http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Jomuga bila

JOSEBA ARRUTI

Beldurra eta gorrotoa elkar hartuta doaz askoren jokabideetan. Urrun gura den hurkoari norbanakotasuna ukatzen zaio gorrotoa aise bideratu eta inon nahi ez izateraino. Dinamika horren aldaerek hainbat munstro sortu dituzte, baita berton ere. Errealitatea norberenetik baino ulertu nahi ez izateko gabezia hain da oinarrizkoa bizikidetza bera jar dezakeela kolokan. Izan ere, gizarte aurreratuetan helburua aurkakoa da, aniztasuna eta era guztietako elkar trukea ondare gisa hartuta berori egoki kudeatzea. Bestea ezagutzeak eremu partekatuak ahalbidetzen dituelako, alde biak aberastuta.

Badira, baina, euren zilborrari baino begiratzen ez diotenak, iragan iluneko foko politikoa nolabait berreskuratzeko helduleku bila dabiltzanak, maila askotako muga zaleak. Giroa zeharo gaiztotzeko luzaroan ikasitakoa baliatuta, halakoan puntako garraiobideen aurka jo eta bestelakoan turistei oldartzen zaizkienak. Kanpokoa hantxe nahi dutenak, antza denez.

Haatik, Bizkaikoa eta, orohar, Euskal Herrikoa gizarte zabala da. Eman eta jasotzeko beste nortasun baduena. Eta horrek bereziki erakargarri egiten du, indarkeria itsuenaren osteko azken urteotako turismoaren gorakadak erakusten duen legez. Hemengoa gertutik ezagutzeko gogoa dago, bereizten gaituzten horietaz noizean behin gozatzekoa. Eta gehien-gehienen abegikortasuna eskertuta alde egiten dute datozenek, herri txiki handia delako honakoa, ondo errotutakoari dagokion sendotasunezkoa.

Bitartekoek mezuak baldintzatzen dituzte, eta horien edukiaren araberakoak izan ohi dira sarritan. Hala jazotzen da turismoaren aurka azkenaldion piztutako kanpaina nihilistarekin ere. Eredu aldaketaren inguruko balizko hausnarketa ei da eskatzen dena, pintadaka eta erasoka. Beste edozer inposatu nahi izan den eran, beraz. Oporretan kanpora doazenero jaso nahi ez luketena eskainiaz. Soseguzko elkarrizketa ukatu eta eurena ez den guztia zapalduaz.

Munduan zehar ibili eta aldi berean gurea zabaltzeak asko irakasten du: norbere jarrera, iritzi eta jokamoldeak apaldu, neurtu, egokitu, jantzi eta aberasten, besteak beste. Horrek izutzen ditu batzuk, antza. Baina alperrik dabiltza, beste hainbatetan bezala.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos