http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Lantzeko inauteriak, kalejirak, bertso bazkaria eta 80’s party-rekin batera ospatuko dituzte Aratusteak Bermeon

Herritarrek adin eta estilo guztietarako ekintzatan parte hartzeko aukera izango dute gaurtik 17ra bitartean

IZASKUN MOYANO

Oro har, inauterietako jaiek egun pare bat edo asko jota, astebete irauten dituzte. Bermeon ordea, bi astetan zehar murgilduko dira herritarrak Aratuste jaietan. Gaurtik hasita, hilaren 17ra bitartean kolore eta mozorroak izango dira nagusi udalerriko kaleetan zehar. Eta noski, ez dira faltako adin eta estilo ezberdinetako lagunentzat prestatu diren ekintzak. Besteak beste, umeentzako txotxongiloak, Lantzeko inauteriak, tabernen mozorro lehiaketa, tostada txapelketa, kalejirak, batukada, bertso bazkaria eta 80's party.

Gaur, Alkartasuna Dantza Taldearen eskutik, Lantzeko inauteriak prestatzeko dantza tailerra egongo da Bermeoko Kultur etxean 11.00etatik 12.00etara. Era honetara, hilaren 10ean zapatuan, Lantzeko inauterietarako prest egongo dira, 12.30etik aurrera herriko kaleetan zehar dantzan ibiltzeko. Bestalde, otsailaren 9an, barikuan, 'La enanaranja' taldeak 'Kontu kantari 2- mendia ibiltari' umeentzako txotxongilo emanaldia eskainiko du Bermeoko Kafe Antzokian arratsaldeko 18.30ean. Eta hurrengo egunean Tostada Txapelketa ospatuko da Kabidxe kultur gunean.

Otsailaren 13an, Aratuste Martitzena ospatzen da herrian. Honako honetan, Erroxape taldeak gitarren martxarekin emango dio hasiera egunari goizeko 11.30tan. Horrez gain, ikastetxeetako umeak kalejiran aterako dira. Era berean, Tabernen Mozorro Txapelketako irabazleak zeintzuk diren jakinaraziko da. Baina ekintzak ez dira hor bukatzen, izan ere, arratsaldean 'Brinkadeira' batukada taldearen txanda izango da. 13.00tik aurrera kaleak animatuko dituzte danborren hotsaz baliatuz. 16.30tik 20.00ra FM Dantzaldia egongo da Lamera partean, eta DJ Unai Goikoleak gaua animatuko du Kafe Antzokian.

Baina orduan ez dira Aratusteak bukatuko. Izan ere, otsailaren 17an Txosna Batzordeak antolatuta 'Aldianak, aldianuek eta olatuek ekarrikuek' ekimena ospatuko da eguerdiko 12.00tik aurrera. Bertara herritarrak itsasoko elementuez zein baserrikoek mozorrotuta joan beharko dira. Ondoren, 15.00tan bertso bazkaria antolatu da, eta gaueko 21.30tik aurrera '80's party'-n gorputza mugitzeko aukera izango dute Kafe Antzokian.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos