http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«XXI. mendeko literatura aztertzen nenbilela, identitatearen aldaketa garbia ikusi nuen»

Iratxe Esparza irakaslea bere tesia eskuetan duela. / Manu Cecilio

Iratxe Esparza EHUko irakasleak, bere tesia burutzeko, subjektuaren identitatearen eraldatzea aztertu du XXI. mendeko euskal narratiban

PERU S. GAMARRA

Identitatearen eraldatzea XXI. mendeko euskal narratiban: subjektu literario postmodernoa’. Honela du izena Iratxe Esparza EHUko irakasleak berriki aurkeztu duen tesiak. Lan mardula da eta bere osotasunean ulertzeko, gaia menderatu behar da. Hala ere, puntu interesgarri asko planteatzen ditu. Egia da, bertan aurkitu daitezkeen zenbait termino eta ideia arrotz egingo zaizkio bati baino gehiagori, baina Esparzaren azalpenekin guztia askoz ere errazagoa egiten da. Nabaritzen da gaia gustukoa duela. Izan ere, egin dizkiogun galdera guztiak gustura asko erantzun ditu.

Ibilbide luze baten emaitza da berak egindako tesia. Izan ere, bost urte eman ditu lanean guztia bukatzeko. «Postmodernismoari, identitateari eta XXI. mende hasierako narrazioetako subjektu postmodernoari buruzko hausnarketak bildu ditut tesian. Azken hamarkadetan gizartean gauzatu diren aldaketei egin diet so, horiek XXI. mendeko euskal narratiban eragin zuzena izan dutela erakusteko asmoz», azaltzen digu Esparzak. Beraz, EHUko irakasleak aztertu duena da XXI. mendean gertatu diren aldaketak (kulturalak, ekonomikoak, politikoak…) euskal narratiban nola jaso diren eta zein isla izan duten. Narrazioei dagokienez, Harkaitz Canoren, Eider Rodriguezen eta Ixiar Rozasen lanak landu ditu. Izan ere, hiru idazle hauen narrazio liburuetan agertzen diren protagonisten bizipen eta istorio ezberdinen bidez, subjektu postmodernoaren zenbait eredu aztertu ditu.

Aldaketa sakonak

Hala ere, zenbait ideia azaldu nahi izan dizkigu bere lana behar bezala ulertzeko. «Ekonomiak, kulturak eta politikak aldaketa sakonak bizi izan dituzte azken urteotan. Ondorioz, gizabanakoaren identitatea aldatu da eta honek guztiak zuzeneko eragina izan du euskal narratiban. XXI. mendeko literatura lanak aztertzen nenbilela, identitatearen aldaketa garbia ikusi nuen», argitzen digu Esparzak.

«Stuart Hall-ek hiru identitate ezberdindu zituen: identitate soziologikoa, ilustratua eta postmodernoa. Nik hiru identitate horiek hainbat literatura lanetan atzeman ditut. Identitate ilustratua Txomin Agirre idazlearen ‘Garoa’ liburuan ikusten dugu, Joanes protagonistaren bitartez. Identitate soziologikoa, adibidez, Bernardo Atxagaren ‘Gizona bere bakardadean’ lanean ikus dezakegu, Carlos protagonistaren bitartez. Aldiz, identitate postmodernoa aztertzeko lan gehiago erabili ditut: Harkaitz Canoren ‘Twist’ eta ‘Belarraren ahoa’, Eider Rodriguezen ‘Eta handik gutxira gaur’, ‘Haragia’ eta ‘Katu jendea’, eta Ixiar Rozasen ‘Negutegia’ eta ‘Beltzuria’», azaltzen digu irakasleak. Eta gehitzen du: «Nire lana azken identitate honetan zentratzen da batez ere, identitate postmodernoan, hain zuzen ere».

Lagin bat

Esparzak adierazten duenez, beste lan asko aukeratu zitezkeen identitate postmodernoa XXI. mendeko euskal narratiban aztertzeko. «Nik aukeratutako liburuak identitate postmodernoaren lagin bat besterik ez dira. Beste lan asko aztertu zitezkeen, baina hauek dira nire tesirako aukeratu ditudanak», azaltzen digu EHUko irakasleak. «Argi neukan narratiba lanak aukeratzerakoan, ibilbide bat jadanik eginda zuten idazleak aukeratu nahi nituela eta horregatik hautatu nituen Cano, Rozas eta Rodriguez».

«Narrazioei dagokienez, Harkaitz Canoren, Eider Rodriguezen eta Ixiar Rozasen lanak landu ditut»

Hala ere, Esparza irakasleak ez du bere lana zerotik hasi. Beste aditu batzuek ere antzerako lanak egin zituzten lehenago: «Carlos Otegik, Jon Kortazarrek eta Ur Apalategik pertsonaia literarioen eta identitatearen eraldatzea ere aztertu zituzten. Nik beraiek utzitako tokian hasi dut nire lana. Egia da Ur Apalategik subjektu postmodernoaz ere hitz egiten duela bere lanean, baina nik gehiago sakondu dut nire tesian. Nik egindako azterlana berria da, aurreko lanei nolabaiteko jarraipena ematen diena», azaltzen digu irakasleak.

Esparzarentzako prozesu luzea izan da tesia egitea. Izan ere, bost urte luze eman ditu lanean. «Tesia egitea lan bakartia da eta bakardade horretan egia da sufritu egiten dela, baina disfrutatu ere asko egiten da. Ni azken honekin geratzen naiz. Asko ikasi dut eta, egia esan, gozatzeko astia ere izan dut», bukatzen du.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos