http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Lehiaketa bat azkentzen ari da trenbidea lurperatzeak libre uzten duen espaziorako aukerak zehazteko

Lehiaketa bat azkentzen ari da trenbidea lurperatzeak libre uzten duen espaziorako aukerak zehazteko

SERGIO EGUÍA

Gorka Urtaran alkateak gaur iragarri duenez, udal gobernua lehiaketa bat azkentzen ari da trenbidea lurperatzeak libre uzten duen espaziorako aukerak zehazteko asmoz. Trenbideak gaur egun sortzen duen muga desagerraraztea da helburua, hiri-bilbeari jarraitutasuna emanez, eta gizarte, ekonomia eta bizitegi biziberritzea ahalbidetzea. Horretaz gain, ekialdearen eta mendebaldearen arteko konexioa iraunkortasun-irizpideen arabera antolatu nahi da.

Alkateak azaldu duenez, laster onetsiko da lehiaketaren baldintza-agiria, libre utzitako lurren antolakuntza proiektua egiteko, eta horren bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioa, hirigintza eta ingurumen-inpaktua zein hiri mugikortasunean izango duen eragina balioesteko, iraunkortasun-parametroak oinarritzat hartuta. Udalak 100.000 euro bideratuko ditu lehiaketa horretara.

Udal gobernuak Gasteizko erdialdea birgaitu, biziberritu eta berpizteko landu duen Erdigunerako Masterplanean jasotako ekintzetako bat da. «Lurperatzea Gasteiz eraldatzeko aukera historikoa da, eta hiri iraultza horretarako prest egon nahi eta behar dugu», adierazi du alkateak Hirigintza Batzordean egin duen agerraldian; era berean, Erdigunerako Masterplanean aurreikusitako beste proiektu batzuen eboluzioaren berri eman du.

Duela urte erdi baino gehixeago iragarritako 20 jardueretatik, ia erdia eginda edo hasita dago. Dagoeneko ARICHen egoitza saltoki bihurtu da, eta foru gizarte-zerbitzuen bulegoak San Prudentzio kaleko 30.eko eraikinera aldatu dira. Santa Barbara plazako obrak —Bost Enparantza planaren abiapuntua— aurrera doaz, erritmo onean. Dato kalearen eta Alaba Jeneralaren kalearen artean Kutxabank-ek duen eraikina etxebizitzetarako eta merkataritza zein ostalaritzarako erabiltzeko ekintzak ere bideratuta daude. Orobat, Udala izapideak egiten hasi da Zulueta jauregia Arabako Errioxako ardoaren zentro bihurtzeko.

Bestetik, aste honetan bertan jaso da hirigintza proiektua Alaba Jeneralaren kaleak, Dato kaleak eta San Prudentzio kaleak osatzen duten etxadia berrantolatzeko, eta horren barruko zati bat eraisteko lizentzia tramitatzen ari da. Hain zuzen ere, egitasmo hori zen alkatearen agerraldiaren arrazoia, eta gaur egun proiektua zertan den azaldu du.

Desblokeatzeko eskaera

Gorka Urtaranek positibotzat jo du Erdigunerako Masterplanaren barruan abian jarritako proiektuen egoera, eta gainerako talde politikoei berriro ere eskatu die beste ekintza batzuk desblokeatzeko, esate baterako, Goya eraikinaren erabileren definizioa —udal gobernuaren negoziazioen ondorioz udalarena izatera igaro baita— eta Florida kaleko 53.eko orubean aurreikusitako etxebizitzen proiektua.

Azken horri dagokionez, alkateak azaldu du taldeek orubearen jabeekin egindako lehen hitzarmena ontzat jo ez bazuten ere, proiektuaren sustatzaileek orain beheko solairuko aretoak eskaintzen dizkiotela Udalari, gainbalioaren % 15az gain. Alkateak oposizioari eskatu dio «batzeko eta ez blokeatzeko, bistakoa baita erdigunea mugitzen ari dela, eta hiria martxan dagoela».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos