http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Leninen trena

'Bidaide' izenak zer esan nahi duen Catherine Merridale-ren liburua irakurrita jakin nuen. Leninekin batera tren itxian sartu zirenak deitzeko modua zen

Vladimir Illich Lenin, Kremlineko buelgoan./AP
Vladimir Illich Lenin, Kremlineko buelgoan. / AP
FELIPE JUARISTI

Argitaratu berria da 'El tren de Lenin', Catherine Merridale-ren liburua. Iraultza sobietarra gertatu zela ehun urte bete dira eta urteurren horren karietara argitaratu delakoan nago, beste liburu asko argitaratu diren bezala. Baina liburuarekiko nire interesa beste kontu batekin hasi zen, eta Malmoe hiriarekin du zerikusia. Suedia ezagutzen ez duenari esan behar zaio Malmoe hiria gune industriala izan dela betidanik, bertan baitzegoen kokatua nazio hartako ontziolarik ezagunena, fama handikoa, gainera.Gaur egun, unibertsitatea duen hiria da eta ikasle asko biltzen dira bertara. Hiri ederra da, suediar estiloan noski. Plaza handiak dauzka eta kaleak oinezkoentzako prestatuak. Jende gehiena bizikletaz ibiltzen da eta, horregatik, kale bazter guztiak daude bizikletaz josita, lotu gabe, gainera.

Etorkin asko jaso duen hiria ere bada; beste hiriek baino gehiago hartu ditu: hirutik bat etorkina da, eta horietatik gehienak musulmanak. Horrek arazo bat baino gehiago sortu izan du, konbibentziaren kaltegarri; baina horrek ere auzo itxuraz ezberdinak eraiki ditu, multikulturalismoaren ereduari jarraiki. Hiria bisitatzera joana nintzela, hona ekartzera merezi ez duten asuntoengatik, argi askorik ez bailiokete emango auziari, ostatu hartu nuen Savoy hotelean.

Literaturan aditua izan gabe, pixka bat orriz orri eta liburuz liburu ibili denari ezaguna izango zaio izen hori. Esate baterako, badu Joseph Rothek eleberri zoragarri bat, 'Hotel Savoy' izenburuduna, non deskribatzen duen Alemaniako giroa, Lehen Mundu Gerra gertatu eta gero. Malmoeko hotela, tren geltokiaren aurrean kokatua, eraikin dekadentea da, garai bateko edertasuna erakusten duena, bere erara, bere garaikoa balitz bezala. Harrera gelan plaka bat dago, eta bertan erakusten dira sona handiko bisitarien izenak. Ez da oso itsua izan behar Leninen izena ikusteko, oso nabarmena baita. Hori dela eta, hain zuzen, hasi nintzen ikertzen, neure neurrien arabera, munduaren sustraiak erabat aldatu zituen gizonaren ibilbidea.

Catherine Merrideleren liburuan azaltzen denez, Leninek eta bere lagunek, alegia 'bidaideek', hotel horretan egin zuten egonaldia, bertako jatetxean gehiago, logeletan baino. Egia esatera, 'bidaide' izenak zer esan nahi zuen liburua irakurrita jakin nuen. Leninekin batera tren itxian sartu zirenak deitzeko modua zen. Gero, izendapena zabaldu izan da eta, gaur egun, Leninen tren 'metaforikoan' doazenak ere hartzen ditu. Baina ez da kontua soilik Leninek eta bere bidaideek nola igaro zuten denbora jakitea, memoriaren monumentu baten aurrean egoteak dakarren sentipen eta hunkipenaz jabetzea baino.

Lenin Zurichetik abiatu zen, han baitzegoen, beste kamarada asko bezala, erbesteratuta. Liburuaren muinean dago ea zein neurritan baliatu zuen Leninek alemaniarrek errusiarrekin gerra amaitzeko zuten gogoa. Estatu Batuetako gobernuak gerran sartzea erabaki zuen unetik aurrera, indar guztiak mendebaldean jarri eta aliatuen aurka egin nahi baitzuten.

Historiagileak frogatzen du interes handia zutela alemaniarrek Lenin (Vladímir Ilich Uliánov) Errusiara bidaltzeko, gerraren aurka agertu baitzen; eta Leninek ere interesa zuela Errusiara iristeko, iraultzaren gidari jarri nahi zuelako. Joko horretan, to eta tati, oso maisua zela Lenin azaltzen digu egileak, engainatu baitzituen bai alemaniarrak baita errusiarrak berak ere. Izan ere, frogatuta geratzen denez, Leninek ez zuen bidaia hori egiterik izango, alemaniarrek nahi izan ez bazuten. Eta hor dago liburuaren muina, frogatzen baita joko politikoan Leninek denen maisu izan zela.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos