http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Krisi garaiko literatura

Jon Kortazar
JON KORTAZAR

Krisiaren garaia amaitzear antzera dagoenerako, Espainiako literaturak eta arteak oro har krisi garaiaz eman dutena aztertzen eta azaltzen hasi dira zenbait ikerle. ‘Discursos de la crisis’ da horietariko bat, egunotan esku artean izan eta gogo biziz irakurri dudan liburua.

Lanak ez du soilik literaturaz hitz egiten, ekonomiaz, politikaz eta kulturaz ere ari da oso era zuhur batean, aritu ere. Har dezagun 2008ko krisi ekonomikoaren zuztarrak: produktibitate urria eta azpi enplegua dira Espainiako ekonomia hondoratzen duten zutabe nagusi bi. Industrializazioa soilik gertatu da hiru-lau eremutan, Euskal Herria eta Katalunia tartean, eta produkzio industrialaren indarra ez da guztiz nabarmen izan Espainiaren eremu osoan.

Literaturan, baina, pixkanaka badira krisi garaia azaldu duten idazleak. Orain gutxi tesi baten defentsa ekitaldian, mahaikide batek galdetu zuen (edo hobe, ‘zigun’) zein izango ote zen krisi ostean sortuko zen literatura. Erantzuna ez da erraza, denok jakin beharko genukeelako, jakin, Lottmanek behin eta berriro gogoratzen zuen bezala, kulturaren bidea ez dela zuzena, eta maiz gertatzen direla eztandak, eta eztanda garai horiek ezin ditugula aldez aurretik ikusi, ez noiz gertatuko den edo nora joko duten. Nire aburuz, ez da oraindik sortu partidu politiko berrien literatura bat, ez da sortu Podemos-eko literatura, eta krisi garaiaz ari diren zenbait izen lehendik zetozen, lehenagotik zuten ikuspegi kritikoa. Adibidez, Chirbesek.

Krisiari buruzko nobelek zerrenda ez luzea baina bai interesgarria sortu dute: Pablo Gutiérrezen ‘Democracia’ (2012), Rafael Chirbesen ‘En la orilla’ (2013), Isaac Rosasen ‘La habitación oscura’ (2013), Benjamín Pradoren ‘Ajuste de cuentas’ (2013), Cristina Fallarásen ‘A la puta calle’, Elvira Navarroren ‘La trabajadora’, Almudena Grandesen ‘Los besos en el pan’ (2015). Nobelan soilik ez, krisi garaiak literaturari buruzko saiakeretan agertu dira Muñoz Molina, Lucía Etxebarria, edo Enric Julianaren iritzien bidez.

Krisi garaiko literatura horrek ba ote du berezitasun bateraturik? Sortu al da jada Krisi garaiko Estetika bat? Badirudi ezaugarri bi nagusitzen direla. Alde batetik, fokoa pertsonaia batengan jartzen da eta haren bizitzaren norabidea hartzen da gaitzat, baina bere bide hori, historia pribatua, garaiko ekintza nagusien testuinguruan jarri da. Beste aldetik, ez da etika nagusi bat proposatzen, gehienez krisi garaia aztertu egin da, eta arau moral desberdinen arteko hausnarketa aurkeztu. Polifonia estiloaren habe nagusia da, eta teknika horren bidez ideologia eta balio nagusien galera adierazi dute idazleek. Metafora nagusi bi zabaldu dira krisi garaiko literaturan: lakuarena, Chirbesen lanean, eta babes faltarena Jesús Carrasco idazlearen ‘Intemperie’ nobelan.

Urgentzia literatura deitu dio Pablo Gutiérrezek berak egin duen literaturari, errealitateak ez ziola ihesbiderik uzten, begien aurren sortu zen egoerak galderak sortu eta erantzunak eskatzen zituen. Eta aurrean zegoen egoera ulertezina zen. Metaforen bidez azaldu den egoera bat izan da krisia (hondora zihoan ontzia zen lehengo egoera hori), eta nobelagileak berak adierazi duenez, «ulertzeko ahalmena» da krisiak ekarri duen ondorio nagusia. Zeren metaforek zerbaiterako balio izan badute krisi garaian, egoera mozorrotzeko eta estaltzeko izan da. Horregatik hain beharrezkoa dugu literatura hau.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos