http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kukai taldeak, 'Go!azen'en grabazioan

Jon Maya, telesailaren grabazioan./
Jon Maya, telesailaren grabazioan.

Telesail arrakastatsuaren denboraldi berria ari dira grabatzen aurtengo udan eta Jon Mayak zuzentzen duen taldeko dantzariak bertan izan dira

ELCORREO.COM

Kukai dantza taldeak 'Go!azen' telesailaren grabazioan hartu du parte aste honetan. ETB1eko telesail arrakastatsuaren denboraldi berria grabatzen ari dira aurtengo udan Azpeitian, Jesusen Bihotzaren Esklaboen komentuan, eta Jon Mayak zuzentzen duen taldeko dantzariak han izan dira, denboraldi berrian parte hartzeko.

Kukai Errenteriako dantza talde saritua telesaileko azken atalean arituko da, trama nagusiko koreografia batean. Bertan, Enkore taldeko 'Ozen oihukatu' abestiaren bertsio bat abestu eta dantzatuko dute telesaileko protagonistek Kukaieko kideekin batera. Abestia, jakina, estilo ezberdinetara moldatua eta egokitua izango da.

«Denboraldi berrian, musika eta dantzako alor eta estilo ezberdinak ekartzeko ahalegina egiten ari gara, eta horren adierazgarri dugu Kukairen parte hartzea azken atalean eta Euskadi Orkestra Sinfonikoarena lehenengoan», azaldu du Xabi Zabaleta Pausoka ekoiztetxeko Proiektu Berrien zuzendariak.

Arrakasta handia, gaztetxoen artean

Ekainaren 20an hasi ziren grabatzen 'Go!azen' telesailaren denboraldi berria eta abuztuaren 25ean amaituko dute. Pausokak eta ETBk ekoiztutako telesailak Basakabi udalekuan euskal neska eta mutil talde baten ibilerak ditu ardatz. 2008an sortutako proiektuari iaz eman zioten segida eta arrakasta handia izan zuen gaztetxoen artean.

Datorren ikasturtean, beraz, Basakabi udalekuko abenturek jarraituko dute ETB1en. Umorea, maitasuna eta musika tartekatuko ditu telesailak hamahiru atal berritan.

Aurreko denboraldian aritutako Paula Etxeberria, Miren Arrieta, Ainhoa Larrañaga, Markel Gajate, Aritz Mendiola, Asier Burguete eta Oihan Morenorekin batera, Nerea Mazo, Sara Nieto, Beñat Iturbe eta Iholdi Beristain lehen aldiz jarriko dira kamera aurrean telesail batean. Azken honek 'Bago!az' saioa irabazi ondoren lortu du txartela 'Go!azen'en parte hartzeko. Ramon Agirrek, Karmele Larrinagak eta Inma Fernandezek ere jarraituko dute.

Hainbat garaitako euskal abesti ezagun asko entzun ahal izango dira telesailean berriro ere: Negu Gorriak, Gatibu, Urtz, Xabi Solano, Hesian, Huntza, Berri Txarrak, The Uski´s, esate baterako.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos