http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Lagunartean euskaraz egiteko aukera eskainiko du Berbalagun egitasmoak Bermeon

Bermeoko Lamera parkea. / M. Salguero

Indartutako ekintza osagarrietan parte hartzeko aukera egongo da eta mintzapraktika online zerbitzua eskainiko da

IZASKUN MOYANO

Bermeoko Udaleko Euskara Sailak abian jarri du Berbalagun egitasmoa eta, aurten ere, 'Praktikatu eta bizi' mezuarekin dator; izan ere, egitasmo honetan parte hartzen duten pertsonei, lagunartean, euskaraz berba egiteko eta praktikatzeko aukerak eman nahi zaizkie, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo.

Maite Alvarezek, Bermeoko Udaleko Euskara teknikariak, Marimar Hernándezek, Berbalagunen dinamizatzaileak, eta Iratxe Garmendiak, Karmele Zarainek eta Rosa Santosek, AEK, Gotzon Garitonaindia eta Hizkuntza Eskolako ordezkariek, hurrenez hurren, Berbalagun egitasmoa aurkeztu zuten pasadan astean prentsaurrekoan.

Euskara teknikariak azaldu zuenez, Berbalagun egitasmoa «elkarlanean» egiten da, «oso harrera ona du eta, gainera, urtez urte aberastuz doa». «Parte hartzaileek pozik daude Berbalagunekin; izan ere, adierazten dutenez, ikasitakoa era natural batean adierazteko aukera ematen die», esan zuen.

Ildo horretan, azpimarratu zuenez, Berbalagunen parte hartzen duten pertsonek «lagunartean euskaraz eginez, hizkuntza bizia eta adierazkorra lantzen dute eta erraztasuna hartzen dute egunerokotasunean euskara erabiltzeko, horregatik, diogu, bada, praktikatu eta bizi».

Euskara teknikariak adierazi zuenez, Berbalagun egitasmoan «edonork parte hartu dezake: euskararen bidea egiten ari denak, praktikaren bidez euskara hobetu nahi duenak edota euskaraz bizitzeko aukera gehiagoren bila dabilenak».

Ildo horretan, zehaztu zuenez, 5-6 laguneko taldeak izaten dira, eta horiek osatzeko kontuan hartzen dira parte-hartzaileen disponibilitatea, adina eta zaletasunak. «Mintzataldeak bildu  ahal dira kafetegian, tabernan edo paseoan ibiltzeko… parte-hartzaileek erabakitzen dute non eta noiz, beti lagun giroan», gaineratu du.

«Berbalagunek euskara praktikatuz ondo pasatzeko aukera ematen du; izan ere, aisialdian egiteko egitasmoa da. Ez da eskola bat , modu ludiko eta natural batean, Berbalaguneko kideek espazio berriak bilatzen dituzte euskaraz egiteko, lagunartean euskarara hurbiltzeko eta euskara praktikatzeko», azaldu du Marimar Hernandezek.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos