http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Mehatxu laranja

Katalunian lortutako garaipenak sekulako bultzada eman dio Ciudadanos-i, makulu besterik ez zirudiena Espainian alternatiba gisa irudikatzerainokoa. Botere gose horrek PPren aurka jotzera eraman du. Eta, gurean, EAJ jomugan jartzera, demagogia muturreraino baliatuta

Albert Rivera eta Inés Arrimadas. /EFE
Albert Rivera eta Inés Arrimadas. / EFE
Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Ciudadanos-ek aitabitxi boteretsuak izan ditu jatorritik. 2006an Katalunian bertako nazionalismoari ahalik eta irmoen aurre egiteko sortutako Ciutadans, izena gaztelaniara egokituta, Estatu osora zabaltzeko prozesua PPren gainbehera inoizkoen nabarmendutakoan azkartu zen 2014an, txarrenean ere zentro-eskuinean ordezko edo osagarriren bat izateko. Podemos indartsu agertu osteko sasoia zen, Pablo Iglesiasen mugimenduak —artean ez zen alderdi ere— hainbat sektorerentzat arrisku handikoa ematen zuenean. Eskuin inguruko bozemaileak batzeko PPk luzaroan erakutsitako eraginkortasuna kolokan zegoen ordurako, Rajoyren higadura begibistakoa zelako. Eta funtsezkoan printzipio beretsuei eutsiko zien besteren bat behar zen, iragan luzerik gabekoa, irudiko freskoagokoa. Albert Riverak ondo aukeratu zuen momentua, eta begiz jota zeukatenen ahopeko babes, aholku eta denboraren kudeaketarekin ekin zion bideari.

Geroztiko ibilbidearen mugarri nagusiak Diputatuen Kongresuan talde parlamentario sendoa osatu izana —40 ordezkari 2015eko abenduaren 20an, eta 32 hurrengo urteko ekainaren 26an— eta, batik bat, iragan abenduaren 20ko Kataluniako bozetako garaipena —botoen %25 eta 36 hautetsi— izan dira. Azken hauetan independentziaren aurkako sektore gogorrenak batu eta trinkotzea lortu zuen, PP hezur eta azal utzita. Honen osagarri besterik izan ez zitekeela ematen zuena erabat indarberritu du horrek, hainbat boteregune ekonomiko eta mediatikotan lehen aldiz alternatibatzat hartua izateraino.

Riverari bost axola zaio zein den Kontzertu Ekonomikoaaren jatorri historikoa eta zenbateraino den lagungarri euskal lurraldeak goragoko egitura batean txertatzeko

Hala, ilusio demoskopiko antzekoak bultzatuta ari dira orain Rivera eta ingurukoak. Politika arduratsu eta perspektibaduna barik ahalik eta azkarren boterea lortzeko irrika elikagai bakar izanda. Ez da harritzekoa, dena den. Ideologia aldakorrekoak direlako, sozialdemokraziaren ildo eskuinenekotik halamoduzko liberalismora oraintsu jauzitakoak; nazionalismo erasokorrenetik Katalunia eta Euskadiko nazionalismoen aurka sutsu jotzekoak, lurralde egitura bideragarri egiteko Trantsizio garaian ehundutako oinarrizko hainbat adostasun auzitan jartzeraino. Zenbait inkestak garaipena iragartzen diete balizko hauteskunde orokor aurreratu batzuetan, nahiz eta badiren hirugarren kokatzen dituztenak ere. Berorien atzeko hedabidearen gertutasunaren araberakoak izan ohi dira emaitzak. Dena den, ohikoa izan da Ciudadanos-ek inkestetan hautestontzietan baino gehiago lortu izana, gehienetan hala jazo delako.

Rajoyk PPren lidergoari eutsi gura izatea bedeinkazioa da Riverarentzat, gaztetasunak bestelakorik bermatzen duen ustekorik falta ez delako. Oker ari dira, ordea. Arduragabekeria erantsia baino ez dakarrelako besapean Bartzelonako abokatuak, hainbat zubi hausteko gogoa, berea ez den edozein nazionalismo itotzekoa. Handiak txikiak menpean hartzekoa, Estatu egiturek ematen duten indarretik euren nortasunak biziraun dezan ari direnen jarduna baldintzatzen, mugatzen eta akabatzen saiatzekoa. Horrek, jakina, zeharo zailduko luke bizikidetza, egungoa ahalbidetzen duten oinarrizko hainbat oreka ezinezko eginda. Alde horretatik, mehatxua da alderdi laranja, eta ez bakarrik bereziki jomugan dituenentzat, baizik eta indarrean dagoen lurralde egiturarentzat eta, finean, Estatuaren beraren bideragarritasunarentzat ere. Homogeneotasunaren aldeko apustuak porrot egin duelako behin eta berriz Espainian, eredu jakobinoa ez datorrelako bat hain errealitate anitzarekin. Oro har, euren nazio izaera demokratikoki aldarrikatzen dutenek ez luketelako lekurik atzerakako halako proiektu politiko baztertzaile batean.

'Kuponazo'

Jakina da Ciudadanos-ek ez duela euskal autogobernua atsegin. Ez estatus berriari legokiokeena, noski, ez Gernikako Estatutua osorik betetzearen ondoriozkoa. Ezta, gaur egun gertatzen den lez, berau osatu gabekoa ere. Ez du aukerarik galdu euskara gutxiesteko edo euskal herritarren balizko ‘pribilegioez’ ahalik eta sarrien mintzatzeko. ‘Kuponazo’ deitzen duena salatzen du ahal duenero, besteak beste sekulako aurkikuntza linguistikoa egin duelakoan, baina Kontzertu Ekonomikoaren sistema bera da onartezin egiten zaiona. Bost axola zaio zein den horren jatorri historikoa eta zenbateraino den lagungarri euskal lurraldeak goragoko egitura batean txertatzeko. Edo Kontzertuak zein jokabide arduratsu eta disziplinatuetara behartzen dituen bertoko erakundeak, ez dituztenak xahututakoan beste hainbat erkidegok laguntza eske Ogasun Ministeriora jotzen duten bitartean. Alde horretatik, arlo askotan 1978ko Konstituzioaren kanpoko mugan kokatzen du bere burua Adolfo Suárez izan nahiko lukeenak.

Bertokoa erasotu eta hor nonbait boto apurren batzuk irabaztearren, Ciudadanosek EAJren aurka gogor jotzea erabaki du azkenaldion. Aurreko aste hasieran, bere ezjakintasun maila nabarmen utzita, Inés Arrimadasek ‘Bigarren Ibarretxe Plana’ iritzi zion estatus berriari begirako jeltzaleen proposamenari eta, handik gutxira, Albert Riverak Sabino Arana aipatu eta ‘supremazista’ deitu zien buruzagi jeltzaleei. Adierazpenok hain direnez ganorabako eta lotsagarriak igorleen maila askotako miseria gorria baino ez dute jartzen agerian. Agente laranja lez ari dira, politikan gutxieneko adostasunetarako aukera guztiak suntsitzen, soseguzko eztabaidak ezinezko egiten, igarotzen diren lekuetako hosto-galtzaile modura.

EAJk Ciudadanos baino askoz aurkari gogorragoei egin die aurre bere ibilbidean zehar, debekuei eta jazarpenari besteak beste, eta aurrera egiten jarraituko du. Ondorioz, Riverak eta enparauek ez dute ez kikilduko ez isilaraziko. Baina, ataka honetan, euskal autogobernua bera da euren erasokortasunetik irmo defendatu eta babestu behar dena. Batasunetik, gehiengo ezin zabalagoetatik. Ciudadanos ez delako bakarrik euskal gizarteak bere buruaren ahalik eta jabeen izateko borondatearen aurreko mehatxu. Arriskua are handiagoa da, Estatu mailan 1978tik oinarrizkoenean bizikidetza arautu eta ahalbidetzeko egindako ahalegina eta horren ondoriozko emaitza bera delako arriskutan jartzen duena. Adi, beraz.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos