http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kristalezko botilekin bildutako euroak laguntza humanitarioetara zuzenduko dira

Zehazki, UNICEFi eman dizkiote 6.385 euro

ELCORREO.COM

Ricardo Barkala Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko presidenteak eta Eduardo Ubieta Bizkaia-Slow elkarteko presidenteak 6.385 euroko balioa duen txeke bat eman diote astelehen honetan Isidro Elezgarai UNICEF erakundearen Euskal Herriko batzordeko presidenteari. 'H2O Bilbao, mesedez!' kanpainaren baitan saldutakp Jaume Falconer diseinatzailearen kristalezko botila solidarioei esker lortu den dirua da.

Kanpaina urte amaieran jarri zuten martxan, Bizkaiko ostalaritza lokaletan txorrotako uraren kontsumoa sustatzeko. Gatazka eremuetan, lehorte edo gosete handiko tokietan, haurrei zuzendutako hainbat proiektu martxan jartzeko erabiliko da dirua, dohaintza aurkezteko egindako ekitaldian azaldu dutenez.

Kanpainan 30 bat establezimenduk parte hartu dute, ostalaritza lokalek bezeroei txorrotako ura eskaintzea sustatzeko asmoz. Kalitate oso oneko ura daukaten tokietan gero eta gehiago hedatzen ari den ohitura bat da. Toki horietako bat Euskadi da; izan ere, gizakien kontsumorako baliabideak, funtsean, Natura 2000 Sareko eremuetatik hartzen dira. "Gainera, botilako uraren ordez txorrotako ura edateak abantaila ugari ditu, nagusiki, ingurumenaren kontserbazioarekin eta zaintzarekin zerikusia dutenak", adierazi dute.

Ekimena martxan jartzeko, Jaume Falconer artistak kristalezko botila bat diseinatu zuen. Botilaren gainean "Bilboko txorrotako ura" idatzi zuen euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, italieraz, errusieraz, arabieraz eta txineraz. Horrela, establezimenduko kartaren bitartez, txorrotako ura edateko aukera eskaintzen da.

Kanpainaren helburua ez da soilik Bilboko uraren kalitate onari balioa ematea. Helburu solidario bat ere dauka: kolaboratzaileen jatetxeetan eta norbanakoei saldutako botilekin bildutako dirua UNICEF erakundeari eman zaio. Guztira, 1.277 botila solidario saldu dira, ale bakoitza bost euroko prezioan.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos