http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Kandelen gauak' Gasteizko Hirigune Historikoa argiztatuko du berriro, datorren ostiralean

Erdi Aroko Hiriguneko Denden eta Zerbitzuen Federazioak, Gasteizko Udalak, Vital Fundazioak eta Santa Maria Katedrala Fundazioak kultur eskaintza zabal antolatu dute, tartean musika, antzerkia eta ardo beroa izango direlarik

IERA AGOTE

‘Kandelen gaua’, gabon inguruko ekimenik tradizionaletakoa da Gasteizko Hirigune Historikoan, izan ere, aurten adin-nagusitasunera iritsiko da. Urtero bezala, milaka kandelek hiriko kale antzinakoenak argiztatuko dituzte Gabon gauaren aurreko ostiralean, jende orori zuzenduriko kultur programazio benetan bete baten testuinguruan.

Gasteiz Onen kide den Erdi Aroko Hiriguneko Denden eta Zerbitzuen Federazioak antolatuko du aurten urteko gau berezienetako baten hamazortzigarren edizioa. Hiriko zenbait kolektibok argiztatuko dituzte milaka kandelekin kaleak, esaterako hauek: Down Araba Isabel Orbe elkartea, Vicente Ferrer Fundazioa, Radix;2 kirol eta kultur elkartea, BEZALA-Conciencia animal, Escor Gaztedi Rugby Taldea, Alde Zaharra Bizirik Goian eta Zoroak Blusa eta Neska Taldea. Horrez gain, zenbait kultur-ekintza eta -emanaldi izango dira abenduaren 22ko gauean.

“Kandelen gaua tokiko dendariek herritar zein bisitarientzat antolaturiko ekimena da, eta bertan parte hartzen du –ezin bestela izan– Gasteizko Udalak, hiriko inguru esanguratsu eta berezi bat sozialki, komertzialki eta kulturalki dinamizatzeko ekimen garrantzitsu bat sostengatuz. Era honetako ekimenak funtsezkoak dira agintaldia hasi zenetik sustatzen ari garen Merkataritza eta Ostalaritza Plan Estrategikoan”, gogoratu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak, zeinak ekimena aurkeztu duen Erdi Aroko Hiriguneko Denden eta Zerbitzuen Federazioaren presidentearekin, Javier Mendoza, eta Vital Fundazioko zuzendariarekin, Josune Albizu, batera.

Programazioa 17:45ean hasiko da, Santo Domingo plazan egingo den haur-diskoteka saio batekin, ‘DJ Kaktus y su flow’ arituko delarik ekimenaren gidari. 19:00etan Deabru Beltzak konpainiaren ikuskizun ibiltaria abiatuko da Doña Otxanda dorretik, eta kalejiran ibili ostean, 20:00etan amaituko du Aihotz plazan. Gainera, une horretan ardo beroa zerbitzatuko da. 20.30ean zenbait abesbatzek musikaz jantziko dituzte Hirigune Historikoko txokoak.

Bestalde, Gasteizko Udaleko Turismo zerbitzuak ere zenbait jarduera programatu ditu egun horretarako. 18:30ean bisita gidatua egingo da El silencio de la ciudad blanca nobelako gertalekuetan barrena; parte hartzeko 945 161 598 telefono-zenbakira deitu beharko da nahitaez. Gainera, Goiuri jauregian bisita gidatuak izango dira ordu erdiro, 20:00etan hasi eta 22:00ak arte.

Santa Maria katedralak ere bat egingo du ekimenarekin. Muinoaren tontorreko elizan gabon-abestien kontzertua hartuko du, 19:30ean hasita, Badaia, Dultzinea eta Mairu abesbatzen eskutik. Halaber, Santa Maria Katedrala Fundazioak gau-bisitaldiak eskainiko ditu 21:00etan eta 21:15ean. Jarduera horretan parte hartzeko izena eman behar da aurretiaz, dela 945 255 135 telefonora deituta, dela www.catedralvitoria.eus helbidera idatzita.

Erdi Aroko Hiriguneko Denden eta Zerbitzuen Federazioa hiriko merkataritzaren alorreko elkarte nagusi den Gasteiz Onen kidea da; gaur egun 600 establezimendu kide baino gehiago daude bertan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos