http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Kaiola

Azken egunetan inoiz baino gehiago hitz egin da feminismoari buruz

Milaka emakume, atzo eguerdian Bilbon egindako martxan./Ignacio Pérez
Milaka emakume, atzo eguerdian Bilbon egindako martxan. / Ignacio Pérez
TXANI RODRÍGUEZ

Mary Beard eta Virginie Despentes. King Kong Teoria. Pikara Magazine. Andrea Momoito eta June Fernández. Luna Miguel. Josebe Iturrioz eta Itziar Ziga. Elvira Navarro eta Aloma Rodríguez. Barbijaputa eta Laura Freixas. Kattalin Miner eta Jule Goikoetxea. Irantzu Valera eta Louise Michel liburudenda. Me Too mugimendua. Me Too mugimenduaren kontra izan den mugimendua. Catherine Millet eta Catherine Denueve. Aitatasun baimena. Jennifer Lawrence eta Leticia Dolera. Greba. Grebaren kontra. Grebaren alde (komunista ez bazarete ere, badakizue). Polemikak, ika-mikak. Estrategia eta botere-egiturei buruz egin diren hausnarketak.

Inoiz baino gehiago hitz egin da feminismoari buruz. Sare sozialetan eta egunkarietan; taberna eta parkeetan. Hilabeteak daramatzagu gai honi begira. Goya Sarietan eta Golden Globes eta Oscar Sarietan. Merkatuetan eta liburutegietan. Eta lortu dugun espazio publiko hori mantendu behar dugu. Orain dela gutxi, gaur bertan, feminismoa mahai gainean egon da, baina gizartearen abiadurak kezkatzen nau. Atzo sumintzen gintuena bihar ahaztuko dugu. Eta berdintasuna lortzeko borroka ez da inondik inora egun bateko kontu bat. Orain dugun agerikotasunari eutsi behar diogu, bai eta neurri zehatzak lortu ere. Feminismoa ezin da baztertu, baina, nik uste, askok baztertu nahi dute. Adibidez, susmoa dut Me Too mugimendua moda eta 'bihotz' aldizkarietara mugatzen ari dela geroz eta gehiago. Hain sakona den aldarrikapen baten azala ikusten dute bakarrik hori ikusi nahi dutenek. Baina miopia kontu bat baino ez da izango.

Hamaika arrazoi daude mobilizaziorako. 1919an Alfonsina Storni poetak hurrengo bertsoak idatzi zituen (Uxue Alberdik itzulita): «Gizon ttiki, gizon ttiki,/ Aska hire kanarioa, utziok hegan…/ Ni nauk kanarioa, gizon ttiki,/ utzidak salto egin dezadan./ Hire kaiolan egon ninduan, gizon ttiki,/ gizon ttiki, emanik niri kaiola./ Ttiki, zioat, ez bainauk ulertzen,/ eta ez ulertuko inola». Kaiola, dagoeneko, apurtu behar dugu; badira urteak gizartearen egiturak -limaz hautsi behar ditugun barrote horiek- aldatu nahian gabiltzala. Eta ordua da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos