http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Kakofoniak

Uda heldu bezain pronto, musika festibalak loratzen dira. Askok, urtean zehar itxaroten dute euren talderik maitatuenak entzuteko. Eta ikusi dugunez, errealitateak ez die estropezurik egingo

Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Uda heldu bezain pronto, musika festibalak -hitzarmen gozagarri horiek- loratzen dira. Askok, urtean zehar itxaroten dute euren talderik maitatuenak entzuteko. Eta ikusi dugunez, errealitateak ez die estropezurik egingo. Ondo pasatzera joango dira eta ondo pasatuko dute. Aurreko astean Mad Cool festibala izan zen Madrilen. Ostiralean, Foo Fighters taldeak, Quique Gonzálezek eta tanta hotzak dena eman zuten. Larunbatean, jai-giroa okertu zen. Bat-batean, zoritxarrak lekua hartu zuen. Pedro Aunion hil zen, bere lana egiten ari zela. Jakinaren gainean gaude denok. Jende asko gertatu bazen ere hura ikusteko moduan, ez zen ondoriorik egon. Ikuskizunak aurrera jarraitu zuen. Hurrengo egunean, antolakuntzak azaldu zuen, segurtasun arrazoiak izan zirela eta, ez zuela festibala bertan behera utzi; Green Day taldeak adierazi zuen ez zekiela ezer (nik sinesten dut, egia esan) eta zenbait ikuslek erreklamazioa orriak bete zituen: antolakuntza bihozgabea zenez, beraiek beren dirua nahi zutela bueltan. Erreklamazio horien oinarri morala ulergaitza egiten zait.

Polemika Twitter-en zabaldu zen, betiko legez. Algarak, oihuak eta hitz lodiak. Etika klaseak derrigorrezkoak izan behar direla aldarrikatu zuten askok. Gero, milio bat petsonak istripuaren bideoa begiratu zuten interneten. Dantzatu barik, hori bai. Sinfonia gorrotagarri bat osatu dugu, egia esan.

Ez dago lege eraginkorrik ezartzeko zeintzuk izan behar diren pultsioak norberaren bihotz barruan; ez dago etika-klaserik norberaren sentimenduetan sartzeko gai: gauza horiek barnean daramatzagu libre. Antolakuntzak ez zuen ezer esan, baina pertsona baten heriotza ikusi ondoren, ez genuke agindurik behar dantzatzeari uzteko. Edo amorruz beterik dantzan jarraitzeko. Tristurari ez dago obeditzerik. Gizakiok gizakiaren esentzia ezagutzen ez dugula dirudi, geure burua ondo ezagutzen ez dugulako, agian. Gauza bat tekleatzen dugu eta hurrengo egunean kontrakoa egin. Musikazaleak izan gaitezke gizakiok, baina kakofoniak osatzeko ere gaitasun harrigarria dugu.

Temas

Madrid

Fotos

Vídeos