http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Koroatze auzoaren birgaikuntzaren sustatzaileek epea luzatzea adostu dute

Koroatze auzoaren birgaikuntzaren sustatzaileek epea luzatzea adostu dute

SERGIO EGUÍA

Gasteizko Udalak, Visesak, EEEk eta Giroak gaur aurkeztu dituzte Koroatze auzoa birgaitzeko SmartEnCity proiektura atxikitakoen datu eguneratuak. Orobat iragarri dute epea maiatzaren 31ra luzatzen dela eta jarduera-eremua inguruko kaleetara ere zabaldu dela. “Proiektu honen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, herritarrentzat ona dela uste baitugu”, adierazi dute.

Azaroaren 30eko epea amaitu delarik, hauxe izan da proiektuarekiko atxikimenduen balantzea:

– Batetik, 15 komunitatek egin dute bat proiektuarekin (156 etxebizitza): horietatik 13 (140 etxebizitza) proiektu osoari atxiki zaizkio (berokuntza-sarea eta birgaikuntza) eta bi (16 etxebizitza) berokuntza-sareari bakarrik.

– Bestetik, proiektuak 512 etxebizitzaren baliokidetasuna du: horietatik 356 lokalei dagozkie —Atlas gimnasioa, bingoa, Aldabe gizarte-etxea, Simone de Beauvoir eta parrokia—, eta gainerako, 156, atxikitako etxebizitzei. Berokuntza-sarea bideragarria izateko, 750 etxebizitza behar ditu, gutxienez; beraz, egun kopuru horren % 70a lortu dela esan daiteke.

Hainbat arrazoik bidezkotzen dute atxikitzeko epea 2018ko maiatzaren 31ra luzatzea: Batetik, auzokideek erabakitzeko denbora gehiago edukitzeko egindako eskaerak —Errota Zaharra elkarteak igorritako gutun baten bidez—. 48 komunitatek ez dute oraindik bozkatzeko aukerarik izan. Koroatze auzoko bizilagunek 6 hilabete izan dute proiektuari atxikitzeko, eta epea hau “oso laburra” izan dela adierazi digute auzokoek. Era berean, ez zaie hutsik egin nahi proiektuarekiko konpromisoa erakutsi duten 156 bizilagun eta merkataritza-aretoei, eta horregatik epea luzatzeko eskatu diete euskal erakundeek Europako solaskideei. Erakunde sustatzaileen eta Giroaren erabakiak orobat erantzuten dio Europar Batasunak emandako konfiantzari eta proiektu hori milioi askoko diru-laguntzen bitartez finantzatzeko asmoari —inbertsio osoa 24.720.750 eurokoa izango baita, gehi BEZ—. Izan ere, galdu egingo lirateke laguntza horiek, bizilagunek nahikoa sostengu eman ezen. Horretaz gain, auzo horrezaz haragoko proiektua da, eta Euskal Herriko hiru lurralde historikoetako auzo ahuletan errepikagarria.

Ildo beretik, proiektuaren jarduera-eremua zabaltzea erabaki dute. Mugak, orain arte, Koroatze kalea, Arriagako atea, Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kalea, Badaia kalea eta Domingo Beltran de Otazu kalea ziren; baina, bero-sarearen trazadura aldatzen delarik, bizilagun gehiagorengana iritsiko da proiektua. Horrela, hasierako proiektuan finkatutako 108 komunitateei eta 1.305 bizilagunei, beste 568 etxebizitza gehituko zaizkie —36 komunitate—, guztira 1.873 etxebizitza izateraino —144 komunitate— Proiektua kale hauetara zabaldu ahal izango da:

Badaia kalea, 1.etik 23.era

Zerkabarren kalea, 35.etik 30.era

Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kalea, 35

Domingo Beltran de Otazu kalea, 13.etik 25.era

Ziudadela plaza, 3 eta 4

Andre Maria Zuriaren plaza, 1.etik 23.era

Proiektuari uko egin dioten 630 bizilagun daudenez —44 komunitate—, esparrutik kanpoko beste batzuk sartu eta diru-laguntza izango dutela bermatzeko aukera dago. Proiektua ezagutzera emateko martxan jarritako informazio-bulegoan azken asteetan jasotako iradokizunek erakusten dutenez, hasierako esparrutik kanpoko hainbat pertsonek benetako interesa dute. Izan ere, bertan izandako hiru bisitetatik bat egungo esparrutik kanpoko bizilagunenak izan dira. Azpimarratu beharra dago proiektuarekin bat egiten duten komunitateen artean diru-laguntzak banatzeko orduan estu-estuan hartuko dela kontuan atxikitze-hurrenkera.

Gogoratu beharra dago hilabete hauetan informazio eta sentsibilizazio lan handia egin dela Koroatzeko proiektuaren inguruan, proiektua bultzatzen ari diren erakundeetatik.

Irailean hasi eta gaur arte, 67 bilera egin dira jabeen komunitateekin, informazioa emateko eta erabakiak hartzerik izan zezaten.

Kutxa kalean informazio-etxola jarri zenetik —joan den uztailaren 31n—, 401 kontsultari erantzun zaie. Nabarmentzekoa da zer nolako interesa sortu duen proiektu honek jarduera-eremutik kanpo; izan ere, kontsulten % 15 proiektuaren eremutik kanpo bizi diren pertsonek egin dituzte.

Atez ate joanez, 879 pertsonarekin kontaktatu da, hau da % 89,7rekin —976 posibleetatik—.

Azkenik, gogoratu beharra dago Eulogio Serdan kaleko 4.eko jabeen komunitatearen eraikina birgaitzeko obrei ekiteko lizentzia eskatu dela, hori izan baitzen proiektuari atxiki zitzaion lehenengo komunitatea, eta birgaitze-lanei ekiteko konpromisoa hartu baitzen berarekin, proiektuaren ibilbidea gorabehera. Datorren urteko otsailean edo martxoan hasiko dira obrak.

Informazio-lanarekin jarraitzeko, eta hartara herritarrak inplikatzen, berriro zabalduko da joan den azaroaren 30etik itxita egon den informazio-etxola abenduaren 12an, ohiko ordutegian, lanegunetan. Goizez, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara, eta asteartetik ostegunera, 17:00etatik 19:30era.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos