http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Magialdiak berriro ere Magiaren Europar Hiriburua bihurtuko du Gasteiz, XXIX. edizioan

Irailaren 10etik 17ra, programazioko 80 ordutik gora, 75 ikuskizun, 25 agertoki, eta 12 herrialdetatik etorritako 35 artista izango dira

I.AGOTE

Gasteizko Magialdiaren XXIX. edizioak asmo handiko programa eskainiko du irailaren 10etik 17ra. Programazioak irauten duen hamazortzi egunetan ohiko jarduerak eskainiko dira, eta 12 herrialdetatik etorritako 35 artista baino gehiago bilduko dira: Korea, Frantzia, Suitza, AEB, Italia, Errusia, Argentina, Finlandia, Venezuela, Panama, Portugal eta Espainia. Orotara 25 agertoki, 75 ikuskizun eta 80 ordutik gora. 20.000 ikusle inguruk gozatu ahalko dute magiaz Gasteizen.

Horretaz gain, 350 mago profesional eta amateurrek baino gehiagok Europa biltzar etxeko lan jardunaldi espezializatuetan hartuko dute parte, haientzat ekitaldi esklusiboak antolatzen baitira, magiari buruzko liburuen aurkezpenak, besteak beste. Orobat, mago onenetako batzuek azken ekoizpenak aurkeztuko dizkiete beren kideei.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok eta Magialdiaren lehendakari José Ángel Suarezek aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan.

Programaren baitan badira nazioarteko galak, eta une honetako saiorik onenak ikusteko aukera izango da Principal antzokian eta Europa biltzar etxean. Erdialdeko zortzi erakusleihotan zein Espainia plazan ere ikusi ahalko dira magia emanaldiak, bai eta ikastetxeetan, Txagorritxu ospitalean, Dendaraban eta tranbia geltokietan ere.

Beste edizio batzuetan bezala, Magialdiak abangoardiako ikuskizunak aurkeztearen aldeko apustua egin du, kalitate handikoak eta gure hirian inoiz ikusi gabeak; horietako batzuk Espainian lehenengo aldiz ikusiko dira, eta batzuk beren herrialdetik ateratzen diren lehenengo aldia da.

2011n sortutako magia ibilaldiek, berriz, magia hurbiletik ikusteko aukera ematen dute, kamerarik gabe eta oso jende gutxirekin. Ohiko bihurtu diren agertokietan izango dira: Sokaren Etxea, Bibat museoa, Montehermoso eta Santa Maria Katedrala fundazioa.

Duela urte batzuk, bestalde, Magialdia gala solidario bat antolatzen hasi zen. Aurten Nahia García Gerbolés 8 urteko ume gasteiztarraren alde izango da, hitz egitea eragozten dion sindrome epileptikoa baitu.

Gala Vital Kutxa Fundazioaren aretoan egingo da, Dendaraba merkataritza gunean, irailaren 16an (larunbata); Mag Marín mago kataluniarrak “Artimaña” ikuskizuna eskainiko du. Sarreren salmentatik lortutako diru guztia aipatutako helburura bideratuko da.

Ignacio Aldecoa kultura etxean ere izango da Magialdiaren barruko ikuskizunik.

Bestetik, irailaren 9an (larunbata) familia osoarentzako magia ikuskizuna izango da Uraren Ezkutuko Lorategian.

Fournier Karta Museoan, magia ibilbide eta lantegiez gain, mago eta prestidigitadoreei buruzko XVIII. mendetik XX. mendera arteko jatorrizko ilustrazioen erakusketa antolatu da. Erakusketako lanen jabe Camilo Vázquez magoak hitzaldia emango du horren osagarri.

Museoko patioan ere kaleko ikuskizunak eskainiko dira.

2013an, orobat, “OFF FESTIBAL” formatua sortu zen, eta aurten ere mantenduko da, arrakastatsua baita. Hiriko ostalaritza establezimenduetan egiten dira magia ikuskizunak, agertokirik gabe, bezeroen ondo-ondoan.

Beste jarduera batzuk ere izango dira:

-Umeentzako magia lantegiak, euskaraz, BIBAT museoan.

-“Asma ezazu karta bat”: umeek beren kartak marraztu ahalko dituzte, BIBAT museoan.

-Ikasleentzako magia, Lakuako gizarte etxeko Federico García Lorca antzokian.

IGIrekiko lankidetzan birziklatze eta ekologiari buruzko magia emanaldia antolatu da Atarian: Ekomagia.

Azpimarratu beharra dago aurtengo edizioan euskarak izango duen presentzia. Izan ere, lau jarduera egingo dira euskaraz:

-magia lantegiak,

-Uraren Ezkutuko Lorategiko familientzako gala,

-ikasleentzako magia, eta Asier Kidam mago gasteiztarraren ikuskizuna.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos