere jakin ahalko dira ‘making of’ bati esker. Gainera, han egongo dira zenbait antzezle, haiekin hitz egin ahal izateko. Paul Urkijoren lehendabiziko film luzearen ezaugarri esanguratsu bat da erabiltzen duen hizkera: Arabako euskalkia. Aitzakiatzat hartuz, solasaldi bat antolatu dute hizkuntzaren aniztasunean sakontzeko. Bestalde, oraindik ikusgai dago ‘Handia’, benetako historia bat kontatzen duen filma, baina Irudieneak, ostiralean pelikula eskaintzeaz gain, azken urteetan euskal zinemagintzaren gorakada aztertuko du mahai-inguru batean.

Antolatu diren dokumentalen artean, beste bi erantsi behar dira azkenik. Iurretako Udalak bultzatu du Joseba Sarrionandiari buruzko lana, ‘Hemen eta han’; idazlearen jaioterrian estreinatu zen dagoeneko, baina han egon ez zirenek beste aukera bat izango dute datorren larunbatean. Egilearen ahotsa entzuten da hari-gidari moduan, eta herriko irudiak Kubako eszenekin tartekatzen dira. Bestalde, 2018an, hogeita bost urte beteko dira Estitxu abeslari ezaguna hil zenetik. Orain dela hamabost egun, Zinebi jaialdiaren barruan, eman zuten lehen aldiz ‘Beskoitzeko urretxindorra’ izenez ere ezaguna zen abeslari horren gaineko dokumentala. Franck Dolosor kazetari ezagunak zuzendu du eta Azokaren lehenengo egunean, asteazkenean, ikusi ahal izango da berriro.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos