Kale itsua
Harizpetik ·
Joseba Arruti
Lunes, 25 de diciembre 2017, 09:03
Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Harizpetik ·
Joseba Arruti
Lunes, 25 de diciembre 2017, 09:03
Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.
Compartir
Kataluniako hauteskundeek 2015eko irailekoen argazki soziala berretsi dute orohar, baina partehartze handiagoarekin. Bertako gizartearen borondatearen isla argia dira, beraz; eta emaitza horiek konponbiderako tresna bihurtu behar dituzte orain arduradun politikoek.
Lehenengo, abenduaren 21eko zenbaki hotzak: partehartzea historikoa izan zen, sekulakoa, %81,94koa (duela bi urte, %74,95). Ciutadans gailendu zen, 1.102.099 boto eta 37 parlamentarirekin (aurreko autonomikoetan, 736.364 eta 25). Jarraian, JuntsxCAT eta ERC, hurrenez hurren; 2015ean JxSí osatu zutenak. Elkarrekin, 1.628.714 boz eta 62 ordezkari jaso zituzten; eta banaka, 940.602 eta 34 lehenek, eta 929.407 eta 32 bigarrenek. Orotara, oraingoan, 1.870.009 eta 66. Ostean geratu ziren PSC, 602.969 eta 17rekin (523.283 eta 16, lehen); CatComú-Podem, 323.695 eta 8rekin (367.613 eta 11); CUP, 193.352 eta 4rekin (337.794 eta 10); eta, azkenik, PP, 184.108 eta 3rekin (349.193 eta 11). Datuok aski ezagunak dira jada baina, horien irakurketa zuzen eta ahalik eta zehatzena egitekotan, garrantzitsua da elkarren segidan jarri eta gogoratzea, ordezkari politikoek aparteko abilezia baitute azken kontaketari oso arrotz zaizkion balorazioak egin eta gizarteratzeko.
Kataluniako gobernuan esku hartu ostean Mariano Rajoyk deitutako hauteskundeok ez dute sakoneko ezer aldatu, independentziaren aldekoek gehiengo osoari eutsiko baitiote Parlament-ean eta blokeen arteko portzentaietan ez dagoelako bestelako gorabeherarik. Ezer zehaztekotan, horietako bakoitzaren baitakoak argitu ditu. PDeCAT eta ERCren arteko lehian, esaterako, Puigdemont presidentearen zerrenda gailendu zaio Junqueras-enari, duela aste gutxi inkestek azken honen garaipena segurutzat jotzen zuten arren.
Sekulako lana egin dute erbestean dagoen buruzagiaren jarraitzaileek, karguaren sinbolismoak eta gobernuburuaren muturreko egoerak elikatuta. Primeran jakin dute hori baliatzen, euren erakunde nazionalen aldeko deien eraginkortasunari esker. Esquerrak, aldiz, garesti ordaindu ditu bere hautagai nagusia preso egotea eta horren ordezko legez aritu denaren hankasartzeak eta inolako karisma eza. Hala, azken legealdiko momentu gogor ugarien ostean, prozesuaren katalizatzaile eta ardatz izan direnak C’s-PSC-PPri argi gailendu zaizkie beste behin: 66-57. Aurrerantzean, gainera, ez zaie ezinbestekoa CUPen babes aktiboa, 57 horiei CatComú-Podem-en 8ak gehituta ere, orotara 65 direlako. Prozesuaren abangoardian kokatu nahi izan duten antisistemek, Artur Mas bazter utzi eta bultzaka zurrun aritu direnek, porrot egin dute nabarmen, eta eragiteko euren ahalmena askoz txikiagoa izango da aurrerantzean. Onerako, oso ziur.
Bloke konstituzionalista edo unionista deitutakoan, aldiz, Inés Arrimadas-en hautagaitza izan da alde handiz sostengu zabalena lortu duena, hor kokatzen diren kataluniar hautesle gehienen ikusmoldearen seinale gisa. Gizartea josteko sozialistek egin dituzten deiak, aldiz, 155. artikulua indarrean jartzeari eman dioten babesak baldintzatu ditu. Ia ezertan zehatza ez denak nekez lor ditzake benetako jauziak, egoera politikoa hain tentsio handikoa denean hanka biak alde batean jarri eta aldi berean erdibidean dagoen itxura ematea ezinezkoa delako. Alderdi Popularrak, ostera, beti Madrilera begira egotea ordaindu du, eta luzaroan kataluniarren gehiengoari aldioro ezezkoa ematea.
Kataluniako auzia nekearen nekez bideratuko da, agian. Alde bien indarra aski ondo neurtua dagoelako, behin eta berriz eta herritarren partehartze handiarekin. Eta ez bakarrik horregatik. Baita euren egitasmoak jada bururaino eraman dituztelako eta horrek ezer konpondu ez duelako ere. Ez zaie errekamaran ezer geratzen. Independentistek Errepublika aldarrikatu zuten, eta ezin izan dute gorpuztu, gehiengo sozial zabal eta zeharkako nahikorik ezean. Eta beste aldekoek Konstituzioaren 155. artikuluaren bidezko esku hartzea bultzatu eta gauzatu zuten; hauteskundeotan argi geratu den legez, porrot egin eta legitimitate nahikorik ez lortzeko. Egoera horretan, beraz, hitz egitea da irtenbide bakarra, berdinketa infinituak hainbat frustrazioren osteko asperraldia eragin baino lehen, etengabeko tirabirari euts diezakiokeen gizarterik ez dagoelako.
Alderdi soberanistak erabaki eskubidearen defentsa lehenestetik saia daitezke granitikoak ematen duten blokeetan zirrikituak sortzen. Independentziarena baino babes askoz handiagokoa delako galdeketa itunduaren eskaera Katalunian, eta zeharkakoagoa. Hala, eztabaida politikoa independentziaren ingurukoa soilik denean sozialistak eta Colau-Iglesias buru dituztenak eroso sentitzen dira ezezkoan, baina ardatza erabaki eskubidea bada zatituago eta lekuz kanpoago ari dira.
JuntsxCAT eta ERCren beste aukera Parlament-ean duten gehiengo zabaletik aldebakartasunari uko egin eta Rajoyren gobernuarekin negoziatzen ahalegintzea da, Estatuaren lurralde egituran landu beharreko aldaketen testuinguruan Kataluniako autogobernua berregin eta preso edo erbestean daudenei irtenbideren bat eskaintzeko. Honek, jakina, aldarrikatu berri duten Errepublikari oraingoz uko egitea lekarke, praktikan jazo dena aitortuta. Izan ere, independentzia onartu eta hilabete gutxira berriz erkidego autonomo bateko ganbera modura osatuko da osteguneko hauteskundeen ostekoa, halako kutsu surrealista eta guzti.
Mariano Rajoy orain arte elkarrizketarako eta akordioetarako arazo nagusietakoa izan da, baina badu aurrerantzean onerako eragile izaterik. Estatut berriaren aurka oldarkor ekin zionetik honakoek guztiz bestelakoa adieraz dezaketen arren, gaur gaurkoz PPren baitan Gobernuko presidentea da alde bien arteko nolabaiteko hurbilketa prozesu baterako aukera bakarretakoa, bere alderdian alternatiba izan dakizkiokeen guztiak bera baino are gor eta itsuagoak direlako. Ciudadanos, aldiz, muturreko uniformetasunaren aldekoa da eta autogobernu eredua bera jartzen du ezbaian. PPri, hain emaitza negargarrien ondoren, Kataluniako gizarteari begira eragile baliagarri gisa agertzea komeni zaio, bere ohiko ikuspegiari uko egin gabe hitz egin eta negoziatzen saiatzea, nolabaiteko lidergoa berreskuratzea, beharbada Pedro Sánchez-en konplizitatea bilatuta. Bestela, ikuspegi demokratikotik Kataluniako auzia kale itsuan dago, bata besteari gailendu ezin zaizkion bi alderen etengabeko talkarenean. Eta hori gainditzeko, osteguneko emaitzak tresna eta aukera izan behar dira, ez elkarri jaurtitzeko munizio.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
El juzgado perdona una deuda de 2,6 millones a un empresario con 10 hijos
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.