http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Lesio medularrak ekiditeko aholkuak eman dituzte Euskadiko fisioterapeutek

Udan uretako jarduerak ugaritu egiten dira eta hori da lesio medulara eragin diezaiguketen istripuen eragile nagusietako bat.
Udan uretako jarduerak ugaritu egiten dira eta hori da lesio medulara eragin diezaiguketen istripuen eragile nagusietako bat. / Iván Benitez

Lesio mota hauek 25.000tik gora pertsona kaltetzen dituzte urtero Espainian

JAN ECHEVARRÍA

Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) bideo bat prestatu du lesio medularren zati handi bat prebenitzeko '12 hilabete, 12 osasun-gomendio' kanpainaren barruan. Espainiar estatuan 25.000 pertsonak baino gehiagok pairatzen dituzte urtero lesio mota hauek eta, datuek erakusten dutenaren arabera, trafiko-istripuak edo uretan gertatutako erorketa larriak dira lesio mota honen kausa nagusiak.

Prebentzioa areagotuz ekidin daitezke lesio honek dakarren ondorio larriak. Hori dela eta, EFEOk, lesio medularrik ohikoenetako batzuk saihesten laguntzeko asmoz, jarraibide erraz batzuk bildu ditu prestatutako bideoan. June Ruiz Orcajo EFEOko presidenteordeak gogoratu duenez, «prebentzioa da lesio medularrak saihesteko tratamendurik onena».

Oinarrizko gomendioak denok dakizkigu, baina antza denez nohizbehinka burura berriro ekartzea ez dago txarto. Gauzak horrela Fisioterapeuten Elkargoak gomendatzen digu «kotxea hartzean, zorroztasun osoz errespetatzea zirkulazio-arauak eta abiadura-mugapenak, ibilgailua egoera onean mantenduz eta aldizka egin beharreko ikuskapenak eginez. Horrek guztiak lesio medularra eragin diezaigukeen istripu bat izatea ekidin dezake». Hortaz aparte, askotan hidratatzea gomendatzen dute «bi orduz behin geldituz».

«Kontuz igerilekuetan»

Uretako jarduerak oso arriskutsuak direla gogoratzen dute EFEO-tik kirol arloko istripuei buruz hitz egiten dutenean . Euren hitzetan, «udan uretako jarduerak ugaritu egiten dira eta hori da lesio medulara eragin diezaiguketen istripuen eragile nagusietako bat». Uretan arriskuak saihesteko, euskal fisioterapeutek garrantzi handikotzat jo dute keinu txiki batzuk kontuan hartzea, hala nola, «uretara jauzi egin aurretik igerilekuaren sakonera egiaztatzea edo eskuak buruaren aurretik jartzea. Horrela, inpaktua izatekotan, kolpea eskuek hartuko dute eta ez buruak».

Lesio medularra pairatzen dugula susmatzekotan, larrialdi zerbitzuetara deitu behar dugula gogoratzen dute ere fisioterapeutek, istripua hartu duen pertsona mugitu gabe mantendu behar dugula ideiarekin batera, lesioa larriagoa bihur ez dadin.

Diagnostikoa egin eta gero, fisioterapiaren eginkizuna erabakigarria izango da lesio medularren tratamendua egiteko. Izan ere, pazientea osotasunean artatuko du eta Ruiz Orcajoren hiztetan: «Pazienteari mugikortasuna berreskuratzen laguntzeaz gain, gizartean eta lan-munduan txertatzen lagunduko dion errehabilitazio funtzionala ere egingo zaio. Lesio larrienak dituzten pazienteen kasuan, exoeskeletoaz baliatuko dira profesionalak, zutik jarri eta ibiltzeak dakartzan onurez profitatzen jarraitzeko aukera izan dezaten»

Hortaz aparte, esfortzuarekiko erresistentzia hobetzea, lesio medularra pairatu duen pertsonak bizi-kalitate ona izan dezan, izango da ere fisioterapeuten zeregina.«Arnasketa-funtzio egokia mantentzeaz arduratzen dira eta kontrakturak eta tendinitisak bezalako bigarren mailako lesioak konpontzeaz ere», dio EFEOko presidenteordeak .

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos