http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

334 lanpostu sortzeko aukera emango du Vitoria-Gasteiz 2017 Enplegu Planak

334 lanpostu sortzeko aukera emango du Vitoria-Gasteiz 2017 Enplegu Planak

2.860.364 euroko aurrekontua du ekimenak, Eusko Jaurlaritzaren ekarpen ekonomikorik handiena, eskualdeko enplegu-planak daudenetik

SERGIO EGUÍA

Vitoria-Gasteiz 2017 Enplegu Plana aurkeztu dute Gasteizko Alkate Gorka Urtaranek eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, erakunde eta enpresen baterako ahaleginari esker udalerrian 334 lanpostu berri sortzeko aukera emango duen ekimena. Horretarako, 2.860.364 euroko aurrekontua izango du planak, esparru horretako eskualdeko planak martxan jarri zirenez geroztik Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Udalari enplegua sortzeko inoiz egin dion ekarpenik handiena, hain zuzen ere.

Enplegu egonkor eta kalitatekoa sortzea da Vitoria-Gasteiz 2017 Enplegu Planaren helburu nagusia, lan-merkatura sartzeko zailtasun gehien dituzten kolektiboei lehentasuna emanik. Bidenabar, enpresa-ehun lokalaren jarduera dinamizatzeko balio izango du, eta, gainera, iraunkortasunari eta berrikuntzari lotutako sektoreetan enplegu-nitxo berriak sustatuko ditu. Azkenik, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak uste dute plan hori balio handiko tresna dela prestakuntzaren eta lanbide-kualifikazioaren arloko programak osatzeko orduan.

“Gasteizko ehun ekonomikoa pultsua berreskuratzen ari da, eta horren frogarik argiena dugu azken bi urteetan eta erdian 4.400 langabe gutxiago izatea lortu dela. Enpresen inplikazioari esker izan da posible emaitza hori, eta, aldi berean, enplegu-sorkuntzarekin konprometituta dauden erakundeek elkarrekin egin duten lanari esker. Udalak eta Eusko Jaurlaritzak enplegu egonkor eta kalitatekoaren alde egina duten apustuaren adierazgarririk onena dugu enplegu-plan hau”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek, berriz, honela adierazi du: “Lanbideren bitartez hiru lurraldeetan martxan jarri ditugun enplegu-plan lokalak gaur egun oraindik ere lan-merkatura sartzeko zailtasun gehien dituzten kolektiboei zuzenduta daude. Lan-kontratu baten bitartez izango duten esperientzia profesionalaren ondoren, errazago izango dute behin betiko lan-merkatuan sartzea”. Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bitartez, 22 milioi euro bideratu ditu aurten enplegu-plan lokaletara, 2016an baino bat gehiago.

Vitoria-Gasteiz 2017 Enplegu Planaren zifra nagusiak

Enplegu Plana indarrean den bitartean 334 lanpostu sortuko direla aurreikusten da. Horietatik, 159 Gasteizko Udalak egingo dituen kontratazioen ondorio izango dira, eta gainerako 175ak, berriz, enpresa lokalek egingo dituzten kontratuen ondorio. Hain zuzen ere, duela egun gutxi onetsi zuen Tokiko Gobernu Batzarrak kontrataziorako laguntza ekonomikoak emateko deialdia, 1.050.000 euroko diru-zuzkidurarekin.

Lehentasuna, langabeziak gehien eragiten dien kolektiboei

Lan-merkatura sartzeko zailtasun gehien dituzten kolektiboekiko konpromisoa da Vitoria-Gasteiz 2017 Enplegu Planaren ildo estrategikoetako bat. Zentzu horretan, lehentasuna izango dute honako hauei egiten zaizkien kontratuek: emakumeei, 55 urtetik gorakoei, 45 urtetik 54ra bitartekoei, lehen enplegua lortzen duten 35 urtetik beherakoei, langabezian luzaroan daudenei, diru-sarrerak bermatzeko errentaren jasotzaileei eta dibertsitate funtzionala dutenei.

Era berean, eta enpleguaren egonkortasunari eta kalitateari lehentasuna emate aldera, enpresek kontratazioak egiteko berariazko ildoan, lehentasuna izango dute lanaldi osorako egiten diren kontratazioek, lanaldi partzialekoen aldean. Gainera, kontratu mugagabeek balorazio handiagoa izango dute laguntza emateko orduan, aldi baterakoek baino.

Enplegu-planean sartzea

Vitoria-Gasteiz 2017 Enplegu Planaren barruan kontratatzen diren pertsonek Gasteizko bizilagunak izan beharko dute, langabezian egon eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon. Hortaz, ez dago inongo eskabiderik egin beharrik aurreikusitako kontraturen bat eskuratu ahal izateko; izan ere, Lanbide bera izango da lehenengoz hautagiak aukeratuko dituena, kontuan izanik zein enplegu eskaintzen diren eta zein profil dituzten eskatzaileek.

Vitoria-Gasteiz 2017 Enplegu Planaren bitartez sinatzen diren kontratu guztiek gutxienez sei hilabeteko iraupena izango dute. Gasteizko Udalak zuzenean sustatzen dituenek % 75eko lanaldia izango dute.

Sektore pribatuak kontratuak egiteko laguntzen kasuan, enpresa bakoitzak gehienez ere bi laguntza eskuratu ahal izango ditu —hiru, baldin eta gizarteratze-enpresa bada—. 6.000 euro izango da gehieneko zenbatekoa, sei hilabeteko edo hortik gorako lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko; kontratatutako pertsona laneratzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboetako batekoa bada, 9.000 euroko laguntza emango da.

Jarduera-sektore estrategikoetako kontratazioa

Gasteizko Udalak Enplegu Planaren barruan zuzenean bultzatzen dituen 159 enpleguek era horretako kontratuen bolumenik handiena egiten dute, ekimena abian jarri zenetik. Horien bitartez, iraunkortasunari eta berrikuntzari lotutako sektoreetan enplegu-nitxo berriak bultzatuko dira bereziki.

Eraikinen birgaikuntza iraunkorra / energia-eraginkortasuna: 44 lanpostu sortzea aurreikusten da, urrezko auzoetan energia-eraginkortasunaren arloko irizpideak aintzat harturik birgaitzeko proiektuak garatzeko berebiziko munta duen sektore horretan. Beste 16 enplegu lan eta azterlanak egiteko izango dira.

Paisaiaren egokitzapena: 5 lanpostu sortuko dira, berdeguneak hobetzeko, bereziki kontuan harturik enplegagarritasun handiena duten profilak.

Ingurumenaren arloan ikertu eta tresnak garatzea: 21 enplegu aurreikusi dira, hainbat proiektu garatzeko, hala nola, lurrak lehengoratzeko teknika berrien bilaketa, Gasteizko biodibertsitatearen kontserbazio-estrategia edo nekazaritzako elikagaien estrategia lokaletik eratorritako ekintza-plana.

Gizarte-berrikuntzako proiektuak: 4 lanpostu, Gizarte Politiken udal arloarekin lotuak, bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako edo esklusio-egoeran dauden adinekoei arreta eskaintzeko ekimenak burutzeko.

Beste esparru hauetan hainbat proiektu martxan jartzeko ere sortuko da enplegua: euskararen erabileraren normalizazioa, hiriaren identitate digitala sendotzea, udalerriko nekazaritza-eremuko kontzejuei laguntza ematea, iruzur fiskalaren kontrako borroka, herritarren partaidetza edo berdintasunerako politikak.

Vitoria-Gasteiz 2016 Enplegu Planean egin zen zuzeneko kontratazioaren barruan, nabarmendu beharra dago parte hartu zuten pertsonen asebetetze-maila handia —8,49 puntu, 10ean gainean—. Era berean nabarmentzekoa da kualifikazio handiko parte-hartzaileen kopurua —% 49,66—, eta 35 urtetik beherako gazteak izan zirela nagusi —% 60,40—.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos