http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Lemoiz

Lemoiz
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Lemoizen koskortu nintzen, erreaktore nuklearretik gertu. Manifestazio eta ‘Lemoiz apurtu’ edo ‘Nuklearrak ez, eskerrik asko’ pintadak ikustera ohituta. Ez zen giro. Guardia Zibilaren kontrolak, metrailetak, linternak. Segurtasun perimetroak. Orain, ganbak haziko dituzte Lemoizen». Horrela laburbildu zuen aurreko astean bere haurtzaroa sare sozial batean Nere Basabek. Idazle bilbotar honen eskarmentu eta pasadizoak beste pertsona askok bizi zituztenak bezalakoak dira. Basabek Lemoizen irekiko duten arrain-haztegiari buruz hitz egiten zuen.

Zenbait alderdik beste erabilera batzuk emango lizkiokete zentralari, baina erabilerarik onena ez bada ere, denboraldi bortitz eta problematiko bat atzean utziko dute Lemoizen behin-betiko. Denboraren poderioak indar itzela dauka. Nork esango luke 80ko hamarkadan, Lemoiz mihi-arrain, otarrainxka edo erreboiloen arrain-haztegi bihurtuko zela etorkizun batean. Baina, esaten nuenez, denborak dena eraldatzen du.

Lemoizko kasua baino harrigarriagoa da Alemaniako Kalkar hirikoa. Urtean zehar bertan egon zen zentrala, jolas-parke erraldoia da egun. Gainera, atrakziorik ikusgarriena erreaktorearen barruan omen dago. Tira, hamaika ikusteko jaioak gara. Nik Lemoizko ganbak Huelvakoak baino merkeagoak izatea espero dut; Huelvako ganbak ez dira radioaktiboak izango, baina baliteke kriptonita eramatea, hain dira garesti. Garestiegiak. Azken finean, denborak gauza ikusgarriak egiten dituen bitartean, guk zeregin xumeagoak bete behar ditugu: hilabetearen bukaerara iristea, geure alboan dugunak zaintzea eta geure memoria mantentzea. Nere Basabek, adibidez, ez ditu ahaztuko Lemoizen bizi dituenak. Baina han hazi ez ginenok ere gogoratuko ditugu hantxe gertatu zena? Zoriontsuak izango gara eta ganbak jango ditugu ipuin goxo honetan. Pozten naiz: Lemoizek merezi du energia nuklearretik eta porlanezko mastodontetik urrun sentitzea. Baina batzuetan geure memoria kritikoa ere jolas-parke batean dagoela iruditzen zait, erreaktore nuklear batean sartuta, biraka eta saltoka, lehenaldiak ematen ditugun irakaspenak barneratzeko ezintasunean.

Temas

Lemoiz

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos