http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Joera soilak

Harizpetik

CISen udako Barometroaren emaitzek bost puntu potoloko igoera ematen diote PSOEri, PPrengandik 3,9ra bakarrik jartzeraino. Baina Pedro Sánchezen aukeraketa sarituko lukeen honek momentuko joera baino ez du islatzen; ez ezer zehatz, iraunkor eta atzeraezinekoa

JOSEBA ARRUTI

Funtsean zera dio CISek: Espainian bozak orain eginez gero PPk irabaziko lituzkeela %28,8rekin (apirilean erakunde berberak egindako neurketan baino %2,7 gutxiago), %24,9rekin bigarren PSOE izanda (+%5), Podemos hirugarren %20,3rekin (+%0,6) eta Ciudadanos laugarren %14,5ekin (-%0,4). Iazko ekainaren 26ko hauteskundeak aintzat hartuta, ostera, popularren galera 4,2 puntukoa litzateke. Alabaina, Estatu osora zabaltzen diren lau handienen arteko gainerakoek hobera egingo lukete: sozialistek 2,2 puntutan, Podemosek 0,2tan eta Riverarenek 1,4tan.

Honelakoetan esan ohi den legez, datu zehatzek baino joerek dute garrantzi gehien. Eta, honakoan, hauek ez dute errealitate politikoarekiko kontraesanik adierazten. Alderdi Popularraren zama nagusia ustelkeria da, eta ez du behar adina egiten berori arintzeko. Adierazpenetara mugatzen da, auzibidean dauden hainbat kasu argitzea etengabe oztopatzen duen artean. Manuel Moix ustelkeriaren aurkako fiskal buru ohiaren izendapena eta jokabidea izan da horren adibide argienetakoa. Ez dago benetako borondate politikorik erroraino jotzeko, beharbada alderdiaren gaur egungo buruzagitzako bat baino gehiago zipriztinduta ala blai eginda geratuko litzatekeelako. Ondorioz, ez dago iraganekoan sakontzeko asmorik, ariketa kosmetikoen bidez ahal den guztia estaltzea baita xedea. Eta hori hainbat eta hainbat herritarrek egunerokoan nabaritzen dute, PPren kalterako.

Rajoyren beraren lidergoa da arazo handienetakoa, CISek berriz erakusten duen legez. Hainbat kontu negatibori lotuegi dago, eta horiei atxikitako aingura modura eragiten du. Egoera politikoa ez da bere aldekoa. Gehiengo osorik gabe, beste zenbait eragile politikoren menpe, ezinean dabil behin eta berriz, ahul antzean. Eta ez du ilusiorik pizteko gaitasunik, kudeaketa arruntera mugatzetik harago joatekorik. Iaz erreforma sakonen alde agertu zen arren, ez du maila horretan ezer aurreratu; eta Kataluniari dagokionean ere egonean ari da, besterik gabe. Ez dio benetako arazoari heltzen nahiz eta ondo dakien zein den. Kataluniarren ia erdia independentziaren aldekoa da, baten batzuk Estatut berriaren aurrean PPk erakutsi zuen jokabide arduragabearen ondorioz ziurrenik. Badaki egungo lurralde egiturak hainbat aldaketa dituela ezinbesteko, baina nahiago du ez mugitzea, arazoa usteltzen uztea. Eta Kataluniako buruzagi politikoen aurkako oldarraldi judizialaren txinpartak gora-behera, arazoaren muina da bideratu beharrekoa.

PPk galtzen duena ez du bere osotasunean Ciudadanos-ek jasotzen. Riveraren alderdia saiatu da popularren alternatiba koherenteago eta garbiago bezala jarduten. Baina hasierako bultzada galdua du jada, ez delako gai izan zioena eta egin duena bateratzeko. PPren helduleku gisa ari da legealdi osoan zehar, trukean ezer gutxi lortuta, politikoki gutxietsita. Tartean sozialdemokraziatik liberalismora jo du, eta oinarrizkoenean ere besterik gabe aldatze horrek bere izaera gaseosoa islatzen du, nolabaiteko noraeza. Sozialistengandik gero eta urrunago —Andaluzian izan ezik, eta ez kasualitatez—, Ciudadanos PPren makulu izango da ahal duen guztietan, gero eta argiago. Iaz Riverak hamaikatxo aldiz esan zuen ez zuela Rajoy babestuko, ustelkeriaren aurkako ekinak bestelako buruzagiak behar zituela, eta oraindik bere hitzak dastatzen dabil. Zentru-eskumaren momentuan momentuko zenbait arazori erantzuteko zabaldu zen Ciudadanos Estatu osora, eta horiek bideratutakoan joango da indarra galtzen, oinarri sendorik gabekoa delako.

Egoera horretan, ezker ingurua ari da indartzen, PSOE batik bat. Duela urtebeteko hauteskunde orokorretan Pedro Sánchez buruzagi grisa zen, baroiek idazkaritza nagusian jarri eta horien interesen araberakoa. Baina geroztikoak guztiz aldatu du pertzepzio hori. Urriaren 1eko altxamenduak eta ostean aukeratutako batzorde kudeatzailearen jardunak bere alde egin dute, maiatzeko primarioetan militanteen zuzeneko bozek berriz lidergora bultzatu bitartean. Egitura osoaren aurka borrokatu eta garaipena lortu izanak bestelako distira eman dio buruzagi sozialistari. Gainera, bere ildoa argitu du. Ezkerraren erreferentetzat agertzen du orain bere burua, Rajoyren aurka bete-betean joanda. Horri guztiari esker gorakada nabarmena ematen dio CISek, Podemosen ‘sorpasso’aren arriskua ia behin betiko urruntzerainokoa. Lehia nagusia popularren eta sozialisten artean finkatzen du berriz, eta maila soziologikoan azken hauek indarberritu.

Baina horrek ez du esan nahi Sánchezek arazorik ez duenik. Barne batasunari eutsi behar dio, batik bat Andaluziako federazio erraldoiari begira, aldi berean esandakoak edukiz bete eta koherente agertzen den bitartean. Nazioaniztasuna zertan gauzatzen den azaltzea dagokio, berak aipatutakoan kontzeptu hutsal apaingarria izango ez bada. Eta, horrekin lotuta, Kataluniako auzia konpontzen saiatzeko zer proposatzen duen mahai gaineratu beharko du, borondate on antzekoari asmo zehatzak gehituta. Beste hainbat gairi dagokienean ariketa bera eskatuko zaio, batik bat eredu ekonomikoarekin zerikusia duten guztietan. Ezkerreko modura agertzea eta Sánchez buruzagi erresistentea izatea ontzat jo dute bozemaileetako askok, baina PSOEk dezente gehiago beharko du epe ertainean PP gailendu eta boteretik urruntzeko.

Lortzekotan, gainera, Podemosen eskutik izango da, %20aren inguruan bereari eusten diolako. Barne lehian Iglesiasek Errejón bazter uztea lortu arren, egungo Alderdi Sozialistari begira bigarrenaren eredua ari da praktikan nagusitzen, ‘realpolitik’arena. Gaztela-Mantxako gobernuan sartu eta aukera hori beste lekuren batzutan ere ez baztertzeak eta, orohar, hizkera eztiagoak hala adierazten dute. Venezuelakoak ez die mesederik egingo, baina proiektu sendoa dutela erakutsia dute jada.

Dena dago zabalik Espainiako politikagintzan, CISen arabera. Joerak ez daude atzeraezinezko izateko bezain sustraituta. Beraz, lehiakideek euren burua ondo kokatzeko duten gaitasunaren arabera joango da egoera norabidetzen. Legealdiak uste baino gehiago iraungo du, azkeneraino izan ez arren. Hala, iraupen-lasterketa izango da honakoa. Eta horretan, orain arte, Rajoy izan da abilena.

Fotos

Vídeos