http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kontu eske

Harizpetik

Gehiengo osorik ez dagoenean, aurrekontuak negoziatzekoa sasoi emankorra izaten da politikoki. Norbere ildoa zehazteko eta aliatuak aukeratzeko balio du; eta oposiziotik, aldiz, gobernuan dagoena ahalik eta estuen hartzeko

Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Aurrekontuen onarpena ezinbesteko osagaia da edozein gobernuren egonkortasuna eta bideragarritasuna elikatzeko. Nabaria da hori Espainiako zein Euskadiko buruzagi instituzional gorenek azken asteotan egindako adierazpenetan. Kezka eta ardura bereziki antzematen zaizkie, jokoan dutenaz ondo ohartuta. Krisi ekonomikoak eta berau behingoan gainditzeko ondorengo ahaleginek elkarren segidako kontu publiko ordenatu eta koherenteen beharra dute. Hori oso aintzat hartzen duten eragileak egon badaude, eta baita euren interesen araberako epe motzenera jokatzen ohitutakoak ere. Jokaleku horretan dihardute han zein hemen, Gorteetan zein Legebiltzarrean; eta oso egoera ezberdinetan, temati esparru biak nahasten saiatzen denik badagoen arren.

Espainia ezohikoan murgilduta dago, Katalunian Konstituzioaren 155. artikulua indarrean jarri zenetik. Hain nortasun nazional sakoneko erkidegoko gobernua erbestean edo kartzelan dago; eta erakundeak, esku hartuta. Horrek, jakina, alderdi politikoen arteko harremanak guztiz baldintzatzen ditu, onerako zein txarrerako. Rajoy eta Sánchez-en artekoak, adibidez, hobera jo du dezente, Kataluniari begirakoan bat etorri direnez gero. Eta justu aurkakoa gertatzen zaio lehenari EAJrekin, urriaren lehenetik etorri direnek aldeen arteko giroa etengabe gaiztotu besterik egin ez dutelako.

Jeltzaleak erabakigarri dira Kongresuan, aurreko aurrekontuen onarpen prozesuan nabarmendu zenez. Emandako babesaren truke ahalik eta etekin emankorrena lortu zuten orduan, onura zerrenda luzekoa. Ausardiaz eta aukera baliatzeko ahalmenez ekin zioten, Gasteizko oposiziokoen kritikak funtsik gabe uzteraino. Aritmetika ez da aldatu eta Rajoyk berriz eskatu die babesa Aitor Esteban buru duten bost diputatuei. Eta ikuspegi norberekoitik honakoa ere probetxuzkoa izan zitekeen arren, jeltzaleek testuinguru orokorrari erreparatu diote bete-betean, Kataluniako egoerak bere horretan dirauen artean Estatuaren aurrekontuak babesteko aukera orori ezezkoa emanda. Ez da harritzekoa, gainera. Erabaki eskubidearen ingurukoa muineko auzia delako jeltzaleentzat.

Katalunia

Buruzagi politiko kataluniarrei elkartasuna adierazteaz gain, lurralde egiturari dagozkionetan nagusitzen ari diren hainbat joerari aurre egiteko modua ere bada jeltzaleen jarrera. Eta horien bultzadan ardura nagusia duenari hain pisuzkoa den babesik ez ematekoa. Alde horretatik, eskuzabala eta goi mailakoa da hartu duten erabakia, egoera politikoa bere osotasunean aintzat hartu eta koherentziaz jokatzekoa. Kataluniakoa albait arinen bideratu behar delako, hangoari ezin zaiolako epaitegien bidezko erantzunik eman, nazio izaerako erkidegoen autogobernuan sakontzeko eskaerak ezin direlako besterik gabe baztertu. Espainiako gobernuak ez du biderik zabaldu nahi Estatuaren lurralde egitura eguneratzeko, eta mugak pilatzen ari da benetako elkarrizketa bati ekin beharrean. Sozialistekin hitzartutako Konstituzioaren erreforma ere ezerezean utzi nahi du, arazoak berez konponduko direlakoan edo. Eta egoera horretan oso zaila da Rajoyri inolako konfidantza politikorik erakustea. Areago, bere jarduna luzatzeko giltzetakoa diren aurrekontuetan.

Oso bestelakoa da Eusko Legebiltzarrean jazotzen dena. EAJ Jaurlaritzaren buru da, eta berari dagokio kontuak onartzeko beharrezko diren kanpoko botu apurrak biltzea. Oposizioaren jokabidea banaka aztertuta, ezinezko ematen du horretarako EH Bildurengana hurbiltzea, bestelako eragileek baldintzatzen dutelako eta aliantza aldaketa aldarrikatzen duelako. Ezker abertzaleak frustrazioz bizi du egungo egoera, ETAren osteko sasoian ez duelako benetako alternatiba politikoa izatea lortu eta, oraingoan, Kataluniakoa bertoratzeko egindako ahaleginetan ezinean geratu delako. Estatusa berritzeko prozesuan eragile garrantzitsua izango da, ganberako bigarren indarra denez gero, baina ez du ez bokaziorik ez asmorik kudeaketa ekonomikoan parte hartzeko. Dena baldintzatzen du agendaz kanpoko bestelako kontuetara, egoeraren jakitun izanda nahiago duelako keinu hutsetan geratu, bere ibilbidean zehar beste askotan egin duen legez. Podemos-en jarrera praktikoagoa da, baina euskal aurrekontuei baiezkoa emateak auzitan jarriko lituzke bere dogmetako asko, eta oso zaila dirudi txikiagotzen dabilenean horrelako arriskuak har ditzala.

Agertarazi gura

Ondorioz, Alderdi Popularra baino ez da geratzen. Honakoan, bere bozek ez dute eraginik Estatu mailako arazoetan, hemengo aurrekontuen onarpen soilean baizik. Nabarmena da popularrak etengabe dabiltzala Euskadin euren burua edonola agertarazi guran. Ahul daude, duela urtebete pasatxoko hauteskunde autonomikoetako porrotaren ostean, eta tresna baliagarri direla erakutsi nahi dute. Egonkortasunaren bermatzaile legez agertuta galdutakoa berreskuratzeko saiakera horrek aurreko aurrekontuak babestera bultzatu zituen, eta baliteke oraingoan antzekoa gertatzea. Eta, hala bada, Eusko Jaurlaritzari aukera baliatzea dagokio. Krisi ekonomikoaren arrastoak behingoan desagertarazteko urteotan, aurrekontuak zeharo direlako garrantzitsuak, eta edozein buruzagik ahaleginak eta bi egin behar dituelako horiek onartze aldera.

Alde horretatik, jakina da Eusko Legebiltzarrean dauden oposizioko alderdien artetik PP dela urrats hori kontuak gutxien baldintzatuta egin dezakeena. Aurrekoan eragin txikikoak izan ziren bere baldintzak, eta ildo horretatik badago ordukoa errepikatzerik. Negoziazio horrek eta ondorengo balizko akordioak Jaurlaritza bera indartzen dute, ez beste inor. Ondorioz, ez dago inolako eragozpenik horretan saiatzeko. Madrilen irmo eustea, Kataluniari eta Estatuaren lurralde egiturari begirako irtenbideen alde ekitea eta bertoko aurrekontuak gutxien eska dezakeenaren eskutik onartzea guztiz bateragarri dira.

Politika ezin da lerroburuetara mugatu, ez edukirik gabeko aldarrikapenetara. Mamiz osatu behar da horko jarduna, herrigintzaren onerako eragingo duten erabakiz. Eta bertoko autogobernuaren eta besteenaren alde sendo ekitetik, eguneroko kudeaketa funtsezkoa da gizarte baten ongizaterako ezinbestekoak direnetarako. EAJk inork baino hobeto daki hori, egungo euskal erakundeak berak jarri dituelako abian eta hamarkadatan frogatutako eraginkortasunaren araberako babesa jaso duelako herritarren aldetik.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos