http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

LITERATURA ETA IMMIGRAZIOA

Euskal literaturari bagagozkio, aitortu behar da ez dagoela erreferentzia askorik haiei buruz, edo haien gainean

FELIPE JUARISTI

Behin galdetu zioten Ramiro Pinillari ea oroitzen ote zuen nolakoa izan zen etorkinen iritsiera, Bizkaiko Labe Garaietan eta antzeko fabrika handietan lan egitera. Ramiro Pinillak erantzun zuen, lasai eta ahots-doinua altxatu gabe, tratu txarra jasan zutela, orain ere «isilaraziak» direla. Esan nahi zuen etorkinek ez dutela ahotsik izan; eta euskal literaturari bagagozkio, aitortu behar da ez dagoela erreferentzia askorik haiei buruz, edo haien gainean.

«Ene gaste maiteok/ ixan zaiz dantzari/ jaurtirik baiña urrin/ maketo antz ori».

Kepa Enbeitaren bertsoak dira (1878-1942). 'Urretxindorra' deitzen zioten. Bertsolaritza ondo zainduta zegoen taberna-zulotik atera eta handik plazara eraman zuen, baina ez arazorik gabe. Ekintzaile aparta izan zen: baliabide asko zituen esataria, alegia plaza-gizona. Garai hartako EAJk, herriz herri eramaten zuen. Kartzela ezagutu zuen, gerraz gainera. Bestelako garaiak ziren. Izan ere, euskaraz, askotan nahastu egiten baitira historia eta mitoa elkarrekin. Euskaraz doinu berezia duen akordeoiari, "infernuko hauspoa" dei tzen zaio (zitzaion). Dantzarako zen, eta garaiko moralzale eta moral-zaintzaileentzat bekatu egiteko dei eta oihu omen zen.

'Maketo' hitza, seguru asko, frantsesezko 'métèque' hitzetik etorriko da, eta Sabino Aranak eta nazionalista zaharrek erabiltzen zuten lehen boladako etorkinak izendatzeko. Hauek, zer esanik ez, multzoka eta andanaka etorri ziren, jatorrizko herrietan nagusi zen eskasiatik eta hilgarri zen gose-girotik ihes eginez. Juan Aranzadik, 'El País' egunkarian idatzitako artikulu batean, gogorarazten du 'maketo' hitzaz etorkin pobreei deitzen zitzaiela eta ez aberatsei. Aldea dago, jakina.

Etorkinik gehienak, lehen eta bigarren boladan, hegoaldetik etorri ziren. Han mendeetan metatu eta multiplikatu egin baitira pobrezia eta injustizia. Garai batean (haurtzaroko oroitzapenak dira), etorkinei 'coreanos' deitzen zitzaien. Korean gerra bat piztu zelako, telebistan eta zinema-aretoetan ikusten genituen gizon eta emakume txiki eta arrotz aurpegi haien antza hartu genielako, agian, etorkin berriei. Ez zegoen herri edo hiririk Euskal Herrian bere 'Korea' partikularra izan ez zuenik.

Urte asko dira Mikel Azurmendik 'Euskadin Castillan bezala' izeneko poema idatzi zuela. Imanol Larzabalek kantatu zuen eta horrek zabaldu zuen euskal munduan. Poema hori 'Euskal Literatura 72' izeneko liburuan argitaratu zen. Mikel Azurmendi, garai hartan, Otero eta Aresti baino marxistagoa zen, zilegi baldin bada marxismo kontuetan graduak eta mailak neurtzea. Baina Mikel Azurmendi barnetik kanpora begira jarri zen poeta zen (euskal herritik erdal herrira). Poemak esaten duena, bestalde, oso da zaharra, gariz jositako landa edo soro bat bezain an tzinakoa. Proletario guztien batasuna eta langile guztien arteko elkartasuna aldarrikatzen eta janari bila aritzeko behar eterno eta betiko hori deitoratzen du. Azurmendiren Segurako aitonak, dirua behar zuenean, ogia erosteko (familia mantentzeko) Gaztelara jotzen zuen; eta han, jornalaren truke lan egiten zuten segalari tropara biltzen zen. Eta bestalde, Gaztelako langileek, bizi-irauteko behar zuten dirua lortzeko, Goierrira jotzen zuten, hango fabriketan lan egitera:

«Ene Segurako aitonak/ ogia behar zuenean/ Castillara joaten zen/ jornalaritzara,/ morrointzara».

Euskal poema gutxitan sumatzen da norberaren lurraldetik kanpoko zerbaiti atxiki tzeko grina hori: Goierri edo Gaztela, joan-etorriko jendearen pausaleku baino ez dira.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos