http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Lorentzoren malkorik distiratsuenak

Gaur eta bihar gauez Perseiden izar jarioa zeruan ikusteko aukera onena izango dugu. Baina, zergatik deitzen diegu 'San Lorentzoren malkoak'?

Talde bat San Lorentzoren malkoetaz gozatzen. / L. Cordero
IZASKUN MOYANO

San Lorentzo egunaren bueltan ikuskizun astronomiko honetaz gozatzeko abagunea daukagulako deitzen diegu 'San Lorentzoren malkoak'. Istorioak kontatzen duen bezala Erdi Aroan hura bizirik su emanda hil zuten abuztuaren 10ean. Hori dela eta, gau hartan zeruan nagusi zen argi jarioa santu honen malkoak direla esan ohi da. Baina hauek, gure atmosferan 200.000 km/h sartzen diren hautz-hondakinak baino ez dira. Izan ere, izar iheskor partikula hauek hondar-koskorra baino neurri txikiagoa dute.

Urtero, egun hauetan zehar, eguzkiaren inguruan 133 urteko orbita fasea duen Swift Tuttle kometaren hondakinak ikus daitezke. Hau da, lurrera hurbiltzerakoan, kometaren isatsa osatzen duten gas eta ‘meteoro’ izeneko partikulak sorten dira. Astronomoen esanetan, 1992. urtean hurbildu zen Swift Tuttle gure planetara azken aldiz, non orduko 300 meteoro zeuden ikusgai zeruan. Izar jario ugari hori ikusteko hurrengo hitzordua 2126ean izango da, eguzkitik hurren dagoen hurrengo aldian hain zuzen ere. ‘Perseidak’ izenez ezagutzen ditugu, beraien distirak Perseo konstelazioaren inguruan indar handiena duelako.

Fenomeno honek uztailaren 16tik abuztuaren 24a arte irauten du, baina zoritxarrez, aurtengo ikuskizuna ez da iaz bezain harrigarria izango, ilargi betea izan berri baita. Dena den, hirietatik aldendu ezkero, meteoroak ikusi eta desiraren bat edo beste eskatzeko aukera izan genezake, batez ere goizeko laurak eta bostak bitartean. Hauek ikusteko ez dugu inolako prismatiko ezta teleskopioren beharrizanik. Hondartza, mendia edota herri txikiren bateko lurrean etzanda zerura begira omen dira Perseidak ikusteko tokirik egokienak, argi kutsaduratik urrunduz. Kontuan hartu beharra dago izar iheskor jarioa ikusteko ezinbestekoa dela pazientzia. Meteoroak oso arinak dira eta ez dira uneoro pasatzen. Beraz, minutu batzuk itxaron behar ditugu zeruaren ipar-mendebaldera arretaz begira.

Urtean zehar hainbat dira zeruan ikus daitezkeen ozar-izarrak. Hala ere, ‘San Lorentzoren malkoak’ garrantzitsuenentzat jotzen ditugu. Alde batetik, fenomeno hau abuztuan ematen delako eta eguraldiak hauek ikustea ahalbidetzen duelako, eta beste alde batetik meteoro distiratsu ugari sortzen direlako. Izan ere, aurtengo honetan orduko 50 meteoro baino gehiago ikusteko afera izango dugu.

Beraz baduzue gaur gaueko plana: toki aldendu bateko lurrean etzun, zerura begiratu eta Perseidak ikusteaz batera desiraren bat edo beste eskatu. Baina pentsatutakoa ez inori esan gero! Bestela amets hori ez da egia bihurtuko…

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos