http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

loretxo berriak

Indarkeria matxistak ia egunero emakume hil bat uzten du

'La Manada'-ren sententziaren kontrako manifestaldia, Bilbon./L.A. Gómez
'La Manada'-ren sententziaren kontrako manifestaldia, Bilbon. / L.A. Gómez
TXANI RODRÍGUEZ

Ni nerabea nintzenean, txori asko neuzkan buruan. 'Candy Candy' ikusten hazi nintzen, eta gero 'Pretty Woman', 'Titanic' eta horrelako filmak. Azukre gehiegi, beraz. Errealitatetik urrun. Gainera, film horiek ezartzen zituzten rolak oso eztabaidagarriak dira genero ikuspuntutik begiratuta. Bizitza eta maitasunaren ertzak –maitagarri ipuinekin hain zerikusi gutxi dutenak– literaturaren bidez sumatu nituen, ez telebistaren bidez. Hori izan zen, behintzat, nire eskarmentu pertsonala. Hala eta guztiz ere, berriak ezagutzen nituen. Alcàsser auzia gertatu zenean hamabost urte nituen nik, eta eragin zidan zirrara ondo asko gogoratzen dut. Amesgaiztoak eta guzti izan nituen. Saio bereziak egin zituzten, jende guztiak horri buruz hitz egiten zuen. Ezin burutik kendu.

Gauzek bere horretan jarraitzen dute. La Manada-ren kasua eredu dugu: informazioa eta sentsazionalismoaren arteko muga bereiztea zaila dirudi. Gaur egun, oraindik helduak ez diren pertsonek helduen arteko harreman munduari begiratzen diotenean aurreneko aldiz, oso uste txarra jasoko dute. Indarkeria matxistak ia egunero emakume hil bat uzten du; eraso sexual nazkagarrien berriak ditugu telebistan behin eta berriro eta sexu-jazarpenak eta sexu-abusuak ohiko albisteak dira… Jokabide horiek guztiak salatu behar dira, bai eta biktimen egoerak agerian jarri ere. Guztiz aldekoa naiz: ezin dira portaera horiek ezkutatu, abusuak seinalatu behar ditugu ea betirako desagertzen diren.

Nik ez dakit zer pentsatuko duten nerabeek telebista ikusten dutenean, baina nik, nire berrogei urterekin, helduen harremanek zabortegi bat diruditela pentsatzen dut maiz. Animaliak baino abereago dira gizon asko. Hori dela eta, atzo, paseoan nenbilela, bi nerabe eskutik lotuta ikusi nituenean, pentsakor gelditu nintzen. Pozik zeuden, eta maitasunez begiratzen zioten elkarri. Ilean zuen zuhaitz hostotxo bat kendu zion mutilak neskari, eta barrezka hasi ziren. Txotxolotuta erabat, baina euren begiradek lasaitu ninduten: baliteke xamurtasunak lekua izatea oraindik geure mundu astakirten honetan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos