http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Loratuko diren haziak erein nahi ditugu»

Durangoko Azoka/BORJA AGUDO
Durangoko Azoka / BORJA AGUDO

Argizaiola Sariaren ordez, euskal sortzaile berriei zuzendutako beka bultzatuko du Azokak datorren urtean

VIRGINIA ENEBRAL

Onak izan arren, ideiek beren bilakabidea behar dute. Bestela, hiltzeko arriskua dute. Ondo dakite Durangoko Azoka sustatzen dutenek hori. Izan ere, euskal kulturaren topagunea behin eta berriro berrasmatu da bere ibilbidean zehar: kokapen aldaketak eginez, guneak sortuz, sormen diziplina berriei ateak zabalduz… Urteurrenak egokiera onak izaten dira azala berritzeko. Argizaiola Sariak 25 urte bete zituen iaz eta eraldatzeko unea heldu zela pentsatu zuten. Ondorioz, omenaldi moduan ematen zen sariaren ordez, sormena bultzatzeko beka bat bultzatuko dute.

«Iraganera begiratu beharrean, etorkizunari jarriko diogu arreta. Euskal kulturaren alde lan egin duten pertsonak omentzeko asmoz jaio zen saria, baina eskerrak eman ez ezik, loratuko diren haziak ere erein nahi ditugu», azaldu zuen Nerea Mujikak, Gerediaga Elkarteko presidenteak. Euskarazko kultur ekoizpen baten sorkuntzan, hasieratik amaieraraino, oinarrizko ideiatik zabalkundera arteraino, babesa eskaintzea izango da helburua, eta sortzaile berriei edota oraindik ibilbide laburra (hiru lan baino gutxiago) egin duten artistei, bakarka nahiz taldeka, zuzenduko zaie dirulaguntza. Ez da kasualitatea, beraz, aurtengo leloa ‘Sormenaren lurraldea’ izatea. «Hauxe izango da gure ekarpena».

Urtean behin egingo da deialdia baina ez da datorren irailera arte zabalduko, eta hautatua izan daiteke Azokak hartzen duen edozein kultur adierazpen edota diziplina. Hilabeteko epea egongo da lanak aurkezteko eta abenduan, Azokan, jakitera emango da irabazlearen izena. «Zalantza berbera datorkigu burura, zertarako aldatu ondo dabilena?, baina Gerediaga Elkartearen zein Azokaren koordinakundearen barruan egindako hausnarketa baten ondorioz hartu dugu erabaki hau. Aurrerapauso bat eman eta gure harri-koskorra jarri nahi dugu», azpimarratu zuen Mujikak.

Hurrengo edizioa heldu baino lehen, aurtengoa jada hasi da. Argizaiola Sariaren mende laurdeneko ibilbideari errepasoa egingo dio Azokak ‘Omentzetik Ereitera’ ekitaldian. Bihar, Szenatokian, 20:00etatik aurrera, 1992tik 2016ra arte egondako hartzaileak gogoratuko dira, hala nola, Gotzon Garate edo Anuntxi Arana idazle ezagunak, Benito Lertxundi musikaria, Euskaltzaindia edo Labayru Ikastegia besteak beste, euskararen alde lan egin duten hainbat andereño ahaztu gabe. Gerediaga Elkarteko sortzaileak edota euskal kulturaren ‘inurriak’ ere gogoan izango dira.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos