http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Meteorologa

Irudimenaru mingarria iruditzen zaio jakitea 'Zalditeria Gorria' idatzi suen Isaak Babel gizakia abere bat bezala akabatu zutela

Felipe Juaristi
FELIPE JUARISTI

Duela ehun urte, gutxi gorabehera, boltxebikeek iraultza egin zuten, ez Alemanian edo Ingalaterran, Marxek eta Engelsek espero zuten bezala, Errusia atzeratu eta santuan, Errusia erdi feudal eta erdi asiarrean baizik. Iraultza harri bat aintzira lasai eta baketsuan botatzea bezalaxe da. Sortzen diren uhinak ez dira, beti ere, nahi den tokian baretzen. Gehienetan, eta hori da historiaren esperientziak erakusten diguna, hesi guztiak gainditu eta konporta guztiak irekitzen dituzte. Bi esperientzia iraultzailek iraun dute, edo diraute giza nahi eta esperientzian bizirik: Frantses Iraultza, iraultza guztien aita eta amapontekoa batetik; sobietarra, bestetik.

Denboraldia da Leninen estatuak behera bota zituztela. Gogoan dut haietako bat Euskadira ekartzeko eskaria egin zutela, Bilboko Otxarkoaga auzora, eta horrek erakusten digu euskaldunok ez garela oso aitzindariak izan politika kontuetan. Oker ez banago, estatua lehen jarritako tokian dago, eta auzo horretan 'Lenin Eguna' ospatzen dute urtero, txintxo-txintxo. Baina Otxarkoagak, nik dakidala, ez du jasan leninkeriarik, ezta estalinkeriarik ere, eta Lenini sinbolikoki eta estatuaren bidez atxikitzeko arrazoiak sentimentalak baino ez dira, gogo-jardunak, alegia jarduteko gogoa. Euskadik ere ez du halakorik jasan bere bizi osoan ere. Beste zerbait sufritu dugu, izendatzea ere zaila egiten zaiguna.

Serioak bagina, eta iraganeko kontuetan gehiegi sartzeko asmorik ez bagenu, egin behar genukeen galdera da zer geratzen zaigun garai hartatik. «Literatura», erantzungo du urliak, jakinik iraultza garaiak oso aberatsak izaten direla artearen esparruan. «Esperantza», erantzungo du sandiak, esperantza sekula ahitzen ez den itsasoa dela sinetsi nahian; «Mina», erantzungo du berendiak, eta denok isilik geratuko gara, minak hitz egiten duenean ez dagoelako esandakoari ezer eransterik. Irakurle-oroitzapenak izango dira, baina irudimena Lubiankara joaten zait. Han hil zuten tiroz Isaak Babel idazlea. Ez zen bakarra izan, baina irudimenari mingarria iruditzen zaio jakitea 'Zalditeria Gorria' idatzi zuen gizakia abere bat bezala akabatu zutela.

Olivier Rolin idazle frantsesak 'Le Météorologue' eleberria kaleratu du. Arrakasta ongi mereziaz jantzirik itzuli dute gaztelaniara. Liburu horretan kontatzen du Lubianka, gaur egun, merkataritza-gunez eta denda garestiz inguraturik dagoela, ondo-ondoan ikus daitezkeela Guzzi eta Ferrariren logoa dauzkaten denda garesti eta ospetsuak. Kapitalismo bortitz eta krudela dago lehenago, ez hain aspaldi, komunismoaren ametsa, kosta ahala kosta, gorde nahi izan zuten tokian. Izan ere, sortutakoak heriotza zor, eta gora igotakoak beharko behera egin. Aleksei Feodósievitx Vangenheimen bizitza ekarri du orrietara, Sobiet Batasuneko Meteorologia Zerbitzu buru izan zenarena. Optimista izanik, iraultzaileaz gainera, uste izan zuen Estatu proletarioak naturaren beraren indarra mendean har zezakeela. 1934. urtean, ordea, atxilotu zuten, kontrairaultzaile izatearen akusaziopean eta Solvocki uharteetan sortutako presondegira eraman. Rolinek gogorarazten digu presondegi hori izan zela, geroxeago 'Gulak' izenpean presoak 'zuzentzeko' asmoz zabalduko zen presondegi sareko aurrena.

Rolinek idazten duenez, Vangenheimek emazteari bidalitako gutunak aztertu ondoren, ez zuen inoiz federik galdu sistema sobietarrean. Gutun asko idatzi zizkion Stalini, erantzunik jasotzeke. Preso ekarri eta hiru urtera desagertu zen betiko, tiroz jota dirudienez.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos