http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Lurrikarak

Bat-batean, lurrak dar-dar egin zuen: kopak, koadroak eta lanpara zoruaren kontra apurtu ziren

Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Udako gau goxo bat zen. Kolorezko bonbilak karriketan, sagar karamelizatuak eta almendra garrapiñatuak salmenta-postuetan. Maurok bere emaztearekin eta bere anaiarekin afaltzen zuen. Etxeko leihoak irekita, hego haizeak dantzaldiaren promes bat zeraman. Ederra zegoen Elena, tirantedun soineko beltza jantzita, ezpainak gorriz margotuta. Maurok begiratzen zion liluratuta, maiteminduta erabat. Bat-batean, lurrak dar-dar egin zuen: kopak, koadroak eta lanpara zoruaren kontra apurtu ziren. Bigarren lurrikara gogorragoa izan zen eta Mauro, izututa, bere emaztea bilatu zuen besarkatzeko: lurrak irensten bazituen, bere besoetan izan zedila. Baina Elena Mauroren anaiaren besoetan zegoen, gogor helduta, eta Mauroren anaiak ilea laztantzen zion Elenari. Seismoa pasa zen, baina ezkontzaren berreraiketa ezinezkoa izan zen.

Badira urteak ipuin hori idatzi nuela -nork daki zergatik-, baina indarrean dago nire barruan. Askotan seismo txiki bat behar dugu maiteen ditugun gauzei eusteko edo benetan maite dugun horren besotik heltzeko. Pasa den astean, lurrikara bat sentitu da Albaceten. Nik ez nuke horrelako gauza baten lekukoa izan nahi inoiz. Ikaratzen naute horrelako berriek. Hala eta guztiz ere, geruza metaforiko batean, onuragarriak izan daitezke seismoak. Noren besarkada bilatuko genuke dena amaitzear balego? Noren hitzak beharko genituzke katastrofea gauzatu baino lehen? Zer da benetan inportantea guretzat? Nortzuk dira maitatzen ditugun horiek?

Hain lanpetuta gaude geure egunerokotasunarekin ezen ezin baitugu bereizi garrantzitsuak diren gauzak eta ez direnak. Ariketa mental bezala, lurrikara baten epizentroan kokatu gaitezke, biluzik, geure buruari tranpak egin barik, eta lehen aipatu ditudan galdera horiei erantzuteko prest. Baina jakinaren gainean egon behar dugu: baliteke lortzen ditugun erantzunak erosoenak ez izatea. Lurrikara emozionalak ekar ditzakete erantzun horiek. Erabaki beharko genuke: lurrikarari aurre egin edo geure bihotzaren katakonbatan bizi. Erabaki zuzena zein den ez badakizue ahalegindu zaitezte ipuin bat idazten.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos