http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kale-merkatu berria ospatuko da Barakaldon, hilabete bakoitzeko bigarren igandean

Lehenengoa, martxoaren 11-n ospatuko dela adierazi dute arduradunek

ELCORREO.COM

'Barakaldo Irekiz' ekimenak Portu eta Pormetxeta kaleak dinamizatuko ditu kale-merkatu baten bitartez. Herriko artisauek eta saltokiek aisiarekin bat egiteko diziplina anitzeko merkatu hori hilabete bakoitzeko bigarren igandean garatuko da, eta, lehenengoa, martxoaren 11-n ospatuko dela adierazi dute arduradunek.

Orain arte Portu kalean merkataritza lokalak berreskuratzeko eta, aspaldi, Barakaldoko kale nagusietako bat izan zena dinamizatzeko egin den lanaren jarraipena da 'Barakaldo Irekiz' ekimena. «Aipatu behar da lan horretan aurrerapauso bat eman nahi izan dugunez, programazioak Portu kalea osorik eta Pormetxeta plaza hartzen dituela barne, hau da, dinamizatzeko konpromesua hartu genuen espazioa», azaldu du Inguraldeko buruak, Danel Solak.

Gauzak horrela, datorren igandean, Portu kalea herriko artisauek, merkatariek eta arteak barakaldarrei aparteko esperientzia eskainiko dien kale-merkatu bilakatuko da. «Aire zabaleko topagunea izango da, zeinetan dozenaka erakusketari, musika zuzenean, magia, dantza, antzerkia, ostalaritza, haur animazioa... izango ditugun. Azken batean, hilabetearen bigarren iganderako plan egokia prestatzea da asmoa, bertan, familiek, gazteek eta adinekoek ere aisialdirako aukera bat izan dezaten, Portu kalea eta herriko merkataritza ezagutzen duten bitartean», azaldu du Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-mendekotasunaren Prebentzio Arloko zinegotziak, Nerea Canterok.

Musika eta umeentzako tailerrak

Ekimena Pormetxeta plazaraino iritsiko da, non musika zuzenean eskainiko den. «Gobernu talde honen konpromesuetako bat Pormetxeta plaza berreskuratzea eta dinamizatzea izan da, eta horregatik, Merkataritza Dinamizatzeko Planean merkatariek proposatutako merkataritza ardatza sortzeko aukera ona izango litzatekeela pentsatu dugu», zehaztu du Solak.

Pormetxeta Plazan ikusgai izango dira 'Knock Knock Jokes' eta 'Meibi y Vietnamitas Blancos' herriko musika taldeak. Umeentzako jarduerak eta zenbait tailer ere programatuko dira, jende guztiak bere lekua izan dezan ekimenean. Besteak beste, globoflexia tailerrak egingo dira, aurpegiak margotzeko aukera egongo da eta puzgarri bat ere izango da. «Jardueren dinamizatzaileak haurrekin eta gazteekin diharduten Barakaldoko bi elkarte izango dira, Ainara eta Atarrabi, 'Barakaldo irekiz' ekimenarekin bat egin nahi izan baitute», zehaztu du Kulturako zinegotziak.

Elkarte horiekin batera, Arimaktore (Barakaldoko arte eszenikoen elkartea), Escuela Wild Dance Project eta Valen magoa ere izango ditugu 'Barakaldo Irekiz' ekimenean.

Merkataritza eta animazioaz gain, 'Barakaldo Irekiz' ekimenak inguruko ostalaritza ezagutzeko eta gozatzeko aukera ere eskainiko du. Horretarako, pintxo potea antolatu da Portu kaleko eta inguruko ostalaritza-lokaletan, eta gune bat ere jarriko da Pormetxeta plazan geldialditxo bat egin eta deskantsatu ahal izateko.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos