http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kirolaren, ongizatearen eta turismoaren inguruko negozio-aukerak landuko ditu Taldekak

Getxok eskaintzen duen programa honetan parte hartzen dutenek Aldundiak ematen dituen autoenplegurako laguntzak eskatu ahal izango dituzte

ELCORREO.COM

Turismoaren, kirolaren eta ongizatearen arloko industrien eta teknologien inguruan ekintzetzan aritzeko interesa dutenei zuzendutako Taldeka Ekintzailetza Programaren beste deialdi bat jarri du martxan DEMA Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziak, Getxoko Udaleko Ekonomia Sustatzeko Arloaren laguntzarekin. Programa hori Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Arloak eta DEMAk berak bultzatzen dute.

Urriaren 27ra bitartean, interesdunek deialdi honetan izena emateko aukera izango dute. Esan bezala, deialdi hori batez ere (baina ez bakarrik) turismoaren, kirolaren eta ongizatearen arloko industrien eta teknologien inguruan ekintzailetzan aritzeko interesa dutenei zuzenduta dago. Hain zuzen ere, Getxoko udalerriak arlo estrategiko horien aldeko apustua egin du. Programa honetan parte hartzen dutenek Aldundiak ematen dituen autoenplegurako laguntzak eskatu ahal izango dituzte.

Ekonomia Sustatzeko Arloko zinegotziak, Ignacio Uriartek, zera gogorarazi du: «Ekintzailetza funtsezkoa da udalerrien garapen ekonomikorako. Getxoko Udalaren helburuetako bat gure udalerrian estrategikotzat jotzen diren alorretan ekimen ekonomikoak garatzea eta dinamizatzea da: Kultur eta Sormen Industriak, Kirolaren nahiz Ongizatearen Teknologiak eta Industriak, eta Kulturaren nahiz Ongizatearen Turismoa. Getxon, baliabide eta azpiegitura nahikoa daukagu sektore horietan jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko; talentua daukagu —ondo prestatutako gazteak, profesionalak, esperientzia zabaleko pertsona nagusiak…— eta programa berritzaileak profesionalizatzeko lanean dihargu. Taldeka programa Getxoren estrategiarekin bat dator erabat; izan ere, mikroenpresen, autonomoen, ekintzaileen eta enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzeko proiektu bat duen edozeinen alde egiten dugu. Udalerri bideratzaile baten aldeko apustua egiten dugu, hartara, elkarlana, laguntza eta sinergiak sustatuz enpresa-garapena lortzeko».

Hogeita bost pertsona

Azaroaren erdialdetik aurrera, gehienez ere hogeita bost pertsonek (Getxokoek lehentasuna izango dute) hartuko dute parte programa honetan. Programa hori kolektibo desberdinek bizi duten langabezia-egoerari irtenbide berritzaile bat emateko sortu da, modu horretan, lankidetza-formula aberasgarrien bitartez autoenplegurako bidea sustatzeko. Horretarako, parte hartzaileek prestakuntza eta laguntza jasoko dute, negozio-ideien sorrera bultzatzeko.

Taldeka Ekintzailetza Programa hiru fasetan garatuko da. Lehenengoak bi hilabete iraungo du; bertan, coaching eta mentoring tekniken bitartez parte hartzaileen profil ekintzailea sendotzeko prozesu bat egingo da. Hurrengo bi hilabeteetan, parte hartzaileek negozio-plan bat garatuko dute DEMAren eta Getxolanen laguntzarekin. Azkenik, hirugarren fasean, negozio-plana martxan jarri eta berau kudeatzeko laguntza teknikoa jasoko dute, hamabi hilabetez.

Deialdi honetan parte hartzeko interesa dutenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

- Bizkaiko Itsasadarraren Eskuinaldeko edo Uribe Kosta eskualdeko udalerrietako batean bizi eta bertan erroldatuta egotea (Getxoztarrek lehentasuna izango dute)

- Langabezian edo enplegua hobetzeko prozesuan egotea

- Lanbiden izena ematea.

Informazio-saioa

Ekimen berri honen gaineko informazio gehiago emate aldera, Ekonomia Sustatzeko Arloak eta DEMAk informazio-saio bat antolatu dute. Saio hori urriaren 23an, astelehenean, egingo da Getxolanen bulegoetan (GetxoElkartegia, Areeta). Etorri ahal izateko, nahitaezkoa da aldez aurretik izena ematea.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos