http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Matilde Elexpuru enpresaburua eta Garbiñe Mendizabal feminista, ‘Gazte Role Model ’sariak

Begoñazpi ikastolak antolatzen dituen sariak dira

ELCORREO.COM

'Gazte Role Model Saria' sariak Begoñazpi Ikastolak urtero lan eta solidaritate baloreak aintzat hartuz, emoten dauzan sariak dira. Aurtengo sarituak, beste kargu asko izan badau be, 2015era arte Bizkaiko Enpresarien Elkarteko presidentea izan dan bilbotar enpresaburu entzutetsua dan Matilde Elexpuru eta euskal mugimendu feministaren bultzatzailea dan Garbiñe Mendizabal Furundarena izango dira.

Sari-banaketa, azaroaren 13an, astelehena, arratsaldeko 18:00etan Begoñazpi Ikastolan izango da (Jesus Galindez etorbidea, 15 -Txurdinaga- Bilbo). Bertan izango dira Bilboko alkatea dan Juan Mari Aburto, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua dan Cristina Uriarte, Euskara, Kultura eta Kiroleko Foru Diputatua dan Lorea Bilbao eta Bilboko Elizbarrutiko gotzaina dan Mario Iceta. Solidaritate ereduari jagokon saria, Garbiñe Mendizabalek jasoko dau eta lan munduari jagokona, Matilde Elexpuruk.

X. edizio honetan, Begoñazpi Ikastolako Gazte Role Model sariek, lehen aldiz, emakume bi sarituko dabez arlo bietan. Honek, sarien bardintasun izaera indartuko daualarik. Aipagarri eta eredu diran emakume bi honeek eten bako lana egin baitabe; bai gizartean, bai enpresan emakumeak bere lekua izateko zein honetan gailendu eta nabarmentzeko.

Euskadiko gizarte eta enpresa munduko zazpi adituk osotu daben epaimahaiak, bilbotarra dan Elexpururen lan-ibilbidea goraipatu dau, Euskadiko lan-eremuan enpresaburu nabarmenetarikoa izatea lortu dau eta. 1975ean sortutako Tisa Congresos S.L. eta Traductores e Intérpretes S.A.ko zuzendari izan zan Elexpuruk, Bilbao Convention Bureau eta Kongresuak antolatzen dauazan Enpresak OPSCE Euskal Elkartea bezalako beste zenbait elkarte eta erakunde be sortu eta sustatu dau. Gainera, 2006-2015 bitartean, Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteko eta Euskadiko Emakumezko Lan, Zuzendari eta Enpresarien Federazioko presidentea be izan zan.

Epaimahaiak, modu honetan, “emakumezko lehen enpresaria izanik, enpresarako sena izan eta eginiko lanean sakrifizioa eta ahalegina ez eze, jarraitasuna eta iraunkortasuna be erakutsi dauala eta,” bere lan-ibilbidea onartu eta aintzat hartu dau. 2016an, Eusko Jaurlaritzaren Jose Mari Korta Saria be erdietsi eban.

Mendizabali jagokonez, hauxe nabarmentzen dau epaimahaiak: “giza-eskubideekiko konpromisoa eta emakumeen eskubideen defendatzaile sutsua izanik, gizon eta emakumeen arteko bardintasunaren aldeko hainbat erakunde eta elkarte sortu dauz”.

Soziologia eta Politika-Zientzietan lizentziatua, 1970. hamarkadatik aurrera Euskadiko mugimendu feministan parte hartu badau be, beste batzuekin batera, Ágora Feminista bezalako zenbait mugimenduren sortzaile be izan da. Era berean, bardintasun eta emakumeen aldeko nazioarteko zenbait ekitaldi, kongresu eta hitzalditan parte hartu dau. Egun, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundeko presidentea izateaz gain, Bizkaiko Foru Aldundiko Genero Politika Eremutik Parekatuz programa be koordinatzen dau.

Begoñazpi Ikastolako zuzendaria dan Merkat Bernaolak diñoanez, hamargarren edizio honetako epaimahaiak sarituen gizarte-lana eta humanitarioa onartzeaz gain, “harremanetan zein barrikuntza eremuan gazteek jarraitzeko eredu izateko egiten daben lana be goratu dau, lana autorrealizazio profesionaltzat hartuz eta egoera ahulean dagozanekiko solidaritatea izanez”.

Epaimahaikideak

‘Gazte Role Model Saria 2017’ epaimahaia, Euskadiko enpresa eta gizarte-laneko zazpi adituk osotu dabe. Honeexek dira: Izaskun Artetxe Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomia saileko idazkari tekniko ekonomikoa, Aitor Cobanera SPRIko Teknologia eta Barrikuntzako zuzendaria, Txema Villate Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidente ondokoa, Iñaki Garcinuño CEBEK, Bizkaiko Enpresarien Konfederazioko presidentea, Gaspar Martinez Bilboko Elizbarrutiko kultura-ondasunen arduraduna, Nerea Begoña Elizbarrutiko Ikastetxeetako zuzendari nagusia eta Merkat Bernaola Begoñazpi Ikastolako zuzendaria.

Epaimahaikideen esanetan, X. edizio honetako Gazte Role Model Saria jaso dabenek, “gazteentzako eredu izango dira enpresa munduan daben jarrera baikorragaitik, lan-garapenagaitik eta besteenganako arduragaitik”. Hain zuzen be, hauxe da 2008tik hona Bilboko Gotzaitegikoa dan eta 1.700 ikasle baino gehiago dauzan ikastola honetako sarien helburu nagusia.

Ikasleei esperientzaren barri emonez

Sarituek euren bizipen edo esperientzia Ikastolako geletan zabalduko dabe. Ikasturtean zenbait hitzaldi izango dabe ikasleakaz, bizitzan izan dabezan helburuek zelan eragin deutsen azalduz, gaztetatik kontuan izan dagien emongo deutsien aholkua, lan munduan izan daben hobetzeko grina zein egoera ahulean dagozanei gizarte-lanean eskuzabaltasunez lagunduz.

Sarituek hezkuntza, fantasia eta mugimenduaren ikurra dan eta Nestor Basterretxea eskultore bizkaitarrak eginiko‘Gazte Role Model Saria’ eskultura jasoko dabe. Ekitaldian, Ikastolak azken hamar urteotan, sariok izan daben garrantziaren barri emongo deusku.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos