http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Biktimologiaren arloko ikerkuntza sustatzeko deialdia egin dute

Antonio Beristain Kriminologiaren Euskal Institutuaren sortzailea eta ohorezko zuzendaria izan zen 2000. urtera arte./Mikel Fraile
Antonio Beristain Kriminologiaren Euskal Institutuaren sortzailea eta ohorezko zuzendaria izan zen 2000. urtera arte. / Mikel Fraile

UPV/EHUk eta Hezkuntza Sailak Antonio Beristain Sariaren zortzigarren edizioa jarri dute martxan

JAN ECHEVARRÍA

Kriminologia hitza entzuten dugunean 'CSI' eta 'Mentes criminales' bezalako telesailak etortzen dira gure burura. Dena den, kriminalistika terminoa da kasu horretan egokiena; izan ere, hauxe da delituen azalpena eta zantzuak topatzea helburu duen teknika eta ikerketa multzoa, delituen egileak eta biktimak nortzuk diren zehaztea bilatzen duena.

Kriminalistek delitu bat nola burutu den eta nork burutu duen argitzea bilatzen duten bitartean, kriminologoek delitu hori nola prebenitu, kriminalitatea nola murriztu eta delitugilea nolakoa den eta haren jarreraren zergatia ulertzea bilatzen dute. Hala ere, kriminalistika kriminologiaren barruan sartu daitekela baieztatzen dute aditu askok.

Berdin gertatzen da biktimologiarekin. Zientzia hori norbanakoak delitu jakin batzuen biktimak izateko kausak eta bizitza estilo konkretu batzuek biktima izateko ekar ditzaketen probabilitateak ikertzen dituen ikerketa prozesua da. Honelako ikerketetan diziplina anitzek hartzen dute esku; adibidez, soziologia, psikologia edo zuzenbide penala.

Gauzak horrela, biktimologiari buruzko ikerketak sustatzeari eta bultzatzeari begira, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak, Antonio Beristain Sariaren zortzigarren deialdia egin dute, lan-eremu horri lotutako ezagutzak ulertzen eta hobetzen lagunduko duen lan zientifiko onena saritzeko asmoarekin.

Deialdia ikerketa-jarduera biktimologikoaren arloan egin nahi duten 35 urte bitarteko ikertzaileentzat dago zuzenduta, eta arreta berezia jarriko zaio terrorismoaren biktimen gaiari. Halaber, sari honetara aurkeztu daitezke ere zientzia biktimologikoaren arloan (bereziki, terrorismoaren biktimen arloan) egin diren eta, gutxienez bikain lortu duten, master edo gradu amaierako lanek (adin mugarik gabe). Saria 2.400 eurokoa da eta Kriminologiaren Euskal Institutuaren ikasturte hasierako ekitaldian emango zaio irabazleari.

Biktimen aldeko lana

Antonio Beristain Ipiña (1924-2009), Kriminologiaren Euskal Institutuaren (KREI) sortzailea eta ohorezko zuzendaria izan zen 2000. urtera arte. Delinkuentziari, Bazterkeriari eta Gizarte Harremanei buruzko Nazioarteko Ikerkuntza Zentroaren presidente eta Zuzenbide Penaleko Katedradun emerituak Europako eta Amerikako hainbat unibertsitatetan egin zuen lana, eta gai jakinetan espezializatu zen, hala nola, biktimologia, kriminologia eta presondegiak.

Bere ibilbide akademikoan, Antonio Beristainek goi-mailako hainbat aitortza jaso zituen nazioartean, non erakunde zientifiko garrantzitsuetan parte hartu zuen. Honoris Causa Doktore izendatu zuten Paue eta Adur Herrialdeetako Unibertsitatean (Frantzia) eta Buenos Airesko Lomas de Zamora Unibertsitate Nazionalean (Argentina), eta sari asko jaso zituen.

Era berean, laurehun artikulu baino gehiago argitaratu zituen estatuko eta nazioarteko aldizkarietan, ehun bat hitzaldi eman zituen, eta lankidetzan jardun zuen Ministerioko Batzordean, Espainiako Presondegietako Lege Orokorra prestatzen. Nolanahi ere, Beristainen lan zientifikoaren ezaugarri nagusia zen zientzia juridikoen, axiologikoen eta espiritualen arteko harremanak zuzenean eta beldurrik gabe aztertzea, eta baita Zuzenbide Penalaren, Kriminologiaren eta Biktimologiaren oinarrizko gaiak ere.

Egoera bidegabeei aurre eginez eta giza eskubideen aldeko lanean konpromiso handia erakutsi zuen, eta unibertsitatean igarotako azken urteotan lan handia egin zuen biktimen alde.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos