http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Jose Luis de la Cuesta EHUko katedraduna, honoris causa doktore Perun

Huanuco Unibertsitateak Zigor Zuzenbideko katedraduna eta Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendariari eman dio titulu hori

ELCORREO.COM

Jose Luis de la Cuesta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zigor Zuzenbideko katedraduna eta Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendaria honoris causa doktore izendatu du Peruko Huanuco Unibertsitateak. Izendapen ekitaldia oraintsu izan da, Peruko unibertsitatearen egoitzan, eta aitabitxia Miguel Polaino Sevillako Unibertsitateko Zigor Zuzenbideko katedradun emeritua izan da, EHUk jakinarazi duenez.

De la Cuestak eskerrak eman zituen izendapenagatik, eta, lehenik eta behin, Perurekin dituen familia loturak aipatu zituen. Osaba zahar Timoteo Ibarluzeaz hitz egin zuen. 1930eko hamarkadan Peruko San Vicente de Paul probintziaren sortzaileetako bat izan zen.

Bestalde, ikasketa eta ikerketa prestakuntzan eta prestakuntza pertsonalean bereziki lagundu dioten «maisuak» aipatu zituen, besteak beste, Antonio Beristain Kriminologiaren Euskal Institutuko sortzailea, Reynald Ottenhof irakaslea edo Hans-Heinrich Jescheck Freiburgeko Max-Planck Institutuko zuzendaria. Jescheck Zigor Zuzenbideko Nazioarteko Elkarteko buru zen De la Cuesta irakaslea lehenengoz Alemaniara heldu zenean, 1980ko hamarkadaren hasieran.

Oroitzapenen ondoren, EHUko katedradunak diskurtsoaren bigarren zatiari heldu zion, espetxe arloari eskainia, zehazki, «printzipio sozializatzaileari». Bere esanetan, «birsozializazioarekin benetan konprometituta dagoen espetxe araubidea izango da espetxeratuek gizarte sistemetan parte hartzeko dituzten aukerak zabaltzen lagunduko duena, portaera kriminalari alternatibak emanez».

«Kartzela hilerrien antipodetan, gizalegez eta presoaren duintasunarekin errespetuz antolatu beharko da, ahalegina biderkatuz, ahalik eta gehien saihesteko kartzelarekin lotutako desozializazioa. Horretarako, kanpokoarekiko komunikazioa sustatu behar da, eta presoa bizitza askean egoki sartzeko bide eman», azaldu zuen.

Zigor zuzenbidea eta kriminologia

Jose Luis de la Cuesta Zigor Zuzenbideko Nazioarteko Elkarteko ohorezko presidentea, Jakiunde erakundeko kide hautetsia eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko zenbaki kidea da. Max-Plank Institutuko Nazioarteko Zigor Zuzenbideko eta Konparatuko Nazioarteko Batzorde Zientifiko Aholkuemaileko kidea (Freiburg, Alemania) eta Instituto Superiore Internazionale di Scienze Criminaliko (Siracusa, Italia) Administrazio Kontseiluko kidea ere bada.

Horrezaz gainera, Kriminologiaren Nazioarteko Sozietateko Zuzendaritza Kontseiluko eta terrorismoaren biktimek parte hartzeko Euskal Kontseiluko kidea da.

Jaso dituen sari eta aitorpenen artean, nabarmentzekoa da Gizarte eta Giza Zientzietako Ikerketaren inguruko Euskadi Saria (2009), eta Ias Iasi Unibertsitateak (Errumania) 2011n emandako honoris causa doktore izendapena.

Zigor zuzenbidea eta kriminologia dira EHUko irakaslearen ikerketa ildoak. Bakarka bi liburu eta taldean sei argitaratu ditu. Liburu kolektiboetan 112 ekarpen egin ditu, eta aldizkarietarako 93 artikulu idatzi ditu (nagusiki espainieraz, baina baita euskaraz, frantsesez, ingelesez, alemanez eta txineraz ere). Halaber, gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu diren sei testu libururen egilea da, eta beste 39 lan kolektiboren egileetako bat.

Fotos

Vídeos