http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Marx eta literatura

Euskaldunok (oro har diot, inor ez dadin asalda) ez gara oso Marxzale izan, eta esango nuke, okerbiderik gabe, ez garela, ez izatekotan, oso marxistak

Felipe Juaristi
FELIPE JUARISTI

Etxeko liburutegia apur bat txukuntzen ari nintzela (erabat txukuntzea ezinezko lana da baina, irten baino liburu gehiago sartzen baitira), ekarri zizkidan fortunak Karl Marxen liburu batzuk, aspaldi beren txokoan gordeak eta aspaldiago erosiak, edo lapurtuak, auskalo. Batzuk, ez asko, euskaraz zeuden. Euskaldunok (oro har diot, inor ez dadin asalda) ez gara oso Marxzale izan, eta esango nuke, okerbiderik gabe, ez garela, ez izatekotan, oso marxistak. Doktore-tesia egiteko asmorik gabe, memoriaren indarraz soilik fidaturik, baiezta dezaket ez direla asko euskaraturik dauden liburuak. Batzuk Mario Onaindiak itzuli zituen; beste batzuk Xabier Kintanak (tartean Alderdi Komunistaren Manifestua). ‘Manifestua’ oraindik indarra duen testua da. Umberto Ecok idatzi zuen ezen lehen esaldia, alegia «Mamu bat dabil Europan barrena...», Beethovenen Bosgarren Sinfoniaren tinbal-kolpea bezalakoa dela. Garai hartan, izan ere, mamuak figura literarioak ziren, aztiak, sorginak, espirituak eta deabruak bezala. Testua irakurri ahala ohar gaitezke Marxek deskribatzen dituen harreman ekonomikoak ispilukeria direla, errealitatean sustengu eta babes gutxitxo dutenak, gehiago direlako irudimenaren jolas eta engainu (azti batek egindako lana), zentzumenek ezarritako legeen mendekotasuna baino.

Irakurle porrokatua omen zen Karl Marx. Bi alaba ere idazle izan zituen, Laura eta Eleonor. Biek bizitako haurtzaroa mitifikatu zuten, aitaren irudia bezala, eta txikitan belaunetan jarrarazi eta Shakespeareren liburuak irakurtzen zizkiela aitortu zuten. Eleonorak aitaren biografia bat idazteari ekin zion, baina ez zuen amaitu, bere buruaz beste egin baitzuen lehentxeago. «Shakespeare gure etxeko Biblia zen, beti norbaiten ahotan eta denon eskuetan» idatzi zuen. Esaldi polita izateaz aparte, bere laburrean esanahi luzekoa da; ahoa eta eskua batzen baitira, ez idazterakoan, irakurtzerakoan baizik. Eskuak orriak pasatzen ditu eta noiz edo noiz, unaturik, lerroren batean pausatzen da hatza, eta orduan ahoak ematen dio aireari berea dena, soinua. Eta soinu hori, airean barrena zabalduz (trumoi-hotsak zabaltzen diren bezala) entzuleen belarrietara iristen da. Hitzak mamuak dira, munduan barrena zabalduak.

Laura, Paul Lafarguerekin ezkondu zen, alegia 'Perezarako eskubidea' idatzi zuenarekin (badago euskal bertsio bat, Patxi Apalategiren eskutik). Lafarguek berak, Karl Marxen erretratu literario labur bezain samur batean, esaten du gustuko zuela eleberriak irakurtzea, eta eleberrigileen artean Cervantes eta Balzac jartzen zituela ororen gainetik. ‘El Capital’ bukatu ondoren Balzacen 'Giza Komedia'ren kritika egin nahi zuen. (Ez zen horretara iritsi, 'El Capital' idazteak indarge eta ahul utzi baitzuen). Marxek Europako hizkuntza askotan irakurtzen zuen, Lafarguek esan zuenez, eta gauza zen hiru hizkuntza erabiltzeko idazterakoan: alemana, frantsesa eta ingelesa. «Atzerriko hizkuntza arma bat da bizitzaren borrokan», idatzi zuen Marxek. Ez zuen arrazoi faltarik, ez horretan ez beste kontu askotan ere. Atzerriko hizkuntza jakitea arma bat baita, baina dena dela zehaztu beharko genuke 'arma' hitzaren esanahia, Marxen aldian eta Marxen baitako lurraldean. Arma edo makulu zen, bizitzan aurrera egiteko lagungarri. Marx etorkin moduan bizi izan zen Londoneko Sohon, eta etorkinei aplikatutako legea zuen menderatzaile: pobrezia eta etorkin ez zirenen, alegia berta-bertakoen, laido eta mespretxua.

Zeuden txokoan utzi ditut liburuak, hauts-pinportak kendu ondoren. Lanak, ordea, ahaztutzat nuen mundu batera eraman nau. Xanoak ginen orduan, baina inuxenteak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos