http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Korrikaren sortzaileak omendu zituen atzo Bilbok

Aburtok eskerrak eman zizkien Korrikaren sorreran parte hartu zutenei atzo ospatutako omenaldian

ELCORREO.COM

Korrikaren sortzaileei egin die ostiral honetan omenaldia Bilboko Udalak , bihar ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. Juan Mari Aburto alkatea buru izan zen ekitaldian, orain 37 urte Korrika sortu zuten AEKeko zortzi kideak omendu dituzte eta egurrezko lekuko bana eman zitzaien. Lekukoa pertsonalizatuta da eta Bilboko banderaren koloreekin apainduta dago.

Zehazki, Bitor Allende, Alvaro Gurrea, Urtsa Errazti, Bittor Artola, Josepe Zuazo, Joseba Kanpo, Julen Kaltzada, Enrique Ibabe izan dira omenduak. Azken lauak hilda daudenez gero, haien senideek jaso dute lekuko pertsonalizatua. Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria ere ekitaldian izan ziren, besteak beste.

Aburtok eskerrak eman zizkien Korrikaren sorreran parte hartu zutenei. «Euskara kalera ateratzeko eta herrialdea korritzeko ekimen horrekin herri mugimendu bat sortu da hizkuntzaren ezagutzan eta erabileran inplikatzeko, eta euskara bazter guztietara heltzea eta jendea euskaraz bizitzea lortu da. Aurten, 20. edizioan, une egokia da egindako lan bikaina aintzat hartzeko eta euskara arlo guztietan erabiltzera animatzeko. Bilbok euskaraz bizi nahi du», esan zuen.

Gainera, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, Bilboko alkateak eskakizun bat egin zien bilbotarrei, alegia, «egiten den lehenengo berba beti euskaraz izatea». «Lehenengo berba euskaraz», gaineratu zuen.

Bestalde, Urtsa Erraztik adierazi zuen omenduentzat «hunkigarria» dela Bilboko Udalaren aitortza jaso izana, eta berarentzat «bereziki hunkigarria», jada ez daudenak eta Korrikaren sorreran «hain garrantzitsuak» izan zirenak gogoratzen dituelako. Bilboko Udalari eskerrak eman ondoren, Korrikak bizirik jarraitzen duela esan zuen. «Hurrengo Korrikan ikusiko dugu elkar», ziurtatu zuen.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos