http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kevin Follet estatubatuarrak 160.000 kilometro egin ditu korrika

Kevin Follet-ek bere helburua lortu zuen bere emaztearen laguntzarekin./Efe
Kevin Follet-ek bere helburua lortu zuen bere emaztearen laguntzarekin. / Efe

Azken 35 urteetan bere lasterketa guztien datuak gorde ditu, eta orain liburu bat argitaratu du, non bere esperientzia kontatzen duen

JAN ECHEVARRÍA

Berrogeita hamasei urte ditu, irakasle ohia da eta 1973tik munduari lau buelta eman dizkio korrika egiten. Coloradon bizi den Kevin Follet-ek 160.000 kilometro ibili ditu azken 35 urteetan, eguneroko obligazio bilakatu den jarduerari esker. Izan ere, berarentzat «bizitza maratoia da» eta horri aurre egiteko «irmotasuna eta neurritasuna» errespetatu behar dira.

Bere kasuan, gainera, zorroztasuna oso garrantzitsua izan da helburu hori lortu eta erregistratzeko orduan, bere lasterketa guztien zehaztasunak gorde egin baititu. Hau da, bete egin dituen distantziak, ibilbide horietan mantendu dituen abiadurak, norekin ibili den korrikan, zein animalia ikusi dituen eta zer nolako oinetakoak edota arropak jantzi dituen irteera bakoitzean jakin badaki Forrest Gump-en istorioa berriro gure burura ekarri duen gizonak.

«Niretzako korrika egitea ariketa fisiko hutsa baino gehiago izan da. Azken lau hamarkadetan ia egunero gauzatu dudan esperientzia espirituala izan dela esan dezaket, eta horri esker Jainkoarekin bakarka egon naiz behin baino gehiagotan», dio Folletek.

Bere aitaren ideia

Kirolarekiko grina nola piztu zitzaion galdetzen diotenean, argi dauka: «1972an Municheko Joko Olinpikoak ikusi nituen eta harrituta geratu nintzen Frank Shorterek maratoia irabazi zuela ikustean. Proba horretan estatubatuar batek urrezko domina eskuratu zuen lehenengo aldia izan zen, eta niretzat izugarrizko inspirazioa izan zela onartu behar dut».

Follet, bere familiarekin.
Follet, bere familiarekin. / Efe

Gauzak horrela, eta saskibaloia edota beste kirol batzuk egiteko oso txikia zela ikusita, korrika egiten hasi zen. «Denbora laburrean adikzio bilakatu zen, eta nire bizitzan gertatzen diren gauza guztien erregistroa eramaten dudanez (obsesiboa naiz), honekin ere gauza bera egin nuen».

Egunero egiten zituen kilometro guztiak apuntatzearen ideia aitak eman zion. Hamabost urte zituen momentu horretan eta lau urte beranduago, 1981ean, jada 16.000 kilometro bete zituela ikusi zuenean, erronka berria ezarri egin zion bere buruari: 160.000 kilometroko distantzia betetzea, hain zuzen ere. 2017ko abenduaren 23an, distantzia hori betetzeko azken kilometroak ibili zituen. Urte horietan guztietan egindako argazkiak eta bere istorioa frogatzen duen erregistroak aurten publikatu duen 'Autobiografía, la meta de correr 160.000 kilómetros' dokumentatzeko balio izan du. Liburuak dioenaren arabera, Folletek Estatu Batuetako 50 estatuetatik egin zuen korrika eta 22 herritan ibili da bere familia eta lanbidea alde batera utzi gabe.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos