http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Krisiaren buruan

Hamar urteren buruan, gertatu denak gehiengo osoa pobretu du eta gutxiengo bat aberastu

ARANTXA URRETABIZKAIA

Ez hain aspaldian, oraindik zetorkigunaren sakonaz jabetu ez ginenean, uste genuen krisia laster bukatuko zela, aurreko krisialdiekin gertatu zen bezala eta orduan, eguzkiak euriak bustitako kaleak lehortzen dituen moduan, egoera bere onera itzuliko zela, hogeita batgarren mendearen hasieraren egoerara.

Ez genuen ulertzen, adibidez, bazter guztietan sortzen ziren eskubiderik gabeko lanpostuak ez zirela behin behinekoak. Are gehiago, oraindik kosta egiten zaigu onartzea horixe zela krisiaren helburua, gaur gazteek eta ez hain gazteek dituzten lanpostuak sortu eta egonkortzeko asmoz eragin zela krisia. Propio, krisia ez zela istripu bat izan.

Gezurra badirudi ere, ez kalea egunero zapaltzen dugunok, baizik eta jakintsu ugarik, ez ditugu aldaketak erabat egonkortu arte antzematen. Landarea loretan dagoenean antzemango bagenu bezala, ez haziak lurra zulatzen duenean eta lehen hostoak ateratzen zaizkionean.

Hamar urteren buruan, gertatu denak gehiengo osoa pobretu du eta gutxiengo bat aberastu. Epe horretan hilero mila euro irabazten zuena, zorigaizto izatetik, zorioneko izatera heldu da. Apenas bizitzeko lain zuen erretirodunak seme-alabei lagundu behar izan die edo biloben otorduak ordaindu ditu.

Eta hemen gaude, uholdea bukatu zain, burua uretik kanpo mantendu nahirik, honezkero jakin badakigu ere ura ez dela sekula bere onera itzuliko, urak ez duela bere onik. Hemen gaude, elkarri oporretan zer egingo dugun galdezka, ezer gertatu izan ez balitz bezala, gertatutakoaren erantzukizuna gurea izan balitz bezala.

Gaitz erdi ezjakintasuna oporretara mugatuko balitz, baina ondo asko dakigu ez dela horrela, irailak ez duela mirarik ekarriko. Are gehiago, badakigu ez dugula gauzak errotik aldatzeko ezer egingo, uste dugulako ez dagoela zer eginik, dagoenera egokitzea dagokigula, ez beste.

Etsipen horren barruan bilatu behar dugu argi izpiren bat, udan nahiz udazkenean, nora garamatzaten ez badakigu ere.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos